Bi urte, aurrekora itzultzeko

Laboral Kutxaren ikerlarien arabera, langabezia tasa %14,2raino igoko da aurten EAEn, eta %13,2raino Nafarroan. 2021eko balizko suspertzea aurtengo atzeraldia baino txikiagoa izango da, oro har

Zarauzko taberna bateko zerbitzaria, maskararekin, kafea terrazara eramaten. Ostalaritza sektoreak asko nabaritu ditu urruntze sozial neurriak. GORKA RUBIO / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
«Koronabirusaren krisia aurrekaririk gabeko astindu bat izan da ekonomian, oso epe motzean izan delako. Hala ere, lan merkatuan izango duen eragina nabarmena izango da». Ibon Urgoiti Laboral Kutxaren negozio garapenerako arduradunak horrela laburbildu zituen banketxearen ikerketa taldeak 2020rako eginiko aurreikuspenak. Urtero egiten dute euskal ekonomiaren egoeraren inguruko txostena, eta pandemiak erabat baldintzatu du aurtengoa. Horren arabera, ikerlarien ustez, Hego Euskal Herriko ekonomiak bi urte beharko ditu pandemiaren aurreko egoerara itzultzeko, «betiere beste agerraldirik ez badago», aurreratu du Joseba Madariagak, bankuaren ikerketa buruak.

EAEko BPG barne produktu gordina %8,9 jaitsiko da aurten, eta %8,6 Nafarroakoa. 2021ean, berriz, gorakada handia egongo da, baina ez aurrekora itzultzeko modukoa: %7koa EAEn eta %6,8koa Nafarroan. Hor datza bi urte beharko diren kalkulua. Enpleguari dagokionez, EAEn %7,3 jaistea espero da, eta, ondorioz, langabezia tasa %14,2ra igotzea. Nafarroari dagokionez, %7,1 jaitsiko da, eta langabezia tasa %13,2koa izango da. Urteko datuei erreparatuta igoera handiak dira. 2019aren amaieran EAEko langabezia tasa %9,2 zen, eta Nafarroakoa %8,2.BPGarekin bezala, 2021. urteko balizko enplegu sorrera ez da galdurikoen adinakoa izango: %12,7ko tasa EAEn eta %11,8koa Nafarroan.

Eta inflazioa? Negatiboa izango dela uste dute: EAEn -%0,3 eta Nafarroan -%0,2. Espainiarako datu hori bera aurreikusi dute, eta hura da soldaten eguneratzea kalkulatzeko erabiltzen den batezbestekoa. Europako Banku Zentralaren inflazio helburua—prezioen igoera ideala— %2koa izaten da. Bada 2021ean ez da maila horretara itzuliko. Ikerlarien ustez Hego Euskal Herrian %1,1 igoko da, eta Espainian, %1.

Ikerlariek, dena den, «ziurgabetasunaren» zama nabarmendu dute. Txostena egiteko hainbat aditurengana jotzen dute, eta oraingoan iritzien arteko aldea handia izan da. «Normalean ehunekoen hamarrenen arteko aldea egoten da; aurten, aldiz, lau edo bost puntukoa». Zergatik? Zaila delako jarduera batzuek izango duten bilakaera aurreikustea: «Adibidez, urruntze soziala oztopo handia izaten ari da zerbitzu sektorea berpizteko. Ostalaritzan hori begi bistakoa da».

Beste arazoetako bat hornidura kate handiak dituzten industrietan detektatu dute, herrialdez herrialde dauden aldeek jardueran eragina dutelako. Autogintzaren kasua da. Esaterako, eta garraio materialei dagokienez, aurtengo lehen lau hilekoan %23 jaitsi da ekoizpena iazko tarte berdinarekin alderatuta. Alde horretatik, Madariagaren ustez, «larriena» ekonomiak jaso duen «astindu bikoitza» da, «eskaeran zein eskaintzan eragin baitu». Eskaerarena laguntzekin leundu daiteke, baina eskaintzarenak konponbide zailagoa du: «Industria suntsitze prozesu batean dago. Enpresak desagertzen dira, baina ez dira erritmo berean sortzen. Europak750.000 milioi euroko funtsa abian jarri du inbertsioetarako, eta lagungarria izango da. Bere txarrean krisiak izan dezakeen gauza onetako bat da Europa gehiagorekin atera gaitezkeela».

Zergak noiz igo?

Estatuek ahalegin handiak egin dituzte koronabirusak ekonomian izan duen eraginari aurre egiteko, eta horrek zorpetzea ekarriko duela iragarri dute. Espainiaren kasuan, zor publikoa BPGaren %120ra irits daiteke, eta Madariagak garbi azaldu du zeintzuk diren datu hori murrizteko moduak: «Zergak igotzea edo gutxiago jaistea». Baina hau al da zergak igotzeko garaia? Ikerlarien ustez, ez: «Igoz gero, atzeraldia sakondu dezakezu. Epe ertainera, berriz, zerga tasaren igoera aztertu beharko litzateke, ekonomia pixka bat berpizten hasten denean». Zein zerga? «Dirua biltzeko ahalmen handia dutenak: errenta, BEZa eta sozietate zerga».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.