Argentinako krisi ekonomikoa, are makurrago hauteskunde urtean

Urte arteko inflazioa %108ra iritsi da, eta 18 milioi lagun bizi dira pobrezian. Gobernuak iragarri du neurriak hartuko dituela kanbio krisia eragozteko. Urriaren 22an izango dira presidentetzarako bozak

Sergio Massa Argentinako Ekonomia ministroa, presidentetzarako aurkeztea aztertzen ari da. ALEJANDRO PRIETO / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2023ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Badirudi Argentinako inflazioak ezerezean utziko duela Sergio Massa egungo Ekonomia ministroaren ametsa, hau da, presidentetzarako hautagai gisa aurkeztea. Maiatzaren 12an eman zuten azkenekoz hilabeteko inflazio indizearen berri, ortziralearekin, eta, adierazi zutenez, apirileko hilabeteko inflazioa %8,4 izan zen, 2002tik izandako handiena. Hori dela eta, Ekonomia Ministerioak igande horretan bertan iragarri zuen zenbait neurri hartuko zituela, ortodoxoak denak ere, merkatuen erreakzioa leunagoa izan zedin astelehenean, eta hala, ez zedin apirilekoaren pareko kanbio krisirik piztu, martxoko KPIaren datua ezagutarazi zelarik erreserbak apaldu egin baitziren, eta dolarretako gordailuak galdu.

Bertzeak bertze, neurri hauek ezartzea erabaki du Ekonomia Ministerioak: epe finkoko gordailuen interes tasak sei puntu igotzea, Banku Zentralak gehiago esku hartzea kanbio merkatuan eta pesoaren debaluazioa kudeatzeko orduan, eta NDF Nazioarteko Diru Funtsarekin eta BRICSekin (Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika) akordioak egiteko prozesua bizkortzea.

Horietaz gain, kontsumoa babesteko neurriak ere hartuko dituzte: konparazio batera, sektore zaurgarriei diru gehiago itzuliko zaie zordunketa txartelekin egindako erosketetan, kontsumoa sustatzeko. Bertzalde, bertan behera utziko dituzte dumpingaren kontrako neurriak, errazagoa izan dadin prezioari dagokionez tokiko ondasun eta hornigaiekin lehiatzeko moduan diren produktuak inportatzea. Gainera, Merkatu Zentralak frutak eta barazkiak merkaturatzeko zentro bat da, estatu arteko erakunde publiko gisa funtzionatzen duena zeregin bat gehiago izanen du: jakiak zuzenean inportatuko ditu, muga zergarik ordaindu gabe, galtzen ez diren produktuak eta jaki freskoak merkatu daitezen. Urtea hasi geroztik, prezioak %32 garestitu dira jada.

Urte arteko inflazioa 108,8 da Argentinan, eta, 2022ko bigarren seihilekoko datuen arabera, pobrezia indizeak larritzeko modukoak dira: herritarren %39,2 (18 milioi lagun) eta familien %29,6 pobreak dira. Nahiz eta iaz ekonomia %5,2 hazi zen eta langabezia, aldiz, %7tik %6,3ra apaldu, pobrezia izugarri zabaldu zen inflazioaren ondorioz.

Dolarra

Argentinako ekonomian bi dibisa daude, de facto: peso argentinarra eta dolarra. Pesoa ia ez da erabiltzen gordailuetan, eta gero eta gutxiago baliatzen da bai kontu unitate gisa eta bai ordaintzeko orduan ere. Hori dela eta, dolarraren gaineko presioa hagitz handia da.

Gobernua neurri ortodoxoak probatzen ari da, eta gisa guzietako negoziazioak abiarazi ditu, bai Argentinan bertan eta bai nazioartean ere. Txinatik itzuli zen egunean berean, Luiz Inazio da Silva Lula Brasilgo presidentea Alberto Fernandez Argentinakoarekin bildu zen telematikoki, ordezkaritza bat Brasilera joan aitzin, Argentinako egoera leuntzeko neurriei buruz eztabaidatzeko. Epe laburreko neurriak hartzen ari diren honetan, Lula deliberatua da inguruko herrialdeen arteko salerosketak tokiko dibisekin egitera; preseski, horixe da haren agintaldiko apustu nagusietako bat dolarra ordezkatzeko.

