Lantegi Batuak fundazioko langileek grebarekin estutu dute negoziazioa

Sindikatuen arabera, beharginen %60k egin dute lanuztea soldata igoera KPIarekin lot dezaten. Zuzendaritzak, batez beste, %1,17ko igoera proposatu die, eta langileek ez dute onartu

Lantegi Batuak fundazioko ehunka langilek manifestazioa egin zuten, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Abendu beroa izaten ari da Lantegi Batuak fundazioan. Hilabetea hasi denetik, bi manifestazio egin dituzte eta hamabost minutuko beste horrenbeste kontzentrazio lantegien atarietan. Hori guztia hitzarmen «duin» bat eskatzeko helburuarekin. Atzo, ordea, pauso bat gehiago eman, eta greba egin zuten langileen %60k. Hala jakinarazi zuten lanuztera deitutako langile batzordeko bozeramaileek. «Orain arte egin ditugun manifestazio, kontzentrazio eta greba egunak nahikoa izan beharko lukete zuzendaritzak jarrera aldatu eta lan itun berria negoziatzeko». Hala azaldu zuen Luis Alvarez langile batzordeko presidenteak. Eta jarrera aldatu ezean, aurrera begira ez dute baztertzen mobilizatzen jarraitzea.

Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitza paretik abiarazi zuten greba eguneko manifestazio nagusia. «Lantegi Batuak-eko langileok borrokan. Itun duin baten alde», zioen pankarta zabaldu zuten Kale Nagusian, eta haren atzean jarri ziren ehunka behargin danbor hots eta sirena zarataren laguntzarekin. «Jo ta ke, irabazi arte», «Lantegi entzun, borrokan gauzkazu» eta «borroka da bide bakarra» oihuekin jarraitu zuten, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzara arteko bidea egin zuten gisa horretan. Aldarrikapen argi batekin, gainera: soldata igoerak KPIaren erreferentzia izatea.

2017ko abenduaren 31tik daukate Lantegi Batuak fundazioko beharginek lan hitzarmena berritu gabe. Aurretik ere hitzarmenarekin bueltaka ibili dira, gainera: 2012. eta 2014. urtearen artean soldata izoztuta eduki zuten, eta 2015. eta 2017. urte artean %1eko igoera izan zuten, urtero. Azken hamar hilabeteetan negoziatzen aritu dira sindikatu eta zuzendaritza, baina azken horrek egindako proposamenak «lotsagarriak» izan direla salatu dute egun hauetan langileen ordezkariek.

Batez besteko %1,17ko soldata igoera proposatu die zuzendaritzak. Igoera hori baino handiagoak posible direla esan zuen Alvarezek, azken urteetan izandako irabaziek horretarako aukera ematen duelako. «Irabazi asmorik gabeko fundazio bat da, gainera, eta horrek ahalbidetu beharko luke igoera». Baina, gaur-gaurkoz, horrelako proposamenik ez dago mahai gainean.

Desgaitasun fisiko edo psikikoak dituzten pertsonak lan merkatura gerturatzeko lan egiten du Lantegi Batuak-ek, eta 2.200 langile ditu 21 zentrotan. Industria eta zerbitzu sektoreetan aritzen dira lanean. Atzoko greba egunarekin urrats bat gehiago egin dutela sentitzen dute langileek, eta urtarrilean zuzendaritzarekin negoziazio mahaian berriro esertzea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.