Rohanik esan du ez duela gerrarik nahi «herrialde bakar batekin ere»

Pentagonoak iragarri du beste 1.000 soldadu bidaliko dituela Ekialde Hurbilera. AEBen eta Iranen arteko tentsioa dela eta, Errusiak adierazi dio Washingtoni ez dezala Teheran «probokatu»

Hassan Rohani Irango presidentea, atzo, Teheranen, aireportuaren terminal berri bat irekitzeko egindako ekitaldian. EFE.
Igor Susaeta.
2019ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Azkeneko asteotan gora egin du Iranen eta AEBen arteko tentsioak. Washingtonen iritziz, Irango indarrek eraso egin zieten AEBetako armadako bi petroliontziri, joan den ostegunean, Omango golkoan. Maiatzean ere antzeko eraso bat egin zutela diote, gainera. Iranek ezetz dio, ez direla eraso horien egileak. Halere, atzo goizaldean, Pentagonoak iragarri zuen 1.000 soldadu gehiago bidaliko dituela Ekialde Hurbilera. Maiatzean ere beste 1.500 bidali zituen, eta guztira 20.000 daude eremu hartan hedatuta. Bestetik, tentsioa handitu izana ulertze aldera, aintzat hartu behar da Irango Erregai Atomikoaren Agentziak herenegun jakinarazitakoa: uranioaren biltegiratze muga hilaren 27an gaindituko duela. Hain zuzen ere, 2015ean Irango akordio nuklearra sinatu zutenean, muga hori ez gainditzeko konpromisoa hartu zuen Teheranek.

Baina Donald Trumpek bultzatuta, AEBak akordiotik atera ziren iaz, eta zigor ekonomikoak ezarri zizkioten, berriro, Irani. Teheranek hilabeteak daramatza ituna izenpetu zuten Europako Batasuneko herrialdeei —Alemania, Frantzia eta Erresuma Batua— adierazten neurriak har ditzatela zigorrei aurre egin ahal izateko. Joan den maiatzaren 8an Hassan Rohani Irango presidenteak iragarri zuen konpromisoei uko egiten hasiko zela Iran. Eta hala egin du. Presidenteak atzo nabarmendu zuenez, Iranek nazioarteko akordioak bete ditu, eta AEBak izan dira nazioarteko itunak «zapaldu» dituztenak. Halere, eta Pentagonoak egindako azken mugimendua gorabehera, «herrialde bakar batekin ere» gerrarik ez duela nahi gaineratu zuen.

Patrick Shanahan AEBetako Defentsa idazkari behin-behinekoak komunikatu baten bidez adierazi zuenez, «defentsarako helburua» dute Ekialde Hurbilerako bidalitako soldaduek. Azpimarratu nahi izan zuen Washingtonek ez duela Iranekin «gatazkarik» edukitzeko intentziorik.

Barack Obama AEBetako presidente zen garaian egindako akordio nuklearraren beste bi sinatzaileek, Txinak eta Errusiak, ohartarazpen bat egin nahi izan diote Washingtoni. Wang Yi Txinako Atzerri ministroak bi eskaera egin zituen atzo. Batetik, berriro akordioarekin bat egiteko eskatu dio Irani —izan ere, maiatzaren 8an akordiotik atera zen, partzialki—; bestetik, «muturreko presioa» baretzeko AEBei, bestela «Pandoraren kutxa» zabal daitekeelako Ekialde Hurbilean. Sergei Riabkov Errusiako Atzerri ministrordearentzat, berriz, AEBen ekintzak «egiazki probokatzaileak» izaten ari dira.

Trumpek iazko maiatzean hartutako erabakiarekin kritiko direnen esanetan, akordiotik aterata Ekialde Hurbilean krisi bat sortu dute AEBek. Obamaren aholkulari izan zen Ben Rodhesen ustez, Etxe Zuriko maizterraren erabakiak eragin du Iranen «mehatxu nuklearrak» okerrera egitea, eta «gerra arriskua» areagotu du.

Europako Batasuna, zain

Bien bitartean, Europako herrialdeek ez dute Trumpek Irani ezarritako zigorrei aurre egiteko neurririk hartu. Federica Mogherini EB Europako Batasuneko diplomaziaburuari herenegun galdetu zioten uranioaren biltegiratze mugaz, eta adierazi zuen ez zuela «adierazpen batzuei» buruzko baloraziorik egingo; IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziaren txostenaren zain dagoela. IAEAk ez du, oraingoz, Iranek iragarritakoari buruzko iruzkinik egin, baina Yukiya Amano erakundearen zuzendariak lehengo astean adierazi zuenez, Iranek uranioa aberasteko prozesua «azkartu» du.

60 egunen buruan Europako herrialdeek neurririk planteatzen ez bazuten beste erabaki batzuk hartuko dituela iragarri zuen Rohanik, maiatzaren 8an. Uztailaren 6a da epemuga.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.