Torrak kontuak eskatu dizkio Sanchezi CDRez esandakoengatik

«Erakunde terroristako kide» izatea egotzita atxilotutako zazpietatik bost aske utzi dituzte. Auzitegien arabera, atxilotuen etxeetan ez zen lehergailurik aurkitu, horiek egiteko balio zezaketen gaiak baizik

Generalitateko presidente Quim Torra, artxiboko argazki batean. ANDREU DALMAU / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2019ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
«Kataluniak elkarbizitza nahi du, ez independentzia. Independentistek beren porrota aitortu behar dute; Kataluniako gizartea apurtzeari utzi, eta arreta euren benetako beharretan jarri behar dute; edozein indarkeria motatik aldendu behar dute», idatzi zuen Espainiako jarduneko presidenteak irailaren 30ean, bere Twitter kontuan. CDR Errepublikaren Defentsarako Batzordeetako zazpi kide atxilotu berritan egin zituen adierazpen horiek Pedro Sanchezek. «Erakunde terrorista bateko kide» izatea eta etxean lehergailuak ezkutatzea egotzi zieten, baita herenegun bermepean aske utzi zituzten biei ere. Quim Torra Generalitateko presidenteak kontuak eskatu zizkion atzo esandako horiengatik.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Aretoaren arabera, ez zuten lehergailurik etxean, «modu eta neurri egokietan nahastuta eta beharrezko prozesu teknikoei jarraituta lehergailu bihur zitzaketen gaiak baizik». Horiek hala, 5.000 eta 10.000 euroko bermeak jarri zizkieten; fiskaltza aurka agertu zen, argudiatuz haietako batek «lehergailuak egiteko ezkutuko laborategi bat» eduki zezakeela etxean. Azkenean, CDRetako bi kide kartzelatik atera ziren, bermeak ordaindu ostean.

Ikerketaren arabera, termita izeneko substantzia su eragilea ezkutatzen zuten haietako batzuek euren etxean, Auzitegi Gorenak Kataluniako prozesu subiranistari buruzko epaia ematen zuen egunean «hainbat ekintza» egiteko asmoz.

«Difamazioa difamazioaren atzetik. Hainbat egunez indarkeria babestea egotzi ziguten. Pozten naiz irailaren 23an espetxeratutakoak inoiz sartu behar ez zuten kartzelatik atera ahal izango direlako. Askok barkamena eskatu beharko lukete. Eta hori egin beharko lukeen lehenengoa litzateke Pedro Sanchez presidentea», idatzi zuen Torrak bere Twitter kontuan.

Defentsaren argudioak

Aske utzitako gazteetako baten abokatuak zehaztu du gaztea zaharberritze lanetan aritzen dela, eta lanerako erabiltzen zituela bere etxean aurkitutako produktuak. Epaileak, baina, ez ditu argudio horiek aintzat hartu txostena osatzerakoan. «Horiek aurrerago aztertuko ditugu, frogen balorazioa egiten denean. Orain soilik delitua egin izanaren zantzuak egiaztatzen ari gara», dio dokumentuak.

Zazpi atxilotuetatik aske geratutako lehen hiruren kasuan, haiek behin-behinean eta baldintzapean aske uztearen alde agertu zen fiskaltza, iritzita ez zutela «lehergailuekin zuzeneko kontakturik izan». Arrazoi berarengatik utzi zuten aske atxilotuetatik laugarrena ere. Kasu horretan, txostenean zehazten zen haren etxean ez zela lehergailurik aurkitu.

Eskuineko alderdiek leporatu zioten fiskaltzari PSOEren etaERCren arteko negoziazioak errazteko onartu izana CDRetako hiru kide behin-behinean aske uztea. Baina hark ukatu egin zuen halakorik. Alderdi subiranistek, berriz, hasieratik gaitzetsi dute CDRetako kideen aurkako prozesua, eta bermerik gabe deklaratu zutela ere salatu izan du Generalitateko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.