Kezkarako beste argazki bat

Euskal Herrian 57.000 lanpostu gutxiago daude COVID-19a agertu zenetik, eta 7.800 langabe gehiago. Pandemiaren eboluzioak baldintzatuko du pertsona horien eta enplegu erregulazioan daudenen geroa

jokin sagarzazu
2020ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
COVID-19ak sortu duen ziurgabetasunaren erakusle da lan merkatua; haren estatistiketan igartzen da luze gabeko emaitzak baldintzatuko dituztela pandemia- ren eboluzioak eta hartzen diren neurriek. Gaindegiaren arabera, lehen hiru hilabeteetan gora egin du langabeziak Euskal Herrian: 7.800 pertsona gehiago (133.800 guztira). %9,34 da tasa, %0,89 handiagoa martxoan baino.

Baina, aurrera begira, datu horrek baino hobeto erakuts dezake zer gerta daitekeen martxotik hona izandako enplegu galerak: 57.300 pertsona aktibo gutxiago daude; bestela esanda, lanpostu horiek galdu egin dira. Horiei gehituz gero aldi baterako lan erregulazioetan daudenak, Euskal Herrian 150.000 behargin inguruk eten behar izan dute euren jarduna COVID-19a agertu zenetik.

Eta bereziki datu horri erreparatu behar zaio. Sekula ez da halakorik izan: 2006tik abiatutako serie historikoan, inoiz ez da hainbeste enplegu galdu, eta are gutxiago hain denbora laburrean. Egun lanean ez daudenetako askok konfinamendu garaian ezin izan zuten langabezia erregistroetan izena eman, eta horregatik azaltzen dira hor, baina beste askok ez dute eman luze gabe lanera itzultzeko esperantza dutelako; bereziki, aldi baterako lanak nagusi diren sektoreetan: ostalaritzan, merkataritzan eta eraikuntzan, esaterako. Hain justu gisa horretako kontratuak galdu dira gehien. Hego Euskal Herrian 47.500 langile ez dira lanera itzuli, horietatik 32.900 besteren kontura ari ziren, eta 23.500ek aldi baterako kontratua zuten.

Erregistratu gabekoei gehitu behar zaizkie enplegu erregulazioan edota gobernuek lanpostuei eusteko hartutako beste neurriekin jarraitzen duten langileak —horiek ere ez dira langabe gisa zenbatzen—: apirilean, 202.629 ziren Hego Euskal Herrian, eta, ekainaren hasieran, 87.143k jarraitzen zuten egoera horretan. Espainiako Gobernuaren baldintza eta babes bereziak dituzte koronabirusarekin loturiko erregulazio espedienteek, baina horiek, oraingoz, irailaren 30ean iraungitzen dira. Zenbait sektoretan, ohartarazi dute ezingo dietela lanpostu askori eutsi dosierrak ezin badituzte luzatu.

Baina pandemiak baldintzatuko du etorriko dena. Gaur-gaurkoz, langabeziarena da argazki finko bakarra. Azken hiruhilekoan, lurralde guztietan igo da, baina, bereziki Nafarroan (+%1,53; 3.800 gehiago), Araban (+%2,22; 3.100 gehiago) eta Ipar Euskal Herrian (+%2,66; 2.400 gehiago).

Estatistikek beste irudi bat agertzen dute: emakumeek eta gazteek nabaritu dute gehien koronabirusaren lehen kolpea. Hego Euskal Herrian, 5.300 emakume gehiago geratu dira lanik gabe, eta 300 gizon. Langabezia tasa handiagoa da emakumeen artean: %10,2, gizonezkoena baino puntu bat handiagoa. Era berean, gazteen langabezia %31,6 da, %10 handiagoa; eta 25 urtetik beherakoen artean, %16,7 handiagoa.

Europako testuinguruan, berriz, Euskal Herrian dago langabezia tasa handienetan seigarrena: EB-27an baino 2,5 puntu gehiago. Gainetik ditu Grezia (%16), Espainia (%15,3), Katalunia (%12,8), Lituania (%9,8) eta Letonia (%9,4).

Datorrenari so

Ekonomia alorreko erakunde eta eragileak kezkatuta azaldu ziren atzo. Datuak jakin berritan, Cebek Bizkaiko enpresarien elkarteko presidente Iñaki Garcinuñok esan zuen «txarrak eta aurreikusteko modukoak» zirela, baina ohartarazi zuen «krisi ekonomikoaren garairik okerrenari» dagozkiola, eta urteko azken hilabeteetan gertatuko balira kezkagarriagoak izango liratekeela. «Pentsatzekoa da ordurako susperraldian egongo garela».

CCOOk, berriz, azpimarratu du datuek ez dutela benetan islatzen egungo «egoeraren larria». Gogoratu du milaka langilek aldi baterako erregulazioetan jarraitzen dutela eta horien geroa ezbaian dagoela, eta ohartarazi du arriskua dagoela kaleratze masiboak izateko, berriki Tubacex, Gamesa, ITP Aero edo Aernnova industria alorreko enpresetako zuzendaritzek iragarri dituztenak horren erakusgarri. Datuei buruz ere, emakume, gazte eta oro har «sektore prekarizatuenen» egoera nabarmendu du sindikatuak. «Pandemiak eragindako krisiaren ondorioak gordinago pairatuko dituzte haiek».

LABek ere azpimarratu du horiek nabarituko dituztela gehien estatistikek erakusten duten enplegu galeraren ondorioak. Eta administrazioek patronalaren jarrerekin bat egiteko «arriskuaz» ohartarazi du: «Bide ezaguna da hori. Pandemia aurretik jasan behar genituen arazo estrukturalak —soldata desberdintasunak eta lan prekaritatea— larritzera baino ez garamatza horrek».

ELAren arabera, «egoera kezkagarria» da, eta ohartarazi du ezinbestekoa dela egungo enplegu politikak aldatzea: «Bestela, aurreko krisiaren murrizketa eta austerizidio formula berberak erabiliko dituzte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.