Productos Tubulareseko lehen grebaldiak erantzun zabala izan du

Sindikatuek salatu dutenez, zuzendaritzak Tubos Reunido egoera txarrean dagoela argudiatu du lan hitzarmena ez berritzeko. Erriberako enpresarik handienean, General Millsen, ituna eguneratu dute

Imanol Magro Eizmendi - Iker Aranburu
2021eko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
PT Productos Tubulareseko langileek hiru eguneko lehen grebaldiari ekin zioten atzo, lan hitzarmenaren negoziazio prozesua has dadin eskatzeko. Tubos Reunidos hodigintza taldeko enpresetako bat da, eta zuzendaritzak talde osoaren egoera ekonomiko txarra argudiatu du bilerei ez ekiteko. Langile batzordeak, baina, ziurtatu du Trapagarango (Bizkaia) planta dela talde osoko enpresa bideragarri bakarra, eta horren eredu dela administrazio kontseiluko kideen ordainsariek izandako gorakada.

420 langilek dihardute TPn, eta, ELA sindikatuaren arabera, lehen greba eguna arrakastatsua izan zen. Enpresa hitzarmenaren negoziazioa berriro hasteko ekin diote grebari PTn, aurrekoa duela lau urtekoa baita. Sindikatuek uste dute lan itun horrek hiru baldintza bete behar dituela: langileek galdutako erosahalmena berreskuratzea, lantaldea berritzeko neurriak hartzea eta zuzendaritzak bere industria proiektuaren berri ematea, «langileen ordezkariek askotan eskatu arren, susmagarriki ezkutatu egiten baitu».

PTko langileek badute beste eskaera bat: indarrean dagoen aldi baterako erregulazioa bertan behera geratzea. Sindikatuek uste dute ez dela beharrezkoa, eta lantegi barruan malgutasuna ezartzeko tresna bat baizik ez dela. Iazko azaroan ezarri zuen enpresak, eta 382 langileri eragiten die.

Tubos Reunidos egoera zailean dago, pandemiak are gehiago okertu baitu haren aurreko egoera ahula. Bosgarren urtez jarraian, galerekin amaitu zuen 2020. urtea: 101,3 milioiko zuloa iaz, 2019an izandakoa halako bi. Horregatik, erreskatea eskatu dio Espainiako Gobernuari. Sindikatuak kexu dira zuzendaritzak Tubos Reunidosen kinka txarra argudiatu duela lan hitzarmenari buruzko negoziazioak ez hasteko: «Zuzendaritzak ez du esaten talde horren barruan Productos Tubularesek gaur egun bideragarritasuna eta etorkizuna duela».

Gainera, kexa azaldu dute enpresako presidente berriari ordainsari «neurrigabea» emango diotelako —urtean 450.000 euro ingurukoa, 160.000 euroko hobariarekin—, noiz eta langileek azken lau urteetan soldatak izoztuta eduki dituzten honetan: «Aitzitik, administrazio kontseiluak %81 igo ditu ordainsariak 2019an jasotakoarekin alderatuta».

General Mills, Aernnova...

Negoziazio eguna izan zen atzokoa enpresetan, eta General Millsen, esaterako, lan hitzarmena berritu zuten ELA, USO eta UGTren babesarekin. LABek eta CCOOk, berriz, ez zuten sinatu. Enpresa San Adrianen (Nafarroa) dago, eta Nafarroako Erriberan langile gehien dituenetako bat da: 955. Elikadura industrian dihardu, eta Old El Paso markako gari tortillak eta beste produktuak egiten dituzte.

Hitzarmen berriak %1,8ko soldata igoera aurreikusten du, eta KPI gehi %0,5 berrituko da urtero. Enpresak 50 kontratu mugagabe gehiago egingo ditu, horietatik hogei antzinatasunaren araberakoak. Era berean, ezabatu egingo da azken bi hitzarmenetan langile berrientzat indarrean egon zen soldata eskala bikoitza. Azken hori puntu garrantzitsua da, aurten 300 langile berri kontratatu baitituzte.

General Millsen azken hilabeteetako giroak zerikusi gutxi du Aernnova Aeroestructuras Alavak duenarekin. Aeronautika sektoreko enpresak 82 langile kaleratu ditu aurten Berantevillan(Araba), eta EAEko Auzitegi Nagusiak legezkotzat jo zuen neurria. LABek salatu duenez, baina, enpresaren luze gabeko aurreikuspenak ez dira epaitegietan azaldu zituen bezain txarrak.

Aernnovak, izan ere, %13 murriztu du egun indarrean duen aldi baterako erregulazio espedientearen iraupena. LABek dioenez, hasieran 69 egunerako erregulazioa beharko zuena bederatzi egunetan laburtuko diete langileei. Are gehiago, egun 370 langilek dihardute Berantevillan, eta hamazazpiri 38 egunetan laburtuko diete aldi baterako neurria.

Sindikatua «ziur dago» azken aurreikuspenak ez direla hobeak izango, eta aldi baterako erregulazioa are gehiago laburtuko duela zuzendaritzak. Egoera ikusita, LABek berretsi egin du kaleratzeen aurreko negoziazioan izandako jarrera, alegia, «trantsizio neurrien» aldekoa: «Hasieran aurreikusitako aldi baterako erregulazio egunak aski zitezkeen kaleratzeak eragozteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.