Joera bat sendotzen ari da

Ezkerreko blokeak lortu du ordezkari gehien Danimarkako bozetan: 179tik 96. Eskuin muturrak 21 diputatu galdu ditu, eta lehen ministro liberalak dimititu egin du

Joera bat sendotzen ari da.
ander perez zala
2019ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Danimarkak bat egin du Europa iparraldeko herrialdeen joerarekin. Finlandian, sozialdemokratek irabazi zituzten joan den apirileko hauteskundeak; Suedian, lehen indarra izan ziren iazko bozetan; eta Norvegian gauza bera egin zuten, 2017an egindakoetan. Danimarkako sozialdemokratek bide bera jarraitu dute, eta parlamentuan ordezkaritza handiena duen indarra izan da herenegun egindako bozetan 2015ean bezala—, 48 diputatu erdietsita. Eta, garaipena borobiltzeko, ezkerreko alderdien blokeak gehiengo osoa izango du datorren legealdian: 179 ordezkaritik 96. Mette Frederiksen atzora arte oposizioaren buruzagi zenak dena du aldeko lehen ministro kargura heltzeko.



Izan ere, Lars Lokke Rasmussen liberalak atzo kargu horren dimisioa eman zuen. Danimarkako Alderdi Liberalak 43 diputatu izango ditu parlamentuan, aurreko legealdian baino bederatzi gehiago, baina eskuineko blokeko gainontzeko alderdiek beheranzko joera izan dute, blokeak gehiengo osoa galtzeraino. 2015eko bozetan ere Alderdi Sozialdemokrata izan zen babes handiena jaso zuena, baina eskuineko blokeak lortu zuen ordezkaritza handiena, eta Rasmussenek gutxiengo gobernua osatu zuen. Oraingoan ezinezko izango du hori egitea, Daniar Alderdi Popularra (DF) ultraeskuindarrak 21 diputatu galdu baititu, hamaseirekin geratzeraino; Aliantza Liberala laurekin geratu da (-9), baina eskuineko gainontzeko indarren gorakadak ez du blokearen beheranzko joera orekatu.

Rasmussenen lehen jokaldia izan zen sozialdemokratei «zentroko gobernu bat» osatzeko eskaria egitea, baina berehalako ezezkoa jaso zuen atzo. Orain, Frederiksenek ezkerreko blokeko alderdien baiezkoa lortzeko negoziazioak izango ditu aurretik, Margarita II.a erreginak gobernua osatzeko agindua eman baitio. Migrazioaren auzia izango da punturik gatazkatsuena, aurreko legealdian sozialdemokratek hori murrizteko proposamen guztien alde egin baitzuen parlamentuan; Frederiksen buruzagi denetik, alderdiak jarrera gogorragoa izan du auzi horretan.

DF ez da giltzarri izango

Eskuin muturreko DFk gobernabidean giltzarri izateari utziko dio, mende honetan lehenengoz. Alderdi hori Aurrerakuntzarako Alderditik banandu zirenek sortu zuten, 1995ean, eta «Danimarkako ondare kulturala» babestea izan du helburu, etorkinen aurkako diskurtsoa ardatz hartuta. 2001ean, DFren babesarekin osatu zuen gobernua Alderdi Liberalak, eta harrez geroztik itzalpean izan dira, babesaren truke liberalei neurriak eskatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.