Arrakala bila mugetan

Kolonbiatik Venezuelara «laguntza humanitarioa» sartzen saiatuko dira gaur Guaido eta haren nazioarteko aliatuak. Brasilgo muga itxita dauka Madurok

Venezuelako, Kolonbiako, AEBetako eta Txileko banderak, atzo, Kolonbiako Cucuta hiriko kontzertuan, Venezuelako mugan. MAURICIO DUEÑAS CASTAÑEDA / EFE.
mikel rodriguez
2019ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Gaur beteko da hilabete Juan Guaido Venezuelako oposizioko kideak bere burua herrialdeko behin-behineko presidente izendatu zuenetik. Amerikako, Europako, Asiako eta Ozeaniako 53 estatuk onartu dute Guaido Venezuelako agintari goren gisa, baina epe horretan ez du lortu boterea hartzea. Presioak presio, Nicolas Madurok presidentetzari eutsi dio, eta Guaidok eta haren nazioarteko aliatuek asteburu honetarako bertze tentsio puntu bat behartzea erabaki dute, Venezuelako Gobernuan behin betiko arrakala bat irekiko duten esperantzan: Kolonbiako mugan dagoen 600 tonako «laguntza humanitarioa» sarrarazten ahaleginduko dira gaur. Horretarako, milaka lagun elkartu zituen kontzertu bat antolatu zuten atzo—250.000 espero zituzten antolatzaileek—, Kolonbiako Cucuta hirian, baina, handik 300 metrora, Tienditas zubiaren bertze aldean, Venezuelako Gobernuak antolatu zuen berea, atzerriko esku hartzeen aurka.

Guaidok herri mobilizazioekin eta nazioarteko diplomaziarekin hasi zuen presio estrategia, duela hilabete bat. Oposizioak aitzineko urteetan egin dituen ekintzekin alderatuta, indarkeria gutxiago eragin dute horiek orain arte. Ondoren, presioa handitu nahi izan zuen, militarrei Maduro boteretik kentzeko eskatuta —gatazkaren gako nagusietako bat da armadaren jarrera—. Orain, herrialdearen mugetara mugiarazi nahi du gatazka, motibotzat erabilita AEBek eta bertze hainbat estatuk bidali duten «laguntza humanitarioa». Venezuelak krisi ekonomiko larria bizi du petrolioaren prezioa erortzen hasi zenetik (2014). Oposizioak eta aurka dituen herrialdeek gobernuari leporatzen diote erantzukizuna, eta gobernuak, berriz, salatzen du aurka dituen herrialdeek «blokeoa» eta «gerra ekonomikoa» egiten diotela.

Atzoko propaganda eta kontrapropaganda kontzertuek anitz berotu dute giroa, eta gaur zer gertatuko zain gelditu dira alde guztiak. Guaidoren ekinaldia nazioarteko aliatuekin ongi koordinatutako ekintza bat da. Richard Branson enpresari ingeles ezagunak finantzatu zuen atzoko kontzertua, eta gaztelania hiztunak diren herrialdeetan ezagunak diren hainbat musikari kontratatu zituzten. Egiazko ekintza gaur goizean hasiko dute, eta ordu zehatza ere jakinarazia du Guaidok: 09:00etan saiatuko dira Kolonbian dagoen materiala Venezuelan sartzen —15:00etan Euskal Herrian—. Ez dute jakinarazi nola.

AEBek, ordea, gerta daitekeenaren kontakizuna prest dute: «Venezuela barrenean odola isurtzen bada, Venezuelako indar armatuen eta guardia kubatarren errua izanen da», adierazi zion atzo Etxe Zuriko «goi funtzionario» batek Espainiako Efe berri agentziari. Washingtonek ordezkari berezi bat bidali du Cucutara: Elliott Abrams, Latinoamerikarekin iragan beltza duen politikaria, Ilhan Omar kongresista demokratak joan den astean oroitarazi zion bezala. «Uste duzu gure begiradapean gertatu zen sarraski hura 'lorpen bikain bat' izan zela?», galdetu zion El Salvadorko militarrek 1981ean egin zuten hilketa masibo bati buruz Abramsek 1982an egin zituen adierazpenengatik —Estatu Departamentuko ordezkaria zen orduan, eta Latinoamerikako esku-hartze politiken diseinatzaileetako bat izan zen—. Abramsek ez zion erantzun.

Hilketa salaketak

Kolonbiakoaz gain, Brasilgo mugan ere bertze tentsio puntu bat sortu du oposizioak. Handik ere «laguntza humanitarioa» sarrarazteko asmoa dute gaur, eta, Bolivar estatuko oposizioko diputatuen arabera, armadak atzo bi herritar hil zituen protestetan. Madurok Brasilgo muga ixteko agindu zuen herenegun. Presidentearen ustez, AEBek «inbasio bat» egin nahi dute giza laguntza «aitzakia gisa» erabilita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.