Israelek ez ditu erasoak gelditu, eta Gaza odola dariola dago oraindik

Tel Avivek gutxienez 28 lagun hil ditu Gaza bonbardatzen hasi zenetik. Hamasek suziriekin erantzun dio, eta hiru lagun hil ditu. Gatazka berpiztu izanak bigarren mailan utzi du Israelgo krisi politikoa

Herenegun Gazan hildako palestinar baten hileta, atzo. HAITHAM IMAD / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Azken egunetan piztutako sua itzali beharrean, egur gehiago bota zion atzo Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroak: «Gure asmoa da erasoen intentsitatea eta kantitatea handitzea», adierazi zuen sare sozialetan, Israelgo armadak Gazan egindako bonbardaketen ondorioz hildako lagunen kopurua 28ra iritsi zen egunean.

Aurreko egunean hasitako aireko erasoarekin jarraitu zuen atzo goizaldean Tel Avivek, Netanyahuk mehatxua berritu aurretik ere. Ordura arte gutxienez 24 lagun hil zituzten bonbardaketetan, eta beste bi heriotzaren berri eman zuten Gazako osasun agintariek. Maan berri agentzia palestinarrak zabaldu zuenez, Jihad Islamikoa miliziako kideak ziren bi hildakoak, eta, horiekin batera, milizia horretako hirugarren kide bat larri zauritu zen.Jihad Islamikoak ez zuen halakorik baieztatu, baina Palestinako berri agentziak beranduago zabaldu zuen Al-Quds brigadaren zenbait posizio suntsitu zituztela Jihad Islamikoaren adar bat dira, Khan Yunis hirian milizia palestinarrek kontrolatutako beste zenbait gunerekin batera. Al-Qudsek berak jakinarazi zuen bere hiru kide hil zirela bonbardaketetan. Eraso berean, bost zibil zauritu zituzten, eta ospitaleratu egin zituzten. Goizean emandako hildakoen kopurua eguneratu egin zuen arratsaldean Gazako Osasun ministerioak, eta esan zuen ordurako 28 lagun hil zirela Israelen erasoen eraginez; besteak beste, hamar haur.

Egun osoan zabaldu ziren Gazako eraikinak kea zeriela erakusten zituzten irudiak. Al-Jazeera telebista kateak Israelen hamalau erasoren berri emana zuen eguerdirako. Iluntzean, berriz, erresidentzia gisa erabiltzen zen hamahiru pisuko eraikin bat suntsitu zuten Israelen misilek.

Aurreko egunean hildako palestinarren hiletetakoekin tartekatu ziren irudiok. Jendetza elkartu zen Gazako kaleetan hildakoak agurtzeko eta goratzeko. Egun osoan jendea elkartu zen momentu bakanak izan ziren omenaldiok, etxean gotortuta izan baitzen gehiengoa, erasoen beldur.

Bitartean, airez ez ezik, lurrez ere Gazari eraso egiteko prestatu zen Israel. Defentsa ministerioak ohar bat plazaratu zuen iragartzeko Gaza inguratzen duen hesiko segurtasuna bermatzeko erreserban zituen 5.000 militar mobilizatu zituela, operazio militarra «hedatzeko» eta «Israelen defentsan sakontzeko».

Gazatik jaurtitako suziriak argudiotzat darabiltza Tel Avivek bonbardaketak egiteko. Hamas erakunde islamistak ultimatuma eman zion Israeli herenegun, exijituz Jerusalem ekialdeko Al-Aqsa meskitaren inguruko segurtasun indarrak erretiratu zitzala, hainbat egunez Israelgo Poliziak palestinarren aurka egin eta gero. Entzungor egin zion Israelek, ordea, eta berriz oldartu zitzaien ramadanaren testuinguruan han elkartutakoei. Suzirien jaurtiketa intentsifikatu egin zuen atzo Hamasek: gutxienez halako 250 bota zituztela zabaldu zuten hedabideek. Horietako askok Jerusalem zuten jomugan, baina Israelgo aireko defentsa sistemak suntsitu zituen gehienak. Ez, ordea, Israelgo hegoaldeko Ashkelon hiriaren aurka botatako zenbait. Daviden Izar Gorriak Israelgo osasun zerbitzuak zabaldu zuen eraso horretan bi zibil hil eta dozenaka zauritu zirela.

