Ezegonkortasun kronikoa

Azken hileko bigarren protesta boladan daude Iraken. Poliziak zazpi pertsona hil ditu Bagdaden. Gobernuak neurri batzuk iragarri ditu, baina Abdelmahdi lehen ministroak ez du dimisioa eman

Manifestari bat Iraneko enbaxadaren harresiaren gainean, herenegun, Kerbalan (Irak). FURQAN AL-AARAJI / EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Azken hilabetean gobernuaren aurka egindako protesten bigarren bolada baretu ezinik dabiltza Irakeko agintariak. Herritarrak haserrearazi dituzte langabezia tasa altuak, ondasunen banaketa bidegabeak eta politikarien ustelkeriak, baita horiei leporatzen dieten Iranen eta AEBen interesekiko gertutasunak ere. Urriaren hasierako protestetan segurtasun indarrek emandako erantzun gogorrak areagotu egin zuen herritarren haserrea, lasaitu beharrean. Egoera konpontzeko, neurri sozialak eta ustelkeriaren aurkako formulak iragarri ditu Adel Abdelmahdi lehen ministroak.

Irakeko iturri ofizialek ez dute eman biktimen daturik lehengo asteazkenetik, baina, beste zenbait iturriren arabera, hilak hirurehun inguru dira urriaren hasieran protestak hasi zirenetik, eta zaurituak, berriz, 9.000 baino gehiago. Atzo bertan, Polizia indarrek gutxienez zazpi pertsona hil zituzten Bagdaden, manifestariak negar gasekin eta ur zurrustekin sakabanatzen ari zirela. Herenegun, berriz, lau pertsona hil zituzten Kerbalan, tiroz, manifestariak Irango kontsulatuan sartzen saiatu zirenean.

Abdelmahdik protestak amaitzeko eskatu zuen herenegun: «Hilabete pasatu da eskolak, unibertsitateak eta bizitza publikoaren zati handi bat paralizatu zenetik. Garaia da Irakeko jarduna ohiko bidera itzultzeko». Ohartarazi zuen istiluek «ondorio lazgarriak» izan ditzaketela herritarrentzat epe luzera. Izan ere, haren arabera, Irakek dagoeneko arazoak ditu atzerritik datozen produktuen horniduran. «Normaltasunera» itzultzeko prozesu hori protestekin bateragarri dela gehitu zuen, betiere «legezko moduan» egiten badira, eta azpimarratu zuen entzun duela herritarren mezua: «Berrikuntzak egin eta ezartzeko balio digu plazetatik datorren ahotsak; herritarrak dira erreformaren oinarria, protesta modu egokian egiten badute bederen». Horretaz gain, iragarri zuen hilabete osoan hainbat hiritan ezarri dituen etxeratze aginduen ordutegiak murriztuko dituela.

Agintari berria

Abdelmahdik ez darama urtebete ere karguan, eta azken asteetan dimititzeko aukera aztertuko zuela esan arren, lehen ministro izaten jarraitzen du. Barham Saleh Irakeko presidentea, berriz, bozak aurreratzearen alde azaldu zen lehengo astean, eta gehitu zuen lehen ministroa dimititzeko prest zegoela.

Atzo, berriz ere milaka pertsona bildu ziren Bagdaden; hilen albisteek eguneroko kontua izaten jarraitzen badute, ez da erraza izango giroa lasaitzea. Manifestariek egunak daramatzate hiriburuko Jumhuriya zubia zeharkatu nahian. Zubi hori da Gune Berderako sarbidea, erakunde publikoen eta ordezkari diplomatikoen egoitzen kokalekua, hain uzen ere.

2003ko martxoan, AEBek Irak inbaditu zuten, eta, Saddam Hussein 1979tik herrialdeko presidentea zena boteretik kendu zutenetik, ezegonkortasun kroniko batean bizi dira Iraken. Garai hartan ezarritako eredu konfesionalari egozten diote hainbat manifestarik azken urteetako ustelkeria sistematikoa. Horri gehitu behar zaio 2014tik 2017ra Irak gerran egon zela EI Estatu Islamikoarekin. Iranen babesa zuten miliziak garrantzitsuak izan ziren EI Iraketik kanporatzeko, baina gobernuan botere handia izatera heldu ziren, eta orain ere herrialdeko protesten aurka dabiltza. Irakeko statu quo-ari eusteko interesa du Iranek.

Herbehereen aitortza

Herbehereetako Gobernuak atzo onartu zuen 2015ean Iraken eginiko aire eraso batean izan zuen ardura. Bonbardaketan 70 lagun hil ziren , eta zibilak ziren hainbat biktima. Operazioaren helburua EIren fabrika bat zen, Kirkuk eskualdean kokatua. Ank Bijleveld Defentsa ministroaren arabera, «erasoaren aurretik ez zirudien zibilei eragiteko arriskurik zegoenik, baina ondoren sortutako hainbat leherketak kalte handiagoak eragin zituzten».
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.