Peruko Kongresuak Francisco Sagasti izendatu du presidente

Alderdi Morearen hautagaiak babes zabala lortu du bozketan: aldeko 97 boto jaso ditu, eta kontrako 26. Asteburuan eginiko gobernuaren aurkako protestetan bi lagun hil ditu Poliziak

Francisco Sagasti Peruko presidente berria. EFE.
Iosu Alberdi Jone Bastida Alzuru
2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Ez lehenengoan, baina bai bigarrengoan. Manuel Merinok dimisioa eman ondoren, Peruko presidente berria hautatzeko bi bozketa egin behar izan zituzten, bat igandean eta bestea atzo. Lehen saiakeran, ez zuen nahikoa babes lortu Rocio Silva Santisteban ezkerreko hautagaiak, eta Kongresuak atzera bota zuen aukera, baina bigarrengoa balekoa izan zen: Alderdi Morearen Francisco Sagasti zerrendaburu zuen proposamenak babes zabala lortu zuen, eta hura izango da Peruko presidentea. Aldeko 97 boto jaso zituen, eta kontrako 26. Gutxienez 62 kongresukideren babesa zen beharrezkoa; txaloz hartu zuten bozketaren emaitza. Zentro-liberaleko joera du.

Sagastik 2021eko uztailera arte hartuko du agintea, orduan amaituko baita legealdia. Gobernuak Martin Vizcarrak datorren urteko apirilerako deitu zituen hauteskundeak bermatu beharko lituzke. Kongresuko kideek adostu zuten presidente berria Vizcarra kargutik kentzearen aurka bozkatu zuten hemeretzi biltzarkideetako bat izatea, eta Sagasti izan da hautatua.

Gaiztotuta dago giroa Perun, eta azken jazoerek erakusten dute hori: agerikoa da krisi politiko eta soziala. Duela astebete Kongresuak Vizcarra presidentea kargugabetu zuen, gobernatzeko duen «ezintasun moral iraunkorra» argudiatuta, eta herrialdeko ezegonkortasunak eztanda egin du. Gertaera haren ostean, estatuburu kargua hartu zuen ordura arte Kongresuko presidente zen Manuel Merinok, eta eskuin muturrarekin eta enpresari handiekin harremana duen gobernu bat eratu zuen. Hark, ordea, ez du herritarren aitorpena jaso. Askok estatu kolpetzat jo zuten Kongresuaren erabakia, eta kalean Merinoren aurkako protesta sutsuak egin dituzte. Bi gazte hil dira horietan, Liman.

Mobilizazio ugari egin dituzte lehen egunetik, baina larunbatekoa izan zen guztietan jendetsuena, hiriburuan eginikoa. Parlamentuaren egoitzara gerturatu ziren manifestariak, eta Polizia haiei oldartu zitzaien. Emaitza: bi hildako, ehun zauritu inguru eta 47 desagertu. Hala, Merinoren aurkako salaketa bat aurkeztu dute fiskaltzan; homizidioa, autoritate abusua eta lesio delituak egozten dizkiote. Fiskaltzak atzo jakinarazi zuen aurretiazko ikerketa bat abiatu dutela, eta «giza eskubideen urraketaren testuinguruan egindako delituak» ere barne hartzen ditu.

Ezbehar horren harira, besteak beste, hamahiru ministrok dimisioa aurkeztu zuten, eta Merinoren kargugabetzearen aldeko mezuak ugaritu ziren; horien artean Kongresuko presidente berri Luis Valdezena.

Azken presioek bultzatuta, eguerdia iritsi baino lehen utzi zuen kargua Merinok, igandean. «Herrialdeak krisi politiko handienetako bat bizi duen honetan, jakinarazi nahi dut errepublikako presidente karguari uko egiten diodala», iragarri zuen.Vizcarraren esanetan, baina, Merinoren dimisioa ez da nahikoa: «Pauso bat da, baina ez du arazoa konpontzen, Peruko herriak eskatzen duena ez baita Merino jaunak albo batera egitea, demokrazia eta instituzioak berreskuratzea baizik».

Milaka herritar atera ziren kalera Merinoren dimisioa ospatzeko, baina hori ez zen izan plazak betetzeko arrazoi bakarra. Izan ere, protestetan hildako bi gazteentzako justizia eskatzera ere irten ziren.

Kongresua haren ondorengoa aukeratzeko bildu zen igande arratsaldean. Silva Santisteban izendatuko zutela zirudien, ezkerreko Fronte Zabalak lortutako akordioaren buru. Peruko emakumezko eta ezkerreko lehen presidente bihurtu zitekeen, baina Kongresuak atzera bota zuen aukera. Silvak aldeko 42 boto jaso zituen, eta kontrako 52. Beste 25 abstenitu egin ziren. Hurrengo egunerako utzi utzi zuten presidentea hautatzeko saioa, eta bigarren saiakeran lortu zuten. Krisi politikoa baretzeko urrats garrantzitsua izan daiteke.

Vizcarra kentzeko lanak

Irailaren 18an, Kongresuak Vizcarraren aurkako mozio bat aurkeztearen inguruan eztabaidatu zuen, hark karguan jarraitzeko «ezgaitasun morala» argudiatuta, abeslari baten kontratazioan irregulartasunak zeudelakoan. Mozio hark ez zuen parlamentarien babesa izan, baina kontua ez zen hor amaitu. Hainbat hedabidek argitaratu zuten Vizcarrak eroskeria baliatu zuela 2011 eta 2014 bitartean, Moquegua eskualdeko presidente zela. Horren ondorioz, irailaren 22an beste zentsura mozio bat aurkeztu zuten parlamentuan, eta azaroaren 9an bozkatu zuten hura kargugabetzearen aurka. Aldeko 105 boto jaso zituen, kontrako hemeretzi eta lau abstentzio.

Vizcarra 2018an iritsi zen Peruko presidente izatera, ustelkeriaren aurkako borrokak hauspotuta. 2016ko bozak irabazi zituen Pedro Pablo Kuczynski ordezkatu zuen. Hark dimisioa eman zuen, parlamentuak ustelkeriagatik kargugabetuko zuela iragarri zuenean. Vizcarra haren presidenteorde zen.

Presidente karguan, botere legegilearen eta judizialaren inguruko erreforma sakon bat egiteko asmoa adierazi zuen, baina Kongresuak behin baino gehiagotan bota zituen atzera haren nahiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.