Gero eta duda handiagoak daude izurriak Txinan hildakoen kopuruaz

Pekinek jakinarazi du abenduaren 7an COVID-19aren aurkako neurriak arindu zituztenetik zazpi pertsona hil direla herrialde osoan. Indarrean zeuden beste murrizketa batzuk kendu dituzte

Herritar batzuk Shanghai hiriko kale batean, joan den astean. ALEX PLAVEVSKI / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Txina izan da COVID-19ari aurre egiteko azkeneko ia hiru urteotan neurririk zorrotzenak hartu dituen herrialdea. Pekinek, baina, neurriak bertan behera utzi zituen abenduaren 7an. Bi aste geroago, kutsatutakoen kopurua nabarmen handitu da: iturri ofizialen arabera, 2.722 kasu berri detektatu zituzten atzo. Hildakoei dagokienez, herenegun jakinarazi zuten abenduaren 3az geroztik bi pertsona hil direla izurriagatik, eta, atzo, beste bost hildakoren berri eman zuten. Baina aintzat hartutaCOVID-19ak zenbat hildako eragin dituen beste herrialdeetan eta herrialdeak 1.400 milioi biztanle inguru dituela, gero eta zalantza handiagoak daude Txinan izurriak azken asteetan eragindako hildakoen inguruan.

Council on Foreign Relations zentroko Yanzhong Huang osasun globalean espezialista da, eta, atzo, Reuters berri agentziari adierazi zion «hildakoen kopurua [ofiziala] kaleratutakoa baino nabarmen txikiagoa» dela. Iruditzen zaio hori gerta litekeela estatuak gaitasunik ez duelako «jarraipen eraginkorra» egiteko, behin PCR test masiboen kanpaina amaitutzat emanda. Bide batez, aditu horrek pentsatzen du datu horiek plazaratuta Pekin beharbada «ahalegin bat» egiten ari dela herritarren artean izua areagotzea «eragozteko». Sare sozialetan ere, txinatar askok plazaratu dituzte zalantzak. Beste batzuen esanetan, berriz, gobernua ez da egia esaten ari. «Estatistiketan azaltzen diren datuak gorabehera, badakit azken egunetan askoz ere jende gehiago hil dela», esan du erabiltzaile batek Weibo sare sozialean.

Pekinek erabaki zuen konfinamenduak bertan behera uztea, azaro amaieran herrialde osoan hedatu baitziren azkeneko hiru urteetako neurrien aurkako protestak. Handiak izan ziren mobilizazioak. Gobernuaren arabera, bazeuden neurriak arindu ahal izateko «baldintzak».

Eta Txinako agintariak indarrean zeuden neurrietako batzuk arintzen ari dira oraindik. Garraio Ministerioak atzo jakinarazi zuen eskualdeen artean garraio publikoan egindako bidaietan ez dela beharrezkoa izango PCR proben emaitzak edo «osasun kode bat» erakustea.

Bide beretik, Txinako zenbait hirik, Chongquingek eta Hangzhouk kasurako, iragarri zuten COVID-19arekin kutsatuta egonagatik asintomatikoak direnak lanera joan daitezkeela. Hori jaso dute hango egunkariek. Hau da, pauso bat gehiago eman dute birusarekin bizitzeko orduan.

Urte berriko oporrak

Gobernuak emandako datuen arabera, 2019tik 5.237 pertsona hil dira Txinan birusaren ondorioz. Zenbait osasun adituk ohartarazi dute balitekeela hildako kopurua milioi eta erdi ingurukoa izatea datozen hilabeteetan. Argudiatu dute munduko herrialderik populatuenean ez dutela talde immunitaterik, 2019ko abenduaz geroztik oso ohikoak izan baitira konfinamendu masiboak, eta joan-etorriak ere oso mugatuta egon baitira. Horrekin lotuta, urtarrilaren 21etik eta 27ra bitartean urte berria ospatuko dute Txinan, eta, ospakizun horretan, urteko migraziorik handiena izaten da munduan.

Bada, gainera, kutsatze kopuruan eragin dezakeen beste aldagai bat: txertaketa tasak ez dira oso handiak adindunen artean. Xinhua Txinako berri agentziaren arabera, 60 urtetik gorakoen %87k txertoaren dosi guztiak hartu dituzte. Baina 80 urtetik gorakoen artean, ehunekoa nabarmen txikiagoa da: %66.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.