Bozak gertuago daude Libian

Ustelkeria zantzuak egon arren, parlamentuko gehiengoak babesa adierazi dio trantsizio gobernuari. Presidentetza Kontseiluak abenduaren 24ko hauteskundeak prestatzea izango du helburu nagusia

Dbeibah behin-behineko lehen ministroa, 2011ko protesten hamargarren urteurrena gogoratzeko ekitaldi batean, otsailean. STR / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 11
00:00
Entzun
Libiako Parlamentuak 21 eguneko epea zuen GNU Batasun Nazionaleko Gobernu berriari baiezkoa eman ala ez erabakitzeko, baina horietatik hiru baino ez ditu behar izan Abdul Hamid Mohammed Dbeibah behin-behineko lehen ministroaren proposamena onartzeko. 2014tik herrialdea bitan zatituta egon ostean, astelehenean, konfiantza mozio baten esku utzi zuten herrialdeko gatazka militarrari irtenbidea emateko eratutako trantsizio gobernua. Hark legebiltzarkide gehienen babesa jaso zuen atzo, abenduaren 24an, Libiaren independentziaren 60. urteurrenean, egitekoak diren bozak prestatzeko.

Trantsizio prozesuaren gidari izango den Presidentetza Kontseilua duela hilabete inguru izendatu zuten, NBE Nazio Batuen Erakundearen babespean. Mohammed Yunes Menfi buru zuen hautagaitza izan zen garaile orduan, eta hura izendatu zuten kontseiluko presidente. Harekin batera, presidenteorde izendatu zituzten Mossa al-Koni eta Abdullah Hussein al-Lafi, eta lehen ministro Dbeibah. Ezer egiteko, baina, Presidente Kontseiluak beharrezkoa zuen parlamentuaren babesa jasotzea.

Atzo goizean lortu zuen hori. Aldeko 132 boto jaso zituen behin-behineko gobernuak, eta aurkako bakar bat ere ez —bi parlamentari abstenitu egin ziren, eta beste 36 ez ziren bozketara agertu—.

Emaitzak izan bezain laster, Libiako Parlamentuko presidente eta Presidentetza Kontseilurako hautagai izaniko Aguila Salehk jarduneko lehen ministroari jakinarazi zion abenduaren 24ra arte boterean jarraitzeko adina babes duela.

Hala, Dbeibahek adierazi zuen bozketak «argi» utzi duela «Libiako herritarrak batasunaren alde» daudela, eta «gorrotoa ahaztu eta erresuminez betetako gerra gainditzeko» garaia dela. Behin-behineko lehen ministroak gaineratu zuen eman beharreko hurrengo pausoak, bakea ezartzearekin batera, 2021eko aurrekontuak onartzea eta Konstituzioan egin beharreko aldaketak gauzatzeko erreferendumerako legea osatzea direla.

UNSMIL NBEren Libiarako misioak eskerrak eman zizkien parlamentariei, «Libiaren eta hango herritarren interesak babesteagatik». Erakundearen esanetan, atzokoa «batasunera, egonkortasunera, adiskidetzera eta subiranotasuna berreskuratzera» iristeko pauso garrantzitsu bat da.

Era berean, EB Europako Batasunak eta Arabiar Ligak ongietorria eman zioten erabakiari.«Egun historikotzat» jo zuen atzokoa EBko delegazioburu Jose Sabadellek, eta gobernu berriari laguntzeko asmoa berretsi zuen Arabiar Ligako idazkari nagusi Ahmed Abulgeitek.

Ustelkeriaren mamua

Parlamentuko bozketak hala irudikatu ez arren, legebiltzarkideek har zezaketen erabakiaren inguruko zalantzek azken uneraino iraun dute. Dbeibah kargura eroskeria erabilita iritsi izanaren zurrumurruek, ministroak hautatzeko jarraitutako irizpideek, ezarritako gutxieneko emakumezko ministro kopurua ez betetzeak, eta Defentsa eta Atzerri ministerioak gidatuko dituztenen izenak ezkutatu izanak ezbaian jarri dute jarduneko gobernuaren zilegitasuna.

Izan ere, aurreko astean filtratu zen NBEko aditu talde baten txostenean azaldu dute Mohamad al-Menfik gidatutako hautagaitzak boterera iristeko ustelkeria erabili zuela. Zehazki, Libiako Elkarrizketa Politikorako Foroak Tunisian eginiko hainbat bileratan botoak erosi izanaz akusatu dute.

Horren berri izan bezain laster, Salehen hautagaitzaren aldeko 42 diputatuk osatutako talde batek konfiantza mozioa datorren astelehenera arte atzeratzeko eskatu zuen, orduan argitaratuko baita NBEko aditu taldearen txostena: «Ustezko eroskeriei buruz zer dioen ikusi behar genuke, garrantzitsua baita kargu horiek publikoki ukatzea prozesu politikoaren gardentasuna mantentzeko eta bertako eta nazioarteko estortsio aukera oro saihesteko».

UNSMIL, ordea, aurka agertu zen, eta mozioak ezarritako epeei jarraitu die. Dbeibahren esanetan, parlamentua konfiantza mozioaren aurka agertzeak edo hura bozkatzeko epeak atzeratzeak «arriskuan» jar zitzakeen abenduko hauteskundeak.

Sei urtez hautsita

2011n NATOk Muammar Gaddafi agintetik kentzeko protestak bultzatu eta hura hil zuenetik, gerra etengabea izan da. Hiru urte geroago, hauteskundeak egin zituzten, baina islamistek ez zituzten emaitzak onartu, eta, ordutik, bitan banatuta dago herrialdea: mendebaldea NBEren babesa duen GNAk kontrolatzen du, Tripolin duen egoitzatik, eta ekialdea, berriz, Khalifa Haftar mariskalak gidatutako LNA Libiako Armada Nazionalak, Tobruk hiriburutzat hartuta. Bata zein bestea behin baino gehiagotan saiatu dira herrialde osoa bere gain hartzen, baina arrakastarik gabe.

Joan den urrian, bi aldeek su-etena sinatu zuten, NBEren babespean, Genevan (Suitza) eginiko elkarrizketetan. Hala, NBEren Libiarako misioak Elkarrizketa Politikorako Foroa sortu zuen, eta han lortutako akordioei esker eratu dute gobernu berria.

Horrek amaiera eman dio Fayez al-Serrajen gobernuari. Hura izan da GNA Batasun Nazionaleko Gobernuaren gidaritza eraman duena, 2014an Sjirat hirian (Maroko) erdietsitako akordioetatik. Al-Serraj berak zoriondu egin du gobernu berria, eta adierazi «borrokei eta zatiketei» amaiera emateko ezinbesteko pausoa dela: «Elkarrekin lan egiteko eskatzen diegu denei, Libiaren eta bere berpizkundearen onerako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.