Adegi, metalaz: «Gatazka badago, ez da izango negoziaziorik»

Gipuzkoako metalgintzako mahaia osatzear, Adegik ez du akordiorako jarrerarik ikusten sindikatuen aldean. 2019 «positibo» baten ostean, Gipuzkoako ekonomia 2020an %2 inguru haztea espero du

Lehen planoan, Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusia eta Eduardo Junkera presidentea. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Irune Lasa.
Donostia
2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Data zehatzik ez dago oraindik Gipuzkoako metalgintza sektoreko lan baldintzak hitzartzeko mahaia osatzeko, baina datozen egunetan osatuko dela espero du Jose Miguel Aierza Adegiko zuzendari nagusiak. Hark atzo azaldu zuenez, «Adegi, noski, eseriko da mahai horretan, eta helburua izango da akordio on bat lortzea enpresentzat eta enpresa horietako pertsonentzat, hori guztia enpresa kultura berria oinarri hartuta». Hori bai, sindikatuei ohar garbia egin zien Aierzak. «Azpimarratu nahi dugu, argi eta garbi: gatazka badago, ez da izango negoziaziorik».

Izan ere, Adegiko buruzagiari deigarria egin zaio sindikatuek aurreko egunetan Adegiren jarreraz hitz egitea. «Adegiren jarrerak garrantzia izango du, baina sindikatuen jarrerak ere bai. Bik ez dute akordiorik lortzen batek ez badu nahi. Testuinguru horretan, atentzioa eman digu nola sindikatuak gatazka ari diren jartzen mahai gainean, negoziazioak hasi baino lehen». Gatazka mehatxu horiek, Adegiren ustez, «ez dute akordioaren aldeko jarrerarik» erakusten.

Beste 4.000 enplegu

Sindikatuei mezu zuzen hori emateko, Gipuzkoako enpresei aldiro egiten dien inkestaren aurkezpena baliatu zuten Adegiko arduradunek. Emaitza horiek eta abagune ekonomikoa aintzat hartuta, Adegik uste du 2020. urte honetan herrialdeko ekonomia %1,8 eta %2 artean handituko dela, eta enpresek 4.000 enplegu baino gehiago sortuko dituztela. Igaro berri den 2019a, berriz, «ezbairik gabe, urte positiboa» izan dela esan zuten Aierzak eta Eduardo Junkera Adegiko presidenteak.

Inkestako enpresen erantzunetatik, Jose Miguel Aierzak zenbait datu azpimarratu zituen. Hala, «enpresen konfiantzak nahiko goian jarraitzen du, zerbait jaitsi bada ere». Salmentek barneko eta kanpo merkatuetan gora egin dutela ere esan zuen, «apal, hori bai». Eta eskari zorroak, «gutxi bada ere», hazi egin direla.

Ekoizpen gaitasunaren erabilera da beste datu esanguratsu bat: %83,5 dela azaldu zuten Adegiko buruzagiek. Aierzaren arabera, «irailean baino %1,5 txikiagoa izan arren, oraindik ere %80tik gora dago, ekonomiaren potentzialaren gainetik, beraz». Enpleguari buruz ere «berri onak» eman zituen zuzendari nagusiak: «Enpresen %90,5ek aurreikusten dute langile kopuru berarekin jarraitzea edo langile gehiago kontratatzea aurten».

Ziurgabetasunak

Herrialdeko enpresek agertu dituzten kezketan, bestalde, berritasun handirik ez. Hiru dira nagusiak: Espainiako ekonomiaren ahulezia; salmenten errentagarritasunaren beherakada; eta nazioarteko ekonomia pattala. Eta horien ia maila berean dago langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasunen kezka.

Kezkak kezka, Adegiren arabera, 2019a ondo joan da Gipuzkoako ekonomiarentzat. «Esportazioekin, enpleguaren sorkuntzarekin, soldatekin eta abarrekin lotutako mailak hobetu egin dira», nahiz eta nazioarteko testuinguru ekonomikoa ahulagoa izan, merkataritzaren jaitsierarengatik. Aierzak azaldu zituen testuinguru ezegonkor horren arrazoiak: «AEBen eta Txinaren arteko muga zergen gatazka, brexit-a, eta Alemaniako industriaren krisia».

Aldagai horiek, esaterako, zerikusia izan dute 2018koa baino nabarmen txikiagoa izan den industria produkzioaren hazkundean —zeina 2018ko %5,6tik 2019an %0,5era jaitsi den urteko pilatuan—. «Gorabehera handiko urtea izan da», esplikatu zuen Patxi Sasigainek, Adegiko lehiakortasun arduradunak. «Lehen hiruhilekoa triste joan zen, %0,1eko hazkundearekin; bigarrena hobeagoa izan zen, %2,4ko handitzearekin; eta hirugarrenean erori zen ekoizpena (-%1,6), Alemaniarako automobilgintzako osagaien eragina nabaritu zenean. Azken hiruhilekoa, aldiz, nahiko ona izan da, %2ko inguruko hazkundearekin».

Hori bai, Sasigainek azaldu zuenez, sektoreka ere desberdintasunak izan dira ekoizpenaren bilakaeran. «Garraio materialetan, CAF, Irizar eta horietan, urtea apartekoa izan da; aldiz, automobilentzako osagaien sektoreak asko sufritu du urtean zehar. Eta Gipuzkoan sektore indartsuak diren makineria eta metalurgia triste, egonkor, mantendu dira, besteak beste, inbertsioa izoztuta dagoelako Europan eta munduan».

Esportazio datuek, behintzat, bide onetik jarraitu dute 2019an. Azaroan, 8.500 milioi euroan kokatu ziren —%12 hazita—, inoizko mailarik onenean. Inoizko kopururik handiena iritsi du Gizarte Segurantzarako afiliazioak ere, Gipuzkoan, iaz 6.600 lanpostu sortu baitziren. «Azken sei urteetan, 34.000 lanpostu sortu dira Gipuzkoan; datu azpimarragarria iruditzen zait», nabarmendu zuen Aierzak.

Aurrera, 2020. urte honetara begira, azken hilabeteetan susperraldia erakusten duten adierazleak agertu direla uste du Adegik, nazioartean nolabaiteko makaltasuna izan arren. «Aparteko 2018 baten eta 2019 on bat ostean, konfiantza eta ekoizpen gaitasunaren erabilera handiekin abiatu dugu urtea, nahiz eta apaldu egin diren», iritzi zion Eduardo Junkerak.

Hark azaldu du, era berean, «enpleguarentzako perspektiba onak eta salmenten zein eskaeren moduzko hazkundeak» espero dituztela. «Ziurgabetasun urtea izango da, konplexua, agian zailagoa, eta, beraz, gainditu beharreko erronkaz betea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.