Hilketak eta gosea eguneroko ogia bilakatu dira Myanmarren

Otsailaren 1eko estatu kolpetik, 149 manifestari hil dituzte segurtasun indarrek, eta 2.084 atxiloketa «arbitrario» agindu. NBEk estatu kideei eskatu die junta militarrari emaniko babesa kentzeko

Protestetan hildako gazte baten hileta, atzo, Rangunen. STRINGER / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Manifestarien aurkako oldarraldiak ez du etenik Myanmarren. Militarrek estatu kolpea eman zutenetik, gutxienez 149 lagun hil dituzte, NBE Nazio Batuen Erakundearen esanetan. Halere, erakundeak berak onartu du datu «kontserbadoreak» direla, «gardentasun faltaren» eraginez. Horrez gain, egunerokoan ere ondorio kaltegarriak eragiten ari da kolpea: elikagaien eta erregaien prezioak nabarmen egin du gora azken asteetan, eta, MEP Munduko Elikadura Programaren arabera, txiroenek «mahaira janaria eramateko zailtasunak» dituzte.

Igandean, junta militarrak gerra legea jarri zuen indarrean Rangunen eta Mandalayen, herrialdeko bi hiririk handienetan, egun hartan gertatutako liskarren ondorioz: Poliziak gutxienez 38 lagun hil zituen Rangunen, AAPP Myanmarko Preso Politikoei Laguntzeko Elkartearen arabera; 59, Myanmar Now hedabidearen esanetan. Herrialde osoan, berriz, hildakoak gutxienez 74 izan ziren.

Astelehenean, beste pauso bat eman, eta Internet zerbitzua moztu zuten militarrek. Horrek, ordea, ez zituen manifestariak atzera bota, eta protestak nagusitu ziren. Bi hiri nagusietan borrokak izan ziren, eta bost manifestari hil zituzten poliziek horietako bakoitzean; hogei, herrialde osoan zehar.

Hildakoez gain, 2.084 atxiloketa «arbitrario» egin dituzte segurtasun indarrek, NBEren esanetan. Atxilotuen artean daude herrialdeko azken gobernuko kide nabarmenenak —besteak beste, Aung San Suu Kyi liderra eta Win Myint presidentea— eta 37 kazetari. «Legez kanpo atxilotu dituzte ehunka lagun, eta ez dakite zein lekutan dauden, eta autoritate militarrek ez dituzte onartzen. Hau da, desagertze behartuak izan dira», nabarmendu du NBEren Giza Eskubideen Goi Mandatariaren bulegoko bozeramaile Ravina Shamdasanik.

Osasun langileek, irakasleek, ikasle mugimenduek eta monjeek deitu dute mobilizazio horietako ugaritara. Horiek preso dituzten politikariak askatzekoeta «demokrazia berrezartzeko» eskatzen diote junta militarrari, eta, besteak beste, NBEren babesa dute. Erakundearen mandatari berezi Christine Schranerrek azaldu du «manifestarien hilketen eta haien aurkako tratu txarren, eta atxilotuen torturen inguruko kontakizun erdiragarriak» jaso dituela. Bide beretik, NBEk Myanmarren duen kontalari berezi Tom Andrewsek «haserrea» adierazi du: «Kolpearen arduradunek ez lukete boterean egon behar, burdin hesien atzean baizik».

Hala, Andrewsek NBEko estatu kideei dei egin die junta militarrari eskainitako edonolako babes armamentistiko eta ekonomikoak baztertzeko. Aurrez, erakundeko Segurtasun Kontseiluari ere leskatu zion herrialde hartako gatazkan esku hartzeko, baina Txinak eta Errusiak atzera bota zuten aukera hori, euren beto eskubideari esker. Hala, Txinaren babes ekonomikoa duten enpresen aurkako erasoek gora egin dute erabakiaren ondorioz.

