Korapiloa askatzeko bidean

Ameriketako Estatu Batuak talibanekin akordio bat egitekotan daude, Afganistan 2001ean okupatu zutenetik lehen aldiz. Negoziatzen aritu dira, eta hilabetearen amaieran dira akordioa sinatzekoak

arantxa elizegi egilegor
2020ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Ameriketako Estatu Batuen eta talibanen arteko negoziazioak amaitutzat eman zituzten atzo. Bi aldeek iragarri dute «itxi» dutela akordioa. Hilaren amaieran sinatuko dute hura —aldeek ez dute horretarako egun zehatzik jarri—, Qatarren. Baina, aurretik, azken konpromiso bat bete behar dute talibanek, zazpi egunez indarkeria «murriztea». Bi aldeek argi utzi dute ez dela su-eten bat, tarte batez eraso suizidak, suziriekin egindakoak eta errepideko konboi militarren aurkako erasoak gelditzeko akordio bat baizik.

Talibanek akordioa beteko balute, lehen aldia litzateke halako zerbait egiten dutela 2001ean AEBek haien aurkako erasoaldia hasi zutenetik. Orduan agintetik kanporatu bazituzten ere, geroztik eremu ugari berreskuratu dituzte, eta baita milaka hildako eragin ere. Hitzarmena sinatutakoan, okupazio indarrek tropak ateratzeari ekingo liokete, eta gaur egun dituzten 13.000 soldaduetatik 8.600 inguru geratuko lirateke herrialdean, «terrorismoaren aurkako misioetan».

AEBekiko akordioak sinatzeak beste bake prozesu bat ere abiatuko luke, Kabulgo gobernuaren eta talibanen artekoa. Dagoeneko zehaztu dute noiz eta non: martxoaren 10ean izango da, Oslon.

Erasoak

AEBen eta milizien arteko akordioa otsail amaieran sinatuko dela zabaldu dute talibanen inguruko hainbat iturrik. Horrek esan nahiko luke datozen egunetan «murriztu» beharko lituzketela miliziek erasoak, baina, hainbat buruzagiren arabera, gaur-gaurkoz ez dute halako agindurik jaso. «Gure buruzagiek ez digute helarazi su-eten bati buruzko mezurik», adierazi du Helmandeko miliziaren buruzagietako batek.

Herenegun gauean Afganistango Gobernuaren konboi bati eraso zioten miliziek, eta bost militar hil. Armadak, berriz, jakinarazi zuen ustez talibanenak ziren hainbat kanpaleku bonbardatu zituztela.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.