Sano diren ahateak hiltzearen kontra mobilizatuko da ELB sindikatua

Sail industriala egin du birusaren hedapenaren hobendun, eta Frantziako administrazioaren estrategia kritikatu du. Zuberoako eta Nafarroa Behereko 18 herri daude araupeko eremuan

ELBko laborariak prentsaurrekoan, atzo goizean, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren Ainhize-Monjoloseko egoitzan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Irmo mintzatu da ELB sindikatua: «Ez dugu hazkuntza industriala tokiko arraza eta kabala sanoen hiltzera utziko». Hegazti gripearen mamua Euskal Herrira hurbildu eta egun gutxira, prentsaurrekoa egin zuten atzo laborariek, eta Frantziako administrazioaren estrategiaren eta hazkuntza industrialen kontra jo zuten. Azken horiek egin dituzte birusaren hedapenaren hobendun: «Sistema industrialak zinezko bonba biralak dira». 2017an bezala, gripearen eramaile ez diren hegaztien hiltzearen kontra mobilizatuko dela abisatu du laborarien sindikatu nagusiak. Orduko hartan,ehunka herritarrek giza harresiak osatu zituzten etxaldeen aitzinean, ahateak hiltzera joandako funtzionarioei bideak itxiz.

Ostiralean, Euskal Herriarekin muga egiten duen Lixoze (Biarno) herrira iritsi ziren hegazti gripearen susmoak, eta Pirinio Atlantikoetako prefeturak araupeko eremuan sartu zituen departamenduko 159 herri: horien artean Nafarroa Behereko eta Zuberoako hemezortzi. H5N8 birusaren hedapena oztopatzeko asmoz, herri horietan korraleko hegaztiak konfinatzeko eskatu du prefeturak, eta debekatu egin ditu hegaztiak leku batetik bestera garraiatzeko mugimenduak. Baina Frantziako Laborantza Ministerioak abenduaren 23an hartutako erabakia da kezka gehien sortzen duena, hegaztien hiltze prebentiboa onartu baitzuen.

ELB sindikatua jokamolde horren kontra da, eta salatu du «egunez egun» erakusten duela «ez duela eraginkortasunik». Cifog Gibel gizenerako palmipedoen arloko lanbide arteko batzordeari eta bere adarrei leporatu die estrategia. «Eremu batzuen sakrifikatzea da, beste batzuen salbatzeko». Julen Perez hazleak azaldu du 2017ko krisiaren ondotik gripearen aurkako txerto bat sortu zutela, baina Frantziak ez duela oraindik legeztatu. «Jakin behar da Frantzia munduko lehen ahate-gibel ekoizlea dela, eta sail industrialean hura dela esportazioak egiteko egituratuena. Txertoa ezarriko balitz, Frantziak bere estatus indemnea galduko luke, esportaziorako akordio ekonomikoek debekatu egiten baitute antigorputzak dituen haragia saltzea».

Horrez gain, ELBren hitzetan, 2017ko krisiaren ondotik sail industrialeko eragileek ez dituzte bete hartu zituzten engaiamenduak; alderantziz, kontrakoa egin dute. «Euralis, Maisadour eta Lurberrik etxaldeak galkatze guneetatik eta hiltegietatik hurbiltzera engaiatu ziren, baina ez dute deus egin, eta harat-honatak sekula baino ardurago egiten dira». ELBren iritziz, hortik heldu da birusaren hedapena.

Gisa berean, biosegurtasun neurriak dituzten etxaldeak «berdin berdin hunkiak» direla azpimarratu du sindikatuak, eta, beraz, agerian uzten duela sistema bera dela hobenduna. «Kabala guziak barnean atxikitzeak birusari oldarra ematen dio». Laborarien hitzetan, modelo intentsiboan ari diren etxaldeak «bonba biralak» dira, eta «ondorio larriak» eragiten dizkie etxaldearen neurrira ari diren hazkuntzei.

Hegazti sailaren trantsizioa

ELB sindikatuak deitoratu du 2017tik hona milioika euro «xahutuak» izan direla hegazti gripeari aurre egiteko, baina modelo industriala sostengatu dutela nagusiki. Dirua hegazti sailaren trantsizioa pentsatzeko erabiltzea galdetu du. Eskakizun hauek egin ditu halaber: hiltzeko erabakiak analisi positiboen ondorioa izatea eta hiltzeak etxaldean berean egitea; hegaztien mugimenduak murriztea, eta, baimentzekotan, «eremu biziki hurbilean» izatea; birusaren hedapena moteltzeko, kanpoko hazkuntza estentsiboa lehenestea, hegaztiak «barnean metan atxikitzea bultzatzeko ordez»; esperimentazioak plantan ezarriak izatea, hobeki ulertzeko hegaztiek nola eta zer baldintzetan aurre egiten dioten eritasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.