Ez ziren horiek izan suziriek jota hildako bakarrak, emakume bat modu horretan hil baitzen Tel Aviven. Hamasi lotutako Al Qassam brigadak iluntzean jakinarazi zuen 130 suziri jaurti zituztela Israelgo hiriburura, eta azaldu aurrez Israelek Gazari egindako erasoari erantzunez egin zutela.

Horren ostean iritsi zen Netanyahuren mehatxua: Hamasek «espero ez dituen» kolpeak jasoko dituela iragarri zuen jarduneko lehen ministroak.

Bitartekaritzek, porrot

Tentsioa baretzeko nazioartearen eskaria erregu hutsa den bitartean, ez du ematen Tel Avivek atzera egingo duenik. Egiptok bitartekari lana egiteko saiakera egin du azken egunotan, baina Sameh Xoukry Atzerri ministroak aitortu zuen Israelengandik ez zutela jaso horretarako «beharrezko erantzunik». «Azken egunetan, Egipto Israelengana eta egoerarekin kezkatuta dauden beste zenbait herrialderengana hurbildu da, eta esfortzuak biderkatzeko eskatu die, Jerusalemgo egoera gehiago larriagotu ez dadin», azaldu zuen. Ez zuen zehaztu zein diren Egiptorekin batera diplomazia lanetan ibili diren beste herrialdeak.

NBE Nazio Batuen Erakundeak ere ziurtatu zuen tentsioa deseskalatzeko saiakerak egiten ari dela. Bi aldeei zuzendu zitzaien Antonio Guterres idazkari nagusia, eta eskatu zien «berehala» eteteko erasoak. Israel eta haren aliatu AEBak haren parte izanik, gatazkan esku hartzeko gaitasun handia du NBEk, baina herenegun izandako Segurtasun Kontseiluak agerian utzi zuen AEBek zer botere duten nazioarteko organismoan, herrialde horrek oztopatu egin baitzuen Jerusalemen hasitako indarkeria olatua gaitzesteko adierazpen bateratu bat publiko egitea, inplizituki Israeli erasoak eteteko eskaria egitea esan nahiko bailuke adierazpen hori onartzeak.

Gaitzespena atzo egin zuen NBEren Giza Eskubideen Kontseiluak, egunotako gatazkaren iturburura joz eta Israel ere erantzule eginez: «Israelek gehiegizko indarra erabili du manifestari palestinarren aurka, zeinak duela zenbait astetatik protestan ari diren okupatutako Jerusalem ekialdeko auzo batean hainbat familia etxegabetu nahi dituztelako».

Krisi politikoa, itzalpera

Egoera baretzen ahalegintzeko imintziorik ere ez du egin Israelek, ordea, eta bai, aldiz, kontrakoa. Jarduneko lehen ministroaren erabakiek zeresan handia dute oraindik ere gobernuan, eta Netanyahuk oraingoz ez du horretarako asmorik adierazi. Are, egoera desegonkorra onuragarria zaiola eta bere alde erabiltzen ari dela ere egotzi dio zenbaitek. Izan ere, Israelen hilabeteak daramatzate gobernua osatu ezinda, eta, Netanyahuk azken saiakeran porrot egin ostean, Reuven Rivlin presidenteak Yair Lapid Yesh Atid alderdiko buruari eman zion eginbehar hori. Oposizioa bateratzeko saiakera egin nahi du Atidek, eta baliteke horrek agintetik kentzea Netanyahu, 2009tik lehen ministro izan eta gero. Horretarako, baina, alderdi arabiarren sostengua ere beharrezkoa du Lapidek, eta egungo egoerak zaildu egin dezake hori.

Alderdi arabiar horietako bat da Balad, eta buruzagi eta parlamentuko diputatu Sami Abu Xehadehek atzo salatu zuen tentsioa handitzeko modua egin duela Netanyahuk, boterean mantendu ahal izateko: «Krisi politikoan bizirik irauteko, kontrola ez galtzeko eta lehen ministro kargua ez galtzeko, edozer egiteko prest dago», esan zion Al- Jazeerari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.