Erretiro adina bi hilabete atzeratuko da, 65 urte eta hamar hilabeteraino

Pentsioa kalkulatzeko kotizazio epea urtebete luzatuko da, eta 23 urtekoa izango da 2020an. 2019an baino hiru hilabete gehiago kotizatu beharko da 65 urterekin erretiroa hartu ahal izateko

Erretiro adina bi hilabete atzeratuko da, 65 urte eta hamar hilabeteraino.
xabier martin
2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Beranduago eta gutxiago. Hego Euskal Herriko pentsioei buruz hitz egin behar denean, aldagai bi horiek jarri behar dira aurretik 2011. eta 2013. urteetako erreformak indarrean sartu zirenetik. Beranduago hartuko dute langileek erretiroa 2020an, eta, gainera, pentsio apalagoa jasoko dute; kalkulua egitean, lan bizitzako azken 23 urteak hartuko baitira kontuan, aurten baino bat gehiago. Esan beharrik ez dago: zenbat eta atzerago joan, orduan eta soldata apalagoak azalduko dira; pentsio apalagoen emaitza ateratzen da haiek ekuazioan sartuta.

Alegia, 2020. urtean ere aurrera egingo du defizit handiko sistema dela barneraturik daukan politikaren bide orriak, baita pentsiodunak kalean daudela ere. Hamarkada hasierako erreforma biak aldatzen ez diren bitartean, ezaguna da geroa: pentsio apalagoak eta erretiro adin handiagoa. 2020an beste 60 egun atzeratuko da kotizaziopeko pentsioa lortzeko adina, eta jadanik 65 eta hamar hilabetekoa izango da.

Pentsioen sistemaren gastuak goia jo du 2019an, eta kotizazioen diru sarrerak ez dira nahikoa gero eta handiagoa den gastuari aurre egiteko; zigor handiegia gertatzen ari zaio sistemari soldata apal gehiegiren ekarpen eskasa. Bestalde, Gizarte Segurantzaren aseguru gisa jokatu duen pentsio itsulapikoa hutsik dago kasik, 2.150 milioi euro baizik ez baititu orain. Espainiako Gobernuak 2.900 milioi atera ditu Eguberrietako aparteko saria pagatzeko, eta xahutuak dituzte 2011n eltzeitsu horrek izan zituen 66.800 milioi euroak.

Argi dago pentsio sistema publikoaren auzia dela datozen urteetako erronkarik handienetakoa. Pentsiodunek bi urte egin dituzte kalean pentsio erreformen neurririk gogorrenak lehengoratzeko eskatzen. 1.080 euroko gutxieneko pentsioa ere exijitzen dute, eta Bilbo da aldarrikapen horien agertoki nagusia. Atzo, Bilboko udaletxearen aurrean elkartu ziren berriro, eta haserrea azaldu zuten aurtengo pentsioak «izoztu» dituztelako, Espainiako Gobernua eratzeke dagoela eta. Pedro Sanchezen jarduneko gobernuak igoera agindu zien, baina gobernu berria eratu arte ezin dela esan du, gero, gobernua egitekotan dagoen politikariak.

2012an okertu zen dena

«Ez genuen espero egin dutena egitea, eta oso haserre gaude; ez da beste astelehen bat, 103. astelehena baizik», esan zuen Andrea Uña bozeramaileak. Madrilgo gobernuak erabaki du urtarrilaren 1ean gauzatuko duela pentsioen igoera atzerako eraginarekin. «Azaroaren 10eko hauteskundeen promesa izan zen pentsioak gaurkotzea, baina haiek izoztea izan da utzi diguten oparia».

Ipar Euskal Herrian ere erretretak igoko dituzte urte berriarekin batera. %1 igoko dituzte 2.000 euro gordin baino gutxiagoko pentsioa jasotzen dutenentzat, eta %0,3 kopuru hori baino gehiago jasotzen dutenentzat.

Atzeraldi Handiak eragindako enplegu galerarekin batera iritsi ziren arazoak Espainiako Gizarte Segurantzara. Kotizazioek behar bezainbeste izateari utzi zioten 2012rako, eta pentsioen itsulapikotik dirua ateratzen hasi zen Mariano Rajoyren gobernua. 2025etik aurrera, baby boom belaunaldiko erretiroei aurre egiteko eltzeitsua zen hura, superabitaren urteetan osatua, baina flotagailu gisa erabili dute sistemak huts egin duenetik. Hala, zortzi urteko epean 80.000 milioi euro atera dituzte Madrilgo gobernuek itsulapiko horretatik pentsioak ordaindu ahal izateko.

Horiek horrela, 2012. urtean erretiratzeko adina 65 urte zen. Geroztik, erretiroa atzeratzen joan da, eta 2021. urterako 66 urte izango da erreferentzia. 2027. urterako, berriz, 67 urtera helduko da erretiro adina, betiere erreformek jasotako edukietan aldaketak adosten ez badituzte Toledoko itunean. 2027. urterako 38 urte eta sei hilabeteko kotizazioa eskatuko dute pentsio osoa eskuratzeko; 2020ean, berriz, 37 urte izango da erreferentzia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.