Milaka langile kalera atera dira lan eta pentsioen erreformen aurka

Mitxel Lakuntzak eskatu die EAJri eta EH Bilduri «pentsio erreforma zakarrontzira» botatzeko. Garbiñe Aranburuk esan du «orain» dela Madrilen eragiteko garaia, «denbora pasatzen ari baita»

Bilboko manifestazio handia, atzo. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
xabier martin
2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Sarritan hitz egin da azken hilabeteotan gehiengo sindikalak deitu dezakeen greba orokorrari buruz, lan eta pentsio erreformen harira, eta, atzo, lanuztea ez, baina manifestazio jendetsuak egin zituzten Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta hainbat herritan, sindikatuen deialdi bateratu bati erantzunez. ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek milaka langile eta pentsiodun atera zituzten kalera, «lan, pentsio eta bizi baldintza duinen alde». Mobilizazio handi hori balizko greba baten atarikoa izango ote den ez da argitu, baina ELA eta LAB motorrak berotzen ari dira Madrilen laster bukatuko dituzten lan eta pentsio erreformak direla eta.

Bilboko martxa hasi aurretik, ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak mezu argi bat helarazi zien EAJri eta EH Bilduri, biek ala biek erreforma horietan eragiteko botoak izango baitituzte Espainiako Kongresuan; pentsio erreformari dagokionez, gaur bertan: «Pentsiodunen mugimenduak esan duen moduan, erreforma zakarrontzira bota behar da». LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, berriz, esan zuen «orain» dela «Madrilgo agendan» eragiteko garaia: «Eta tinko jokatu behar da, denbora pasatzen ari baita».

Sindikatu abertzaleak bat datoz egoeraren diagnosian: «Garrantzi handiko garai bat bizi dugu, eta Europako funtsak Damoklesen ezpata bilakatzen ari dira». Horrek bultzatu ditu deialdi bateratua egitera, eta uste dute gaur bertan Madrilen bozkatuko duten pentsioen erreforma Europako funtsen ordainaren zati bat dela. «Erretiro aurreratuetan eta Belaunaldien arteko Ekitate Tresnaren bitartez murrizketak egingo ditu [erreformak], eta ez du bermatzen pentsioak KPIaren arabera eguneratzea». Lakuntzak EH Bilduri galdegin zion ez ditzala babestu Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak; goizean egindako eskaerak erantzuna izan zuen arratsaldean, EAJren eta EH Bilduren arteko akordioa iragarri eta gero. «Oso argia da lehendakariak berak eta gobernuak emandako mezua», esplikatu zuen ELAko buruak.«Ez da ezer aldatuko aurrekontuekin. Irizpidea da gizarte kontuetan gehiago ez inbertitzea, gehiago ez gastatzea; jaisten diren diru sailak Osasuna eta Hezkuntza direla ikustea besterik ez dago; benetako eskandalu bat».

Grebari buruz, bi iritzi

Diagnosi orokorrean bai, baina estrategian ez datoz bat ELA eta LAB. Garbiñe Aranbururen sindikatuak uste du «orain» dela greba orokorrera deitzeko garaia, eta ELAren zain dago; era berean, hura zain baitago, lan erreforma ezagutu eta edukien arabera balizko lanuztera deitzeko. Aranburuk salatu egin zuen lan erreforma ez dela indargabetuko oso-osorik, eta ohartarazi zuen murrizketak datozela pentsioetan. Baina Aranburuk gogorazi zuen dena ez dela Espainiako hiriburuan erabakiko. «Egoerak Madrilera begiratzera behartzen gaitu, orain han negoziatzen ari diren oso gai garrantzitsuak daudelako, baina anbizioa behar dugu Madrilen ezinezkoa dena Euskal Herrian egiteko, bide orri propio bat elikatzeko, eta hemengo gobernuak eta patronalak interpelatzeko».

Greba orokor baten egokitasunaren inguru ezadostasunak ez dira oztopo, ordea, bat etortzeko ikuspuntu orokor batean. «Urte bukaerarako hartu nahi dituzten erabakien araberakoak izango dira etorkizuneko bizi eta lan baldintzak», diote sindikatuek. Europako funtsak erreformekin estuki loturik ikusten dituzte, Europako Batzordearen baldintzagisa. «Beltzez jantzitako gizon berriek transferentziaren bigarren zatiari oniritzia eman diezaioten egin behar ditu erreformak Espainiako Gobernuak».

Gehiengo sindikalak uste du aurreko urteetan ezarritako murrizketak ez direla indargabetuko, eta pentsio sistema publikoa ez dela sendotuko. «Lan erreformaren nondik norakoak oso ilunak dira: ez dirudi Euskal Herrian gure lan hitzarmenak negoziatzeko eskubidea bermatuko denik edota indargabetuko direnik aurreko erreformen funtsezko puntuak; esaterako, kaleratzeko erraztasuna».

Mobilizatu diren sindikatuek uste dute, halaber, Eusko Jaurlaritzak ez duela zabaldu «ereduaren oinarrizko zutabeak aldatzeko aukera»; adibidez, osasun, hezkuntza edo zaintza sistema publikoari dagokionez, «edo premiazko erreforma fiskalari dagokionez». Haien arabera, Confebask eta CEN patronalek erabakitzen dute politika fiskala.

«2008ko krisialdian eta koronabirusaren pandemian ikasitakoa ez dute aintzat hartu nahi», esan dute. Krisi sanitarioaren kudeaketak «agerian utzi du», manifestarien ustez, sistema autonomikoa «zein hauskorra den». Argi ikusten dute estatuak «nahi duenean» inposatzen dituela bere irizpideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.