Koronabirus berriak Txinan hildakoen kopurua 213ra igo da

Agintarien arabera, Txinan 9.692 daude kutsatuta, eta horietatik 1.527 larri daude. Pekinek ziurtatu du gai direla koronabirus izurritea modu eraginkorrean geldiarazi eta garaitzeko

Koronabirus berriak Txinan hildakoen kopurua 213ra igo da.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
OME Osasunerako Mundu Erakundeak koronabirusa dela-eta larrialdi egoera ezarri eta biharamunean, ez da iraultzarik izan, eta egoerak bide beretik jarraitzen du: goraka doa birusak Txinan hildakoen kopurua, baita kutsatutakoena ere, eta gaixoak hautemandako herrialdeen zerrenda luzatuz doa apurka. 213 hildako eragin ditu koronabirusak Txinan, eta 9.692 daude kutsatuta. Horietatik 1.527 larri daude, eta 171 pertsonak gainditu dute gaitza. Arriskua dago, ordea, datuak nabarmen hazteko; izan ere, 15.238 kasu daude susmopean. Nazioarteari begira, berriz, 22 herrialdetara zabaldu da, eta 101 kutsatu daude denera —horietatik 19 Thailandian identifikatu dituzte, 14 Japonian, eta 13 Singapurren—. Halaber, atzo detektatu zituzten lehen kasuak Erresuma Batuan, Suedian eta Errusian.

Txinako Osasun Batzorde Nazionalak ziurtatu zuen gai dela gaitzari aurre egiteko: «Koronabirus izurritea modu eraginkorrean geldiarazteko kapaz gara, baita hura garaitzeko ere». OMEk larrialdi egoera ezarri ostean egin zituen adierazpen horiek. Kasuen %99 Txinan atzeman dituzte, baina Tedros Adhanom OMEko zuzendari nagusiak azaldu zuen birusa osasun sistema «ahulak» dituzten herrialdeetara hedatzeko arriskuagatik ezarri zutela larrialdia, eta elkarrekin aritzeko beharra azpimarratu zuen. «Agerraldia gainditzeko modu bakarra herrialde guztiek batera lan egitea da». Halere, Txinak gaixotasunari aurre egiteko gaitasunean sinisten dutela jakinarazi zuen. Txinak garbi erantzun dio horri: epidemia gelditzeko neurririk «zorrotzenak» hartu dituztela dio, eta espero du nazioarteak beraiekin hitzartutako ahaleginak egingo dituela, «mundu osoko osasun segurtasuna bermatzeko». Chen Xu enbaxadoreak, berriz, uste du OMEren aholkuak estatu kideen ekintzak «koordinatzeko» balio dezakeela, baina ez lukeela «izua eragin» behar.



Herrialdeen erantzuna

Nazioarteko larrialdia ezartzearekin batera, ohartarazpen bat egin zien herrialdeei OMEko buruak: «Horrek ez du berekin ekartzen, hasiera batean behintzat, garraioa eta nazioarteko merkataritza mugatzeko neurriak hartzea». Hala, «kontziente» jokatzeko eskatu zien. Horri eutsi zion Xuk ere, eta ziurtatu zuen erabakiak ez lukeela eraman behar neurri «gehiegizkoak» edo «irrazionalak» hartzera.

Teorian, ekintzak eta prebentzio neurriak koordinatzeko balio beharko luke OMEren erabakiak, baina hori praktikara eramatea falta da. Neurriak hartzen jarraitzen dute herrialdeek, baina egun inola ere ez daude urrats bateratuak egitear. Atzo emandako zenbait pauso ikusi besterik ez dago: Japoniak jakinarazi zuen ez diela bere lurraldera sartzen utziko koronabirusak kutsatuta daudenei; Filipinek pasabidea itxi diete Hubei probintziatik datozen bidaiariei; Pakistanek bertan behera utzi ditu Txina helmuga zuten hegaldiak; Italiak larrialdi egoera ezarri du sei hilabeterako; eta Pakistango unibertsitate batek bertan izena eman duten ikasle txinatarrei klaseetara oraindik ez hasteko eskatu die.

Kutsakorragoa

Koronabirus berria aurrekoak baino kutsakorragoa da, baina ez hain hilgarria. SARS birusarekin alderatu zuten hasieran, sintometan duen antza dela eta. Ordea, egungoa 2002. urtean sortutako birus hark eragin zituen kasuak bikoiztetik gertu da —5.327 izan ziren—. Halere, askoz apalagoa da heriotza tasa. SARSak 700 pertsona hil zituen mundu osoan, eta, kutsatutakoen artean, %13 eta %19 arteko heriotza tasa izan zuen. Koronabirus berriaren kasuan, berriz, %2 dira hildakoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.