SNPk gehiengo osoa nahi du «Eskoziaren historiako bozik garrantzitsuenetan»

Bigarren independentzia erreferenduma eta Erresuma Batuaren batasuna daude jokoan gaur egitekoak diren parlamenturako hauteskundeetan

Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroa, iragan otsailean, hauteskunde kanpaina hasi aurreko hitzordu batean. WILL OLIVER / EFE.
ander perez zala
2021eko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Nicola Sturgeon Eskoziako lehen ministroak gaurko parlamenturako hauteskundeak «Eskoziaren historiako garrantzitsuenak» direla esan zuenean, agintariak bazuen hori adierazteko oinarri sendorik: koronabirusaren pandemia betean izango dira, brexit-aren ostean, eta bigarren independentzia erreferendumaren auzia erdigunean dutela. Eta, aldi berean, Eskoziaren eta batez ere Erresuma Batuaren etorkizuna daudelako jokoan.

SNP Eskoziako Alderdi Nazionala gehiengo osoa lortzear legoke, eta hori litzateke, Sturgeonen ikuspuntutik, galdeketa bat sustatzeko testuingururik egokiena; baina, SNPk hori eskuratuko ez balu ere, ziurra da independentziaren aldeko alderdiek gehiengo osoa izango dutela parlamentuan, eta ordezkaritza hori inoizko handiena izango dela.

Londresen ikuspuntutik, hortaz, amesgaizto politikorik handiena Eskoziako lehen ministroaren indarraren gehiengo osoa izango da, 300 urte inguru iraun duen batasuna kolokan jarriko baitu, eta Boris Johnson lehen ministroari arrazoibide sendoa okurritu beharko baitzaio bere jarrerari eusteko: ez dela bigarren independentzia erreferendumik izango, ez behintzat «belaunaldi batentzat».

SNP 65 diputatura —edo gehiagora— iristean dago gaurko gakoetako bat, hori izan baitzen David Cameron 2011n Erresuma Batuko gobernuburu zenak eman zuen arrazoi nagusia lehen independentzia erreferendumari baiezkoa emateko; unionismoa, beraz, zenbaki horri begira egongo da egunotan —emaitza guztiak larunbaterako espero dira—, uste baitu Johnsoni arnasa emango diola Sturgeonen alderdia gehiengo osora ez iristeak. Horren erakusle da Douglas Ross Eskoziako kontserbadoreen buruzagi eta hautagaiak kanpainan behin eta berriz adierazitakoa: «Arazoa eta auzia gelditu ditzakegu SNPren gehiengoa gelditzen badugu».

Baina, egiazki, alderdi independentistentzat hori ez da oztopo izango, Eskoziako Gobernuak bigarren galdeketa egiteko lege proiektuaren zirriborroa aurkeztu baitzuen aurreko legealdiaren amaieran; dena prest da, printzipioz, 2023a amaitu aurretik hautetsontzietara deitzeko, betiere pandemia amaitu baldin bada.

Bideak argia dirudi: bozen ostean, Sturgeonek berriz eskatuko dio Johnsoni galdeketa egiteko baimena, eta hark ezezkoa emango dio; Eskoziako Parlamentuak, hortaz, erreferenduma egiteko lege proiektua onartuko du, eta, lege bilakatu aurretik —erregetzaren baimena behar du—, Londresek auzitara eramango du, Erresuma Batuko Gorenera.

Salmonden aukerak

Eskoziako Gobernuak ez du adierazi noiz bozkaraziko duen testu hori, baina, SNPren barruan eta oro har mugimendu independentistan, bada presa handiagoa beharrezkoa dela uste duenik. Eta horiek ordezkatzeko asmotan da Alex Salmond Eskoziako lehen ministro ohia, iragan hilabetean sortu zuen Alba Alderdiaren bitartez. Izan ere, Salmonden helburua da gaurko bozetatik «supergehiengo independentista bat» ateratzea —ez du zehaztu kopuru hori, eta berehala abiatzea Londresekin bigarren independentzia erreferendumerako elkarrizketak.

Zenbaki horretara iristeko, eta SNPri kalterik ez egiteko asmotan, Alba Alderdiak estrategia zehatza du, Eskoziako boto sisteman oinarritzen dena, herritarrek bi boto emango baitituzte gaur; bata, barrutietako hautagaiak izendatzeko —73 eserleku dira, eta boto gehien biltzen duenak lortzen du eserlekua—, eta bestea, eskualdeetako diputatuak aukeratzeko —56 eserlekuak alderdien zerrenden artean banatzen dituzte, proportzionalki—. Hala, Salmonden indar politikoa soilik eskualdeetako aulkiak jasotzeko lehiatuko da, Sturgeonen alderdiak barrutietan lortzen baitu beti bere ordezkaritzaren parterik handiena.

Sistema hori gehiengo osoak eragozteko jarri zuten indarrean, eta, hortaz, SNPren 2011koa ezohikotzat jo daiteke. Halere, Eskoziako lehen ministroaren alderdiak berriz eskuratu nahi du duela hamarkada bateko arrakasta, Salmond buru zuela 69 eserleku lortu zituenekoa.

Eskoziako gobernuburu ohiak eta haren alderdi berriak, ordea, ez dute ziurtatua ordezkaritza, inkestek diotenaren arabera. Galdeketarako bideari begira, baina, hori ongi etor dakioke Sturgeoni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.