«Hazkunde mugagabearen mitoa» ukatu du LABek, eta banaketa eskatu

Manifestazioak antolatu ditu Bilbon eta Iruñean, enplegua, zaintza lanak eta ondasunak banatzearen alde. Programa Sozioekonomikoa berritzeko prozesua amaitu du sindikatuak

Igor Arroyo, atzo, LABen Programa Sozioekonomikoa aurkezten. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
xabier martin
2021eko irailaren 25a
00:00
Entzun
Datozen urteetarako bide orri sozioekonomikoa egin du LAB sindikatuak, bere erreibindikazioak oinarri sendoekin indartzeko. Banaketa da Programa Sozioekonomiko berrituan larriz azaltzen den hitza. Izan ere, enplegua, zaintza lanak eta ondasunak banatzearen alde borrokatzeko deia egin du sindikatuko idazkari nagusiaren ondoko Igor Arroyok, bai lantokietan, bai mobilizazio orokorren bidez; hain zuzen, bi manifestazio iragarri ditu: lehena irailaren 29an egingo dute, Bilbon, eta bigarrena urriaren 5ean, Iruñean.

LABek uste du klima larrialdia eta, oro har, hondamendi ekologikoa langileei kalte egiten ari dela: «Milioika langileren bizi baldintzak okertzen ari da; migratzera bultzatzen ditu, eta prekaritatea eta lan esplotazioa errazten dituen egoera bat sortzen du». Europako funtsekin sustatzen ari den «kapitalismo berdearen aurkako jarrera» berretsi du, eta, «sostengaezina den ekoizpen eta kontsumo eredua aldatzearekin batera, zerbitzuak eta ondasunak banatzeko bidezko trantsizio ekologikoa» eskatu du.

Sindikatu abertzaleak azaldu du planetaren muga biofisikoak aintzat hartu behar direla, jarduera ekonomikoa murriztu behar dela, eta, horrekin batera, enpleguaren, zaintza lanen eta ondasunen banaketa parekidea egon behar dela. Bi prozesu horiek bateragarriak dira, Arroyoren arabera: «Hauxe litzateke ideia: denok eta gutxiago lan egitea, lehengaien ustiaketa eta zabor ekoizpen txikiena sortuz; beharrezkoa dena (ber)ekoiztu eta ekoiztutako guztia (bir)banatu».

Ekosozialista eta feminista

Kapitala erdigunean kokatzen duen eredutik herritarren eta planetaren bizitza erdigunean jarriko dituen eredurako «trantsizio ekosozialista eta feminista» bat nahi du LABek. «Euskal herritarrok ekonomiaren gaineko kontrol publiko eta soziala eskuratu behar dugu. Euskal Herrian estatu egiturak behar ditugu, ekoizpen eredua aldatzeko eta ekoiztutakoa birbanatzeko, hala nola Euskal Lan Kodea eta Gizarte Segurantza», esplikatu du LABeko arduradunak. Langileek zuzenean hautatutako Lanaren Kontseilua ere aipatu du, eta lan mundua euskalduntzeko plangintza nazionala ere bai; «Euskal Herriko hiru instituzio nagusiak eta eragile sozioekonomikoak bilduko lituzkeen garapen sozioekonomikorako erakunde publiko nazional bat» ere sortu beharko litzateke, sindikatuaren bide orrian zehaztutakoaren arabera.

Hala, banaketa giltzarri den proposamen oso bat garatu du LABek: Banaketa Hirukoitza deitu dio. «Administrazioak enplegu bat bermatu behar dio herritar orori, eta, hori egin ezean, hileroko kalte ordain mugagabea ordaindu behar dio, gutxieneko soldataren baliokidea eta kotizatzen duena. Enpleguaren bidez, sozialki beharrezkoak diren ondasunak (elikagaiak, azpiegiturak, tresneria) eta zerbitzuak (hezkuntza, osasuna, zaintza profesionalizatua, oinarrizko gaien hornikuntza) sortu behar ditugu».

Halaber, sindikatu abertzaleak argi dauka enplegu ez diren zaintza lanek bizitza sostengatzen dutela, eta enpleguari eskainitako denbora murriztea proposatu du, 30 orduko lanaldia ezarrita. «Bi esparru horietan, langile oro gara ondasun sortzaile. Zaintza lanaldiaren inguruko eztabaida soziala proposatzen dugu: zaintzan ere finkatu beharko litzateke gehienezko lanaldirik? Gutxienekorik? Nola egin liteke zaintza lanaldiaren jarraipena?».

Bestalde, «kolektiboki sortutako ondasunak» jasotzeko eskubidea dute herritar guztiek, LABen agiriaren arabera. «Denok izan behar dugu oinarrizko errenta duin bat: 1.400 euroko gutxieneko soldata. Era berean, heren baten proportziora mugatutako gehieneko soldatarekin, ondasunen banaketa bidezkoagoa bermatuko genuke, esplotaziorik gabeko jendarte baten bidean», bukatu du Arroyok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.