Polizia etxean da alaba eta neska laguna hiltzea egotzi dioten gizonezkoa

Protesta jendetsuak egin dituzte Abanto-Zierbenan eta Deustuko Unibertsitatearen Donostiako eta Bilboko campusetan, Miren Ugalde eta Paola Mendez ama-alaben hilketa matxistak salatzeko

Deustuko Unibertsitatean egindako protesta, atzo. DEUSTUKO UNIBERTSITATEA.
maddi ane txoperena iribarren
2020ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Gaua Gurutzetako Ospitalean eman ondoren, Muskizko (Bizkaia) polizia etxera eraman dute Miren Ugalde neska laguna eta Paola Mendez alaba hiltzea egotzi dioten gizonezkoa. Herenegun arratsaldean Portugaleteko trasteleku batean (Bizkaia) atzeman zutenean, kordea ia galduta zegoen gizonezkoa, Ertzaintzaren arabera, bere buruaz bertze egiten saiatuta —pastilla batzuk irentsi zituen—. Bere onera etorrita, atzo goizean eraman zuten polizia etxera, eta egunotan igaro beharko du epailearen aurretik.

Ama-alabak asteazken eguerdian atzeman zituzten hilda Abantoko euren etxean, indarkeria zantzuak zituztela, eta baten mutil laguna eta bertzearen aita den gizonezkoari egotzi dizkiote hilketak. Bi orduz haren bila ibili ondotik, 16:30ean atzeman zuen Ertzaintzak gizona. Aurrez, taberna bateko zerbitzariari aitortu zion hilketak egin zituela.

Asteazken arratsaldean berean, elkarretaratze jendetsua egin zuten Abanton, eta atzo ere protesta egin zuten Abanto-Zierbenako Udalak eta mugimendu feministak deituta, herriko etxearen aurrean.

Deustuko Unibertsitatearen Donostiako eta Bilboko campusetan ere egin zituzten elkarretaratze jendetsuak atzo eguerdian. Izan ere, hango ikaslea zen hildako emakumeetatik gazteena: Paola Mendez. Jose Maria Guilbert errektorea ere presente izan zen ehunka ikaslek parte hartu zuten mobilizazioetan.

Eusko Jaurlaritzak ere gaitzetsi ditu Abanton gertaturiko hilketak, eta «salaketa irmoa» egin nahi izan du, senide eta lagunei doluminak ematearekin batera. Maria Jesus San Jose Lan eta Justizia sailburuak egin zituen salaketa hitzok atzo Gasteizen, emakumeen aurkako indarkeriaren laguntza juridikoari buruzko hitzarmenaz xehetasunak eman aurretik. Espainiako Gobernuaren estatistiketan, berriz, genero indarkeriatzat hartuko dute Miren Ugalderen hilketa, baina ez Paola Mendezena. Hain zuzen, bikotekideak edota bikotekide ohiak eragindakoak jotzen ditu legeak genero indarkeriatzat, baina bertzelakoak ez.

Protesta sinbolikoak

Koronabirusaren ondorioz, Emakumeen Mundu Martxak abian jarri ohi duen protokoloa moldatu behar izan dute. Euskal Herriko eragile feministak gaurko antolatu behar zituen elkarretaratzeak, baina «ardura kolektiboagatik» ez dute «elkarretaratze fisikorik» eginen. Horren ordez, salaketa pankartak jarriko dituzte Euskal Herriko hiriburuetan, modu «sinbolikoan».

Abanton hildako bi emakumeak indarkeria matxistagatik aurten hildako lehendabizikoak dira, eta, haiekin, 2003tik 104 emakume dira jada Euskal Herrian hildakoak. Mutil laguna edo senarra izaten da hiltzailea kasurik gehienetan (%47,1), eta mutil lagun edo senar ohia kasuen %22,1etan. Ondotik daude senideak (%16,3) eta ezagunak (%6,7). Kasuen %7,7tan soilik izaten da hiltzailea ezezagun bat. Lurraldeei erreparatuta, Bizkaian hil dituzte emakume gehien azken hamazazpi urteotan: azken biak kontatuta, 37 dira guztira hildako andreak. Bizkaiaren ondotik Lapurdik ditu hilketa matxista gehien: 21.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.