Brasilek deforestazio marka hautsi du berriz Amazonian

Urtearen lehen seihilekoan, inoizko baso suntsitzerik handiena erregistratu dute: 4.000 kilometro koadro. 7.500 sute baino gehiago izan dira epe horretan

Haur bat Brasilgo Amazoniako Marmelo ibaiaren ondoan, artxiboko irudi batean. FERNANDO BIZERRA JR / EFE.
Hodei Iruretagoiena - Gorka Berasategi Otamendi
2022ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Brasilgo Amazonian 3.987 kilometro koadro oihan suntsitu dituzte urteko lehen sei hilabeteetan. Iazko kopuruaren aldean, %10 handiagoa izan da deforestazioa. Urtearen lehen erdian erregistratu duten daturik okerrena da INPE Ikerketa Espazialen Institutu Nazionala 2016an datuak ematen hasi zenetik. Aurten uztailera arte hondatu den baso eremua ia Bizkaiko eta Gipuzkoako azaleren batura bestekoa izan da. Ekainean soilik, 1.120 kilometro karratu deforestatu zituzten Amazonian.

Urtez urte datuak okertzen ari dira, eta Brasilgo Gobernuaren kontrol faltari egotzi diote joera zenbait elkarte ekologistak. Jair Bolsonaro presidenteak, berriz, lehengaien esplotazioa lehenetsi beharra argudiatu du, baita indigenen erreserbetan ere, gune horietan legez debekatuta egon arren. Bere diskurtsoetan, Amazonian meatzaritza eta nekazaritza sustatzearen alde agertu da. Kritikoek leporatzen diote urre bilatzaileei, nekazariei eta egur ustiatzaileei zigorgabetasuna bermatzea. Brasilgo meatze esplotazioen gehiengo handia Amazonian dago, eta herrialdean saltzen den egurra, ia osoki, legez kanpo ateratzen da handik.

Bestalde, suteek ere kalte handia eragin dute Amazonian.INPEren sateliteek 7.500 sutetik gora atzeman dituzte urtearen lehen erdian; iazko datuen aldean, %17 gehiago. Horien herenak ekainean gertatu ziren. «Lehorte garaia hasi besterik ez da egin Amazonian, eta dagoeneko ingurumenaren suntsitze markak hausten ari gara», adierazi zuen Cristiane Mazzeti Brasilgo Greenpeaceko kideak.

Amazoniari Buruzko Zientzialari Taldearen iazko ikerketa batek ondorioztatu zuen egungo deforestazio erritmoari eutsiz gero egoera atzera-bueltarik gabeko puntu batera helduko dela 2050. urtearen aurretik. Joera aldatu ezean, landarediaren %70 galduko luke mendearen erdira heldu baino lehen.

Biodibertsitatearen mende

Espezieen aniztasuna zaintzeko beharraz ohartarazi zuen atzoIPBES Biodibertsitateari BuruzkoGobernu Arteko Taldeak. Txosten batean jaso duenez, gizakiek 50.000 espezie erabiltzen dituzte beraien oinarrizko beharrak asetzeko, eta, horietatik 10.000 baino gehiago dira elikatzeko ustiatzen dituzten espezie basatiak.

Aditu taldeak ohartarazi duenez, mundu osoko biodibertsitate krisiak desagertzeko zorian jarri ditu milioi bat landare eta animalia espezie, baina gizakiarentzako mehatxu ere bada, bost herritarretik bat delako bizidun basatien mendeko, elikatzeko ala sostengu ekonomikoa lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.