Ez dira manifestariak, ordea, junta militarraren aurkari bakarra. Myanmar iparraldeko Kachin eskualdearen autonomiaren aldeko KIA Kachingo Independentziaren Armadak Myanmarko base militarren aurkako erasoak hasi ditu azken asteetan. Bi aldeen arteko borrokak ohikoak dira 2011n su-etena hautsi zutenetik, baina gora egin dute estatu kolpearen ostean. Besteak beste, pasa den ostiralean, Mogaung hiriko basearen aurka egin zuen KIAk, eta armadak erakundearen gotorlekuetako bati airez eraso eginda erantzun zuen.

Prezioak, gora eta gora

Armadaren oldarraldia ez da, ordea, kolpearen ondorio bakarra. Hark eragindako ezegonkortasun sozial eta ekonomikoak oinarrizko elikagaiak garestitzea eragin du. Egoera «kezkagarria» da, MEPen Myanmarko zuzendari Stephen Andersonen esanetan, herritar ugari jada «egunekoarekin» bizi baitira, eta elikagaien prezioen gorakadak «kolektiborik zaurgarrienek epe motzean lehentasunezko ondasunak eskuratzeko duten gaitasuna» murriztu dezake.

Mobilizazioek hornidura kateak eten dituzte, eta merkatuen jardueran eragin. Hala, besteak beste, palma olioaren prezioa %20 garestitu da Rangunen, eta arrozarena, %4. Beste eremu batzuetan, aldiz, gorakadak %20 eta %35 bitartekoak dira. Era berean, erregaien prezioa %15 igo da otsailaren 1etik. Hazkunde horrek are gehiago garestitu dezake elikagaiena kostua.

Hala, MEP elikagaiak biltzen hasi da, finantza sektorearen etenak, elikagai sorten eskasiak eta eskudirua lortzeko zailtasunak egoera are gehiago zaildu dezakeelakoan. «MEPen badakigu gosea berehala iristen dela bakea eta elkarrizketa albo batera geratzen direnean», nabarmendu du Andersonek. Hark bat egin du NBEren eskaerarekin, eta azken bozetan herritarrek izan zuten nahia errespetatzeko» exijitu dio junta militarrari.

Lau akusazio larri

Boz horietan iruzurra egon zen, Myanmarko armadaren ustez, edo hala argudiatu zuen estatu kolpea emateko. Iazko azaroan eginiko hauteskundeetan, Aung San Suu Kyiren NLD Demokraziarako Liga Nazionalak aise bereganatu zuen garaipena, botoen %80 inguru eskuratuta. Junta militarraren esanetan, baina, gobernuko alderdiak ez zuen zilegi jokatu, eta herrialdeko Konstituzioko 417. artikulua baliatu zuen estatu kolpe bat emateko. Artikulu hark «Myanmarko Batasunaren desegitea gerarazteko» botere politikoan esku hartzeko aukera ematen dio armadari.

Militarrek eurek idatzitakoa da Konstituzioa, 2008. urtean. Orduan ere boterean zen armada;1962tik 2011ra bitartean junta militar batek izan zuen Myanmarko agintea.

Orain, militarren helburua Aung San Suu Kyi boteretik aldetzea da. Hark ezin du presidente izan, haren seme-alabek beste herritartasun bat dutelako, baina de facto gobernuburu gisa jardun du. Hala, haren aurkako lau akusazio larri egin dituzte: «istiluetara bultzatzeaz eta beldurra eragiteaz», inportazio eta esportazio legeak urratzeaz, hauteskunde kanpainan koronabirusaren aurkako neurriak ez betetzeaz, eta ustelkeriaz akusatu dute. Azken hori izan da azkena. Aurreko astean aurkeztu zuten, eta, besteak beste, bere karguak baliatuta, legez kanpo 500.000 euro eta urrea jaso izana egozten diote.

Horrez gain, hainbat hedabideren arabera, junta militarra herrialdeko alderdiekin biltzen ari da, hurrengo bozak prestatzeko. Zerrenda horretan legoke Elkartasunerako eta Garapenerako Batasunaren Alderdia, armadaren beso politikoa. Ez, ordea, NLD, bozgehien bilduriko alderdia.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.