Israelen erasoaldia Gazan

Gazaren aurkako erasoaldia gogortu nahi du Tel Avivek, lurrez ere erasoak eginda

Armadak plan bat aurkeztu dio gobernuari, eta haren oniritziaren zain dago erasoa hasteko. AEBek «hautsi ezinezko babesa» helarazi diote Israeli

Israeldik jaurtitako misil bat Gazako eraikin bat jotzear, herenegun. MOHAMMED SABER / EFE.
Julen Aperribai - Iosu Alberdi
2021eko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Sarraskiak ez du etenik Gazan; ez du halakorik izango den itxurarik ere. Egunetik egunera, mugako gaitasun militarra eta erasoen gogortasuna handitzen ari da Israel, eta esponentzialki ari da handitzen horien ondorioz hildakoen kopurua. Azkar zaharkitzen dira Gazako Osasun Ministerioak emandako datuak, baina, azken zenbaketaren arabera, gutxienez 103 lagun hil ditu Tel Avivek—tartean, 27 haur—, eta 580 zauritu. Aireko erasoen ondorioz ez ezik, «gas toxikoa arnastuta» ere hil dira horietako batzuk, ministerioaren arabera. Gainera, eraikin ugari suntsitu dituzte, besteak beste, Al-Jawhara dorrea, nazioarteko hamalau hedabideren bulego zena.

Israelen erasoei suziriekin erantzuten ari dira milizia palestinarrak, baina Israelen misilen aurkako Burdinezko kupula sistemak atzeman egin ditu gehienak. Israelgo armadak zabaldu zuenez, atzo arte jaurtitako 1.600 suzirien %90 geldiarazi ditu. Harrapatu ez dituen lehergailu apurrek sei israeldar hil dituzte orain arte, armadaren arabera. Halaber, adierazi du berriki ehunka suziri bota dituztela Gazatik, eta, horren aurrean, mugako postuak indartu dituela.

Lau egunez Gaza bonbardatzearekin nahikoa ez, eta erasoaldi militarrari beste neurri bat eman nahi dio Israelek orain, lurrez ere erasoak eginez. Hidai Zilberman bozeramaileak adierazi zuen Gazako zerrenda inbaditzeko plan bat aurkeztekoak zirela atzo. Israelgo Gobernuaren Segurtasun Kontseilua 20:00etan elkartu zen Tel Aviveko armadaren egoitza batean, eta bilera horretan planari oniritzia eman ala ez erabakitzea espero zen. Armadaren ordezkari batek Reuters berri agentziari jakinarazi zionez, azken orduetan armada tropa, artilleria eta tanke ugari bidaltzen ari da. Haren esanetan, lurreko operazioen prestaketa «hainbat etapatan» egin nahi du Tel Avivek.

Horretarako, AEBen babesik ez du faltako. Etxe Zuriak ohar batean jakinarazi zuen Joe Biden presidenteak sostengua agertu ziola Benjamin Netanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroari: «Bidenek hautsi ezinezko babesa helarazi dio Israelgo segurtasunari, eta haren herria defendatzeko duen eskubide legitimoari.AEBen animoak ere helarazi dizkio, lasaitasun jasangarri bat ezartzeko bidean».

Egipto, bitartekari

Su-etena lortzeko orain arteko ahaleginek porrot egin dute, baina, Al-Jazeera hedabideak zabaldu zuenez, Hamas prest legoke menia emateko. Aitzitik, Israelek esan zuen ez duela horretarako borondaterik; ez, behintzat, milizia palestinarrek suziriak jaurtitzen dituzten artean. Bitartekari lanak egiteko gidaritza Egiptok hartu du orain arte, arrakastarik gabe. Ahalegin horretan ari da oraindik ere: Egiptoko bi funtzionariok anonimoki jakinarazi zuten Egiptoren ordezkaritza bat Tel Aviven dagoela, Israelekin su-eten bat negoziatzeko asmoz. Ordezkaritza hori bera aurrez Hamasekin bildu zela ere adierazi zuten.

Kairoren helburua, su-etena lortzeaz gain, Jerusalem ekialdeko Xeikh Jarrah auzoan hasitako etxegabetzeak etetea ere bada. Israelgo auzitegiek 50 lagun baino gehiago kanporatzeko agindua eman dute, eta erabaki hori izan zen hirian hasitako protesten eragile nagusietako bat.

Israelgo Gobernuaren eta armadako ordezkarien orain arteko adierazpenek ez dute aditzera eman baretzeko asmoa dutenik. Nadav Argaman Shin Bet Israelgo barne zerbitzu sekretuetako buruaren hitzak jaso zituzten Israelgo hedabideek: «Orain ez da hitz egiteko garaia». Hamaseko eta Jihad Islamikoko milizianoen hilketa selektiboak gidatzen ditu Argamanek, eta, hedabide horien arabera, jopuntuan dituzten milizianoak hil arte ekinean jarraitzeko asmoa du.

Al-Qassam brigadak, Hamasen adar armatuak, jakinarazi zuen Israelen oldarraldiari militarki erantzuteko asmoa duela. Abu Obeida bozeramaileak Israeli ohartarazi zion «Al-Alqsa bortxatzen baldin bada» ez dagoela «marra gorririk», azken egunetan Jerusalemgo meskita horretan izandako istiluei erreferentzia eginez. Dimona, Tel Aviv eta beste zenbait hiri bonbardatzea «ura edatea baino errazagoa» zaiela nabarmendu zuen Obeidak: «Gure herritarrei ziurtatzen diegu suziri gehiago ditugula. Gure erasoek etsaiaren hauskortasuna agerian utzi dute». Israelek tropak Gazara hurbildu dituela-eta, Al-Qassam brigadaren bozeramaileak esan zuen «sakonki damutuko» dela Israel lurrez Gaza inbaditzen badu.

Horiek horrela, egungo egoera Gazak azken zazpi urteetan bizi izan duen okerrena da, hau da, 2004an Israelek Hegi Babesgarria operazioa burutu zuenetik; iraun zuen 50 egunetan, armadak 2.100 palestinar inguru hil zituen.

Israelgo hirietan ere giroa ez dago lasaiago. Azken egunetan, arabiarren eta juduen arteko liskarrak ohikoak izan dira. Gainera, eskuin muturreko taldeek arabiarren saltokiak suntsitzeari eta herritarrak jipoitzeari ekin diote, besteak beste, Tel Aviven, Haifan eta Loden. Azken horretan, etxeratze agindua ezarri dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.