Hariri berriz aukeratu dute Libanoko lehen ministro, dimisioa eman eta urtebetera

Herrialdearen krisi ekonomiko eta sozialak bultzatuta utzi zuen kargua agintari sunitak. Urtebetean izendatutako hirugarren gobernuburua bilakatu da

Saad Hariri, Libanoko lehen ministro berria, kargua hartzen. WAEL HAMZEH / EFE.
Maria Ortega Zubiate
2020ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Saad Hariri hirugarrenez izango da Libanoko lehen ministro, herrialdearen krisi ekonomiko eta sozialak eragindako protestek kargua uztera eraman eta urtebetera. Michel Aoun herrialdeko presidenteak atzo gidatu zuen bozketan, Diputatuen Ganberako 118 ordezkarietatik 65ek bozkatu zuten haren itzuleraren alde. Hortaz, Hariri urtebetean izendaturiko hirugarren gobernuburua bilakatu da; Mustafa Adib karguan aurrekoak irailean eman zuen dimisioa, gobernu bat osatzeko alderdien arteko desadostasunengatik. Haren aurretik, Hassan Diabek utzi zuen postua, Beirut hiriburuko portuan izandako leherketaren harira; 200 lagun baino gehiago hil ziren.

Hariri buru duen Etorkizuna Mugimendua alderdiaz gain, haren itzuleraren alde agertu ziren Amal, Elkartze Demokratikoa, Marada, Zentro Independentea eta diputatu armeniarren taldea; hainbat independentek eta Tamam Salam lehen ministro ohiak ere babestu zuten haren hautagaitza.

L'Orient le Jour hedabideak adierazi zuenez, aldiz, Libanoko Indarrek eta Hezbollahk ez zuten inolako hautagairen alde egin; Libanoko Indarren buru Samir Geageak, berriz, aurretik esana zuen ez zuela jada lehen ministro denaren alde egingo, «boterean den hirukoaren ekinaldi batean» parte hartu nahi ez zuela adieraziz, Mugimendu Abertzale Libreari, Amali eta Hezbollahri erreferentzia eginez.

Lehen ministro izendatu berritan, Haririk adierazi zuen «alderdi batekoak ere ez diren espezialistez osatutako gobernua» egiteko asmoa duela, eta «frantziar ekimeneko artikuluak» aplikatuko dituela; Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Beiruteko portuko eztandaren ostean herrialdera egindako bisitei egin zien erreferentzia hitz horiekin. Macronek «egoerari aurre egingo liokeen batasun nazionaleko gobernu bat» eratzeko beharra adierazi zuen orduan.

Erreformen beharra

Libanoko egoera politiko eta ekonomikoa oso zaila da, eta, Haririk exekutibo bat osatzea lortuko balu, hainbat erreforma sustatzeko erronkari egin beharko dio aurre, hori baita nazioarteak, Munduko Bankuak eta Nazioarteko Diru Funtsak diru laguntzak emateko jarritako baldintzetako bat; tartean, 2018an Parisen egindako bilera batean adosturiko 9.000 milioi euroak. Egoeraren erakusle da libera libanoarrak bere balioaren %80 galdu duela.

Egungo gobernuburua Rafik Hariri 2005ean atentatu batean hildako lehen ministroaren semea da, eta lehenik, 2009tik 2012ra izan zen herrialdeko gobernuaren buruzagi. Exekutibotik kanpo geratzerakoan, Etorkizuna Mugimenduaren buruzagitzan jarraitu zuen, 2016an berriz lehen ministro izateko babes nahikoa lortu zuen arte; agintaldi horri iazko urrian eman zion amaiera, herrialdean izandako manifestazio jendetsuen ondorioz dimisioa ematean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.