Albistea entzun

LABek mobilizazio «zabalak» nahi lituzke lan erreforman eragiteko

Espainiako Gobernuaren proposamena ez babesteko eskatu die euskal alderdiei, ez behintzat egun idatzita dagoen bezala. Protesta ekintzak Galizia eta Kataluniara zabaltzea da sindikatuaren asmoa
Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusia.
Garbiñe Aranburu LAB sindikatuko idazkari nagusia. MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2022ko urtarrilak 11 - Bilbo

LAB sindikatuaren ustez, oraindik ez da beranduegi Espainiako Gobernuak bultzatu nahi duen lan erreforman eragiteko. Proposamenaren xehetasunak jakinda, «enpresari elkarteen garaipen bat» dela iritzi dio, eta ez dela egon «kontrarreformarik». Horiek hala, erreforma oztopatu daitekeela uste du, eta Garbiñe Aranburu sindikatuko idazkari nagusiak ez babesteko eskatu die euskal alderdi politikoei, ez behintzat egun idatzita dagoen moduan. Hurrengo asteak «erabakigarriak» izango direla iragarri du, eta nabarmendu du egoerak erantzun «ahalik eta zabalena» eskatzen duela, euskal gehiengo sindikaletik haratago doana.

«Greba orokorrak deitua behar zuen honezkero. Aukera bat galdu dugu», onartu du Aranburuk. Halere, ez du etsipenean murgildu nahi izan, eta mobilizazio handien asmoari eusten dio: «Murrizketa ziklo batean gaude. Lan eta pentsioen erreformak eragindako murrizketak. Egoerak eskatuko du greba orokorretara deitzea. Ez dakit datarik, baina fase honek eskatuko du».

Sinesmen horrekin, erantzun dinamika horri forma ematen hasteko garaia dela uste du, ELArekin batera besteak beste, harremanak bere onenean ez egon arren: «Harremana etengabekoa da, eta egoerak behartuko gaitu. Beharraren ustea eta borondatea norabide berean doaz». Hori bai, nabarmendu du Galizia eta Kataluniako sindikatuak bidelagun nahi dituela, eta horren aurretik ere LABek mobilizatzeko deia egina duela hilaren 27rako.

LABentzat ez zen ezustekoa izan Espainiako enpresarien elkarteak erreforma onartu izana, eta bere ustez patronala eta erreformak indargabetzea «itsatsi ezin daitezkeen» bi aldagai dira. Aranburuk hainbat kritika egin dizkio proposamenari: estatalizazioa bultzatzen duela, kaleratze merkeak... «Hainbeste goratu diren» behin-behinekotasunaren aurkako neurriak ere izan ditu hizpide: «Proposamenak aldi baterakotasuna murrizten duela esan da; arreta berezia jarri da hor. Baina, testua aztertuz gero, ikusten dugu idatzita dagoen modua oso orokorra dela, eta ateak irekita uzten dituela behin-behineko kontratazioen deskausalizazioari. Eragin mugatua izango du».

Deia alderdiei

Eragin bai, baina nola? Non? «Partida hau ez da Madrilen bakarrik jokatzen», zehaztu du. Eremu politikoan «gauzak nahiko irekiak» daudela uste du Aranburuk, eta euskal alderdiekin harremanetan daudela baieztatu. Alde horretatik, egun idatzita dagoen bezala ez babesteko eskatu die Madrilgo Kongresuan ordezkaritza duten euskal alderdiei. Halaber, nabarmendu du Euskal Herrian ere aurre egin dakiokeela erreformari, eta hein handi batean «borondate» kontua dela. Lan baldintzen inguruko akordio interprofesional bat sinatzea proposatu die Confebaski eta CENi.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Metalgintzako sindikatuek atzo eginiko elkarretaratzea, LHK-k Bilbon duen egoitzaren aurrean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Bizkaiko metalgintzak grebara joko du itunaren negoziazioa luzatzen bada

Imanol Magro Ezimendi

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk bat eginda negoziatuko dute. Alde handia dago sindikatuen eskaeren eta patronalaren eskaintzen artean
Emakume bat bitcoin-ak diru gisa onartzen dituen okindegi batean, Santa Tecla hirian (El Salvador).. ©Rodrigo Sura / Efe

Kriptodiruak: birtualak ez diren galerak

Iker Aranburu

Bitcoinen eta beste diru digitalen balioa amildu egin da, eta 'luna' izenekoa, berriz, desagertu. Inbertitzaileak arrisku handiko aktiboetatik alde egiten ari dira. El Salvador arriskuan jarri du erorialdiak, bitcoinen aldeko apustua egin baitu

Irizar E-mobilityko langileek 22 egunez itxi dituzte lantegiko sarrerak ©Jon Urbe (Foku)

Irizar E-mobilityko greba bertan behera utzi dute, ituna adostu ondoren

Jokin Sagarzazu

Langile batzordeak egindako bost eskaerak sartuko dituzte hitzarmenean, eta soldata igoera izango dute. 22 egun egin dituzte greban.

Bizkaiko metalgintzako sindikatuek LHKren aurrean deituriko mobilizazioa. ©Marisol Ramirez / FOKU

Lehen greba hotsak iritsi dira Bizkaiko metalgintzara

Imanol Magro Eizmendi

ELAk, LABek, CCOOk eta UGTk plataforma bateratu bat osatu dute lan hitzarmena negoziatzeko, eta patronalari jakinarazi diote ez dutela nahi negoziazioak gehiegi luza daitezen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.