Gerra Ukrainan

Iranek ukatu egin du Errusiak bere droneak erabili dituela Ukrainan

Gutxienez zortzi pertsona hil ditu Errusiak Kieven eta Sumin egindako erasoetan. Ukrainako ehunka herri geratu dira argindarrik gabe bonbardaketen ondorioz. Moskuren arabera, helburuak «jo» dituzte

Erreskate taldeetako kideak, atzo, Kieven, drone batek txikitutako hondakinen artean lanean. VADIM SARAKHAN / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Ukraina osoan joan den astearen hasieran berrindartutako erasoaldiarekin jarraitzen dute Errusiako indarrek. Kieveko erdialdeari eraso zioten atzo droneak erabilita, eta gutxienez lau pertsona hil zituzten, Ukrainako funtzionarioek jakinarazi zutenez. Herrialdeko beste zenbait eremu ere bonbardatu zituen Errusiak, eta energia azpiegiturak hondatu; Ukrainako iturri ofizialen arabera, ehunka herri geratu ziren argindarrik gabe. Iturri horiek berek adierazi zuten hiriburuan erabilitako «drone suizidak» Iranen egindakoak direla. Teheranek, baina, gezurtatu egin zuen, eta nabarmendu ez diela armarik eman «gerran dauden alderdietako herrialdeei». Kremlinek ez zuen adierazpenik egin horri buruz, eta Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak adierazi zuen Irani zigor gehiago jartzea erabaki aurretik «froga zehatzak» eduki beharko lituzketela.

Vitali Klitxko Kieveko alkateak zehaztu zuenez, 28 drone zuzendu zituzten Ukrainako hiriburura, eta horietako bost lehertu ziren. Horietako batek eztanda egin zuen zibilen eraikin bat jo ondoren, eta lau pertsona hil ziren. Alkatearen esanetan, hondakinen artetik hogei pertsona atera ahal izan zituzten erreskate taldeek. Erasoen ondoren, Errusiako Defentsa Ministerioak azpimarratu zuen «instalazio militarrak eta energia azpiegiturak» hondatu asmo zituen «erasoaldi masiboak» helburuak «jo» dituela. Ukrainaren arabera, Errusiak 43 drone erabili zituen atzo, bainahorietatik 37 erorarazi zituen Kievek.

Urriaren 8an Krimeako zubiari egindako sabotajearen ondoren, energia azpiegiturei eraso egiten hasi da Errusia. Kievek horri buruz ohartarazi zuen joan den astean, eta Denis Xmihal Ukrainako lehen ministroak esan zuen atzo Sumi —iparraldean— eta Dnipropetrovsk —erdian— eskualdeetan energiaz hornitzeko «ezinbestekoak» diren azpiegiturak bonbardatu zituztela. Sumiko gobernadore Dmitro Zhivitskik esan zuen bonbardaketetan lau zibil hil zituztela.

Reuters berri agentziak kaleratutakoaren arabera, joan den larunbatean Errusiako Belgorod probintzian gertatutakoari erantzuten diote Kieveko erasoek. Gidaririk gabeko hegazkin baten zati batean hau zegoen idatzita: «Hau, Belgorodekoagatik». Bi erasotzailek Errusiako armadaren 11 kide hil zituzten tiroz soldaduak entrenatzeko gune batean. RIA Novosti Errusiako berri agentziak argitaratu zuen erasotzaileak —momentuan hil zituzten— Sobietar Batasun ohiko errepublika batekoak zirela, baina ez zuen datu gehiago eman.

Bestalde, Errusiak baldintza bat jarri du Ukrainako laboreen esportaziorako ituna luzatzeko: Mendebaldeak erraztea Errusiako labore eta ongarrien esportazioa. Hori esan zion Aleksandr Fomin Errusiako Defentsa ministrordeak NBE Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiorde Martin Griffithsi, atzo, Moskuk jakinarazi zuenez. Horrekin lotuta, Ukrainak adierazi zuen atzo urriko lehen erdian esportatutako labore kopurua iaz epe berean eta gerrarik gabe esportatutakoa baino %2 txikiagoa dela.

Errusiak 170 bat tanke eta blindatutako 200 ibilgailu inguru bidaliko ditu Bielorrusia eta Ukraina arteko mugara, Bielorrusiako Defentsa Ministerioak atzo jakinarazi zuenez. 9.000 soldadu ere mobilizatuko ditu eremura. Minsken eta Moskuren arteko akordioak helburu «defentsiboa» du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.