AEBek enpresa bat erostea debekatu diote Iberdrolari, «historiagatik»

Espainian 'Villarejo auziarekin' dituen loturak argudiatu ditu merkatu arautzaileak. Operazioak aurrera egin izan balu, berriztagarrietan AEBetako hirugarren operadorea izatea ahalbidetuko ziokeen

Ignacio Sanchez Galan, konpainiako presidentea akziodunen batzar batean, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE.
jokin sagarzazu
2021eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Iberdrolak kolpe gogorra hartu du AEBetan dituen asmo espantsionistetan. Han egin nahi zuen operaziorik handienetako bat debekatu diote merkatu arautzaileek: Avangrid filialaren bidez, PNM Resources konpainia erostea, alegia. Hori eginda, Iberdrola energia berriztagarrietan AEBetako hirugarren operadorea bihurtuko litzateke, baina arautzaileek ez dute salerosketa onartu. Emandako argudioen artean Ignacio Sanchez Galanen konpainiaren eta haren filialaren «historiak» azaltzen dira; eta gertakari horien artean, Villarejo auzia aipatu dute, besteak beste. Espainiako politikagintza zipriztindu duen poliziaburu ohiaren espioitza kasuetako batekin lotuta dago Iberdrola, eta Sanchez Galan eta zuzendaritzako beste kide batzuk urtarrilerako deitu dituzte deklaratzera Auzitegi Nazionalera.

Erabakia ezustekoa izan da Bilbon egoitza duen konpainiarentzat. Hedatze fase betean harrapatu du, eta AEBetakoa du bere merkatu nagusietako bat, Erresuma Batukoarekin, Mexikokoarekin eta Brasilgokoekin batera. 2030era arteko planean, 150.000 milioi euroko inbertsioak aurreikusten ditu mundu osoan. Datu bat: iaz energiaren alorreko bederatzi enpresa erosi zituen Japonian, Brasilen, Suedian, Eskozian eta Frantzian.

Hain zuzen ere, iazko urrian iragarri zuen AEBetako PNM Resourcesen erosketa ere. Orduan bidalitako informazioan, Iberdrolak egintzat eman zuen operazioa; azaldu zuen soilik Mexiko Berriko Estatuaren baimena falta zuela, beste guztien oniritzia bazuela. Azkenean, estatu horretako merkatu arautzailearen ebazpena erabakigarria izan da.

Helegiteen zain, oraingoz bertan behera geratu den operazioak guztira, 7.300 milioi euroko kostua izango luke. Eta PNM Resources Avangrid filialean integratzeari esker, Iberdrolak jauzi handia egingo luke ABEetako energien merkatuan. Aurretik, sektoreko bederatzi konpainia erosi ditu han; horiei PNM Resources gehituta, 24 estatutan aritzeko aukera emango lioke Iberdrolaren filialari. Avangrid AEBetako hirugarren operadorea bihurtuko litzateke energia berriztagarrien sektorean.

Hain justu, Mexiko Berriko estatuak energia berriztagarriak sustatzeko onartu duen araudia izan da arautzaileak Iberdrolari jarritako traba nagusia operazioa egiteko. Zalantzan jarri du konpainia gai den hango gobernuaren zehaztutako helburuak betetzeko. Gainera, Iberdrolak, eta zehazki Avangrid filialak, beste estatu batzuetan egindakoak aztertu ditu, eta «zalantzazko jokabide» batzuk atzeman ditu.Horiek hala, ondorioztatu du akordioaren arriskuak Mexiko Berriko zergadunei agindutako onurak baino handiagoak izango liratekeela. «Ez da bazkide egokia gure trantsizio energetikoaren une kritiko honetan», azpimarratu dute arautzaileek beren ebazpenean.

Iberdrolak urteak daramatza nazioarteko merkatuetan. Lehen operazio handia 2007an egin zuen, Sanchez Galan presidente izendatu eta hurrengo urtean. Scottish Power erosi zuen, eta Erresuma Batuko merkatuan indarrez sartu zen. Konpaina erreferentea bihurtu da han, berriztagarrien alorrean bereziki: besteak beste, munduko itsas parke eolikorik handiena egiten ari da Ingalaterrako kostaldean. AEBetako merkatuan ere aspalditik dago: 2007tik. Hainbat konpainia erosi ondoren, 2015ean, Avangrid sortu zuen. Mexiko eta Brasil dira Iberdrolaren beste merkatu nagusiak.

Villarejoren itzala

AEBetako arautzaileak debekua argudiatzeko emandako argudioen artean Villarejo auziaren aipamenak eragin du harridura gehien. «Ezin dugu gertakari hori baztertu», adierazi zuen atzo erakunde horretako presidente Stephen Fischmannek.

Espainiako Auzitegi Nazionalaren ikerketaren arabera, zantzu ugari daude erakutsiko luketenak Sanchez Galan eta bere zuzendaritzako kideak Villarejoren sare ustelarekin tratuan aritu zirela, gutxienez hamahiru urtez. Lan horien helburua litzateke Iberdrolaren zenbait negoziotan laguntzea lehiakideen aurka, eta Sanchez Galanen beraren boterea sendotzea Iberdrolaren barruan, legez kanpoko espioitza metodoak, mehatxuak eta gisakoak erabilita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.