EBk industriarako TTIP txiki bat negoziatu nahi du Washingtonekin

Frantziakoak ez beste gobernu guztiek onartu dute merkataritza itun berri bat negoziatzea AEBekin, nekazaritza kanpo lagata. Edozelan ere, Bruselak «lehenbailehen» hasi nahi du berbetan Trumpekin
Donald Trump AEBetako presidentea eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea, Hanburgon, 2017ko uztailean.
Donald Trump AEBetako presidentea eta Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko presidentea, Hanburgon, 2017ko uztailean. FELIPE TRUEBA / EFE

Jon Fernandez -

2019ko apirilak 16
Berlin-Paris ardatzari beste pitzadura bat gehitu zitzaion atzo Luxenburgon. Merkataritzaren desadostasuna batu zaio Brexit-aren irteeraren anabasa txukuntzeko Londresko parlamentuari eman beharreko luzapenaren inguruko desadostasunari —iraupen luzekoa nahi du Alemaniak gidatutako gehiengoak; ez, ordea, Emmanuel Macronek—.

Europako Batasuneko gobernuek, dukerrian bilduta, baimena eman diote Europako Batzordeari negoziazio bat has dezan «lehenbailehen» AEB Ameriketako Estatu Batuekin merkataritza libreko itun bat adosteko. Donald Trumpen Etxe Zuriak EBko industriako hainbat produkturi jarritako muga zergak ezabatzea da negoziazioaren helburua. Baina nobedadea ez da, horrenbeste, gerra komertzialaren ekaitz betean EBk Washingtonekin akordio bat negoziatu nahi izatea, baizik eta eskari horrekin ez datorrela bat batasuneko kiderik garrantzitsuenetako bat: Frantzia.

Nazioarteko merkataritzan interes ezberdinak dauzkate Alemaniak eta Frantziak, eta Parisko gobernuak horregatik bozkatu zuen atzo AEBekin negoziazioak hastearen kontra. Frantzia izan zen kontra egin zuen bakarra, eta Luxenburgoko Gobernua abstenitu egin zen. Edozelan ere, nahiz eta aho batez ez onartu, negoziazioen baimenak aurrera egin zuen, nahikoa zelako gehiengo kualifikatuarekin: 28 herrialdetatik 16ren babesarekin aski da, betiere EBko herritarren %65 ordezkatuz gero.

2018an asko tenkatu da soka EBren eta AEBen arteko harreman komertzialetan. Washingtonek muga zergak jarri zizkien EBko altzairuari eta aluminioari, eta pasa den astean Trumpek iragarri zuen EBri 9.700 milioi euroren muga zergak jarri nahi dizkiola, Airbusen laguntza publikoen harira.

Autogintzari ere muga zergak jartzearen mehatxuak estutu egin du Alemania, eta merkataritza itun berri bat negoziatzera bultzatu ditu Europako Batasuneko kideak. Baina Emmanuel Macronen gobernua ez dator bat Berlinen estrategiarekin, nekazaritzaren arriskua ikusten duelako.

Nekazaritza

Trump merkataritza libreko hitzarmenen kontrako buru bilakatu da 2017ko urtarrilean Etxe Zurira iritsi zenetik: hozkailuan laga zuen EBren eta AEBen arteko TTIP Merkataritza eta Inbertsio Lankidetza Transatlantikoa; desegin eta bere erara berregin du NAFTA Mexikorekin eta Kanadarekin; eta bertan behera utzi zuen TTP Lankidetza Trans Pazifikoa ere. Itun horien kontra dago, baina ez, oinarrian, nazioarteko merkataritza itunen aurka dagoelako, baizik eta ez direlako bere neurrira egindakoak.

TTIP hozkailuan laga zuen, besteak beste, hitzarmenak nekazaritza merkataritza asketik kanpo uzten zuelako.

Horra Macronen beldurra, orain EB industriarako TTIP txiki bat negoziatzen hasiz gero, Bruselak azkenean amore eman dezakeela, AEBetako janarien inportazioak ere muga zergarik barik onartuta.

Frantziaren mesfidantzaz jakitun, Bruselak berariaz adierazi du negoziazioen helburua industriako eta autogintzako muga zergak ezabatzea dela, eta negoziazioetatik kanpo geratuko dira nekazaritzako produktuak.

Parisko Itunaren marra

Baina klausula horrek ere ez du balio izan Macron konbentzitzeko. Beste argudio bat ere eman du negoziazioen kontra agertzeko: AEBek ez dute babesten Parisko Ituna. Klima aldaketari buruzko akordio hori 195 herrialdek onartu zuten 2015eko abenduan Frantziako hiriburuan, baina 2017an Trumpek uko egin zion itunari, eta AEBak akordiotik atera zituen.

Cecilia Malsmtrom EBko Merkataritza komisarioak Macronen beldur guztiak uxatu nahi izan ditu: batetik, argi utzi du nekazaritza negoziazio mahaitik kanpo geratuko dela, «marra gorri bat delako Europarentzat»; eta, bestetik, agindu du Etxe Zuriarekin adostutakoa ezingo dela izan Parisko Itunaren kontrakoa. Gaineratu du, halaber, negoziazioak ez direla hasiko TTIPa oinarri hartuta, zerotik baizik: «TTIPa ez dago hozkailuan, zaharkituta geratu da».

Bitartean, Jean-Claude Juncker EBko batzordeburua ahalegindu da Trumpekin hitzarmen bat lortzearen onurak erakusten. Bere esanetan, EBk %8 gehiago esportatuko luke AEBetara, eta %9 gehiago inportatu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna