Kataluniako prozesu subiranista. Epaiketa

Lekukoen deklarazioetan «debate ideologikoa» eragotziko du Gorenak

Cuixarti irailaren 20az galdetuko diote gaur, eta Forcadelli, parlamentuak onartu legeen tramitazioaz. Bihar, Rajoyk azalduko du zergatik ez zuen alarma egoera ezarri ustez matxinada egon bazen

Manuel Marchena epaimahaiburua azalpenak ematen, joan den asteazkenean, ezker-eskuin epaileak dituela, eta parean hamabi akusatuak. EFE.
Igor Susaeta.
2019ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Orain arteko epaiketa egun guztietan, hitza hartzeko baimena eskatu izan du Olga Arderiuk, Carme Forcadellen abokatuak. Manuel Marchena epaimahaiko presidenteak mintzatzeko aukera eman izan dio, eta Kataluniako Gobernukoak ziren akusatuei galdetu izan die ea Forcadellek Generalitatearen bileretan parte hartzen zuen. Ezetz erantzun dute. Kataluniako Parlamentuko presidente kargugabetuak gaur deklaratuko du prozesu subiranistaren kontrako epaiketan, Espainiako Auzitegi Gorenean, eta defendatuko du legebiltzarrean edozeri buruz eztabaidatu daitekeela; are, subiranotasunari, independentziari eta autodeterminazioari buruzko hogei ebazpen baino gehiago onartu izan dituela parlamentuak 1980ko hamarkadatik. Haren aurretik, 09:30ean hasita, Jordi Cuixart Omnium Culturaleko presidentearen txanda izango da. Jordi Sanchez ANC Biltzar Nazional Katalaneko presidente ohiaren deklarazioan gertatu bezala, 2017ko irailaren 20an Ekonomia Kontseilaritzaren eraikinaren parean egindako mobilizazioaz galdetuko diote erakunde zibil independentistako liderrari. Matxinada egozten die biei Ministerio Publikoak. Fiskalaren eta Estatuko abokatuaren galderei erantzuteko asmoa daukate.

Epaiketako hamabi akusatuen artean haiek izango dira deklaratzen azkenekoak. Azken orduko ezustekorik gertatu ezean, epaiketa bihar sartuko da lekukoen fasean. Lehendabiziko lekukoak, aste honetan Gorenetik igaroko direnak, agintari politikoak izango dira. Mariano Rajoy 2017ko irailean eta urrian Espainiako Gobernuko presidentea zena, esate baterako, biharko deituta dago. Lekukoak behartuta daude egia esatera —lekukotza faltsuaren delitua egotzi diezaiekete, bestela—, eta alde guztien galderei erantzun behar diete. Josep Rullen, Jordi Turullen eta Sanchezen abokatu Jordi Pinak eskatu zuen Rajoy lekuko izatea, eta galdetuko diona izango da, adibidez, zer egin zuen haren gobernuak Katalunian ustez gertatzen ari zen matxinadaren aurrean. Galdetuko dio ea zergatik ez zuen ezarri halako egoeretarako pentsatutako alarma edo salbuespen egoerarik. Halere, Goreneko iturriak aipatuz zenbait hedabidek kaleratutakoaren arabera, epaimahaiak «debate ideologiko bat» eragotzi nahi du lekukoen deklarazioetan. Horregatik, galderen eta erantzunen kontrolean «oso zorrotz» jokatuko du. Kontuan hartu behar da herri akusazioaren, hots, Voxen galderei erantzun beharko dietela, gainera. Dena den, aintzat hartu behar da fiskalak beraiek izan zirela auzia eremu politikora eraman zutenak duela bi aste, epaiketaren aurretiazko kontuetan.

Eta fiskalek ez dute asmatu, bestalde, matxinadaren kontakizuna osatzerakoan. Forcadelli ere delitu hori leporatzen diote, eta galdetuko diote 2017ko irailaren 6an eta 7an erreferenduma egiteko legeen tramitazioaz, baita urriaren 27an parlamentuak egindako independentzia aldarrikapenaz ere. Azken horri, hain zuzen, balio juridikoa kendu diote Gorenean deklaratu duten akusatu guztiek. Cuixartek, berriz, autodeterminazio eskubidearen defentsa egingo du.

Rajoyk, bestalde, bi gobernuen artean negoziaziorik egon ote zen argitu beharko du. Santi Vilak izan ezik, gainontzeko akusatuek esan dute ezetz, ez zela halakorik egon. Rajoyk beti adierazi izan du «erreferenduma edo erreferenduma» proposatzen zuela Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuak.

Diru publikoa bidegabe erabiltzearenustezko delitua ere plazaratuko dute hurrengo egunetan. Akusatuek azpimarratu dute euro bat bera ere ez zutela jarri galdeketarako, eta Cristobal Montoro Ogasun ministro zenak gauza bera nabarmendu zuen iazko apirilean. Bihar deklaratuko du. Datorren astetik aurrera, gainontzeko lekukoen txanda izango da; horietako asko poliziak dira. Francesc Homs Pinaren laguntzaileak esan duenez, Gorenak jakinarazi die apirilaren 12rako bukatu nahi duela epaiketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.