Helburu horrekin loturik, Argentinak apirilaren akabailan iragarri zuen ituna egin duela Txinarekin, handik inportatutako produktuak dolarrekin ordaindu beharrean yuanekin pagatu ahal izateko. Bertzalde, BRICS taldean sartzeko negoziazioetan ere ari da Argentina. Hilabete hondarrean, Massa Txinara joanen da, Garapenerako Bankuaren urteko bileran parte hartzera, xede izanik Brasildik inportatutako produktuetarako aurrefinantzaketa lortzea dolar eskasiari buru egiteko.

Hori gutxi balitz bezala, Argentina NDFrekin negoziatzen ari da Mauricio Macri presidente ohiaren garaitik, 2018an 45.000 milioi dolar estatubatuarreko zorra egin baitzuen erakunde horrekin. Oraingoz, zenbait ordainketa gibelatzea bertzerik ez dute lortu, eta NDFk dirua aitzinatzea, batez ere zorra pagatu ahal izateko; beraz, aitzinatutako diru horren parterik handiena NDFra itzultzen da, finean.

Egunotan, idortea dute hizpide negoziazioetan, kalkulu guziak zaildu baitzituen, eta, horregatik, Argentinak nahi du egungo akordioa oso-osorik birplanteatzea, eta Brasilen babes esplizitua du auzi horretan. Gobernua programa berriro formulatzeko aukera aztertzen ari da, bide emanen diolakoan erreserbak sendotzeko, espektatibak baretzeko eta urrian egitekoak diren hauteskundeetara hain estu ez ailegatzeko.

Oposizioan ere ez da ideia bikainik. Javier Mileik, Bolsonaro argentinarrak, hitzeman zuen ekonomia dolarizatuko zuela, eta Cristina Fernandez de Kirchner presidenteordeak eskola magistral bat emanez erantzun zion, eta azaldu zein izugarriak izan ziren ondorio ekonomikoak bide hori hautatu zuten herrialdeetan, hala nola Ekuadorren. Mileik antipolitikaren ordezkari gisa aurkeztu du bere burua, eta, bertzeak bertze, ontzat jo du «organoen salerosketa», iritzita «bertze edozein merkaturen parekoa» dela, baina arazoa da inkesten arabera emaitza hagitz onak lortuko dituela.

Alderdirik txikienak eta hauteskundeetan aukera gutxi dituztenak alde batera utzita, Macri presidente ohiaren alderdiak ordezkatzen du oposizioaren bertze aurpegia, Elkarrekin Aldaketaren Alde taldeak. Alderdi hori barne gatazketan korapilatua da, ez du proposamen anitzik egin, eta egin dituen bakanak gastu publikoa murriztearekin lotuak daude.

Fernandez de Kirchner

Badirudi Fernandez de Kirchner dela balantza bertze aldera mugiarazteko aukera duen bakarra; izan ere, herritarren iruditerian, bizi baldintza duinei bide eman eta boteretsuei buru egin zien gobernu baten azken ordezkaria da hura. Baina, aldi berean, gobernuaren egungo kudeaketaren erantzuletzat ere hartzen dute batzuek, Kirchnerrek ahaleginak egin baditu ere bere irudia eta gobernuaren jarduna bereizteko. Nahiz eta baden Kichner presidentetzarako hautagai izatearen aldeko mugimendu bat, deiadar operazioa deitua, behin baino gehiagotan erran du Kichnerrek dena emana duela jada.

Nolanahi ere, anitzek esperantzari eusten diote, baita Massak ere, sinesten baitu oraindik baduela aukera presidente izateko, haren agintaldiaren emaitzak ezin kaskarragoak izanik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.