Egungo kaleratze erraz eta merkeak ez ditu aldatuko erreforma berriak

«Gobernu akordio batez» hartutako erabakia dela esplikatu du Diaz Lan ministroak. CCOOk eskatu du kaleratzeen araudia aldatzeko. CEOEk «sektoreka» nahi du %15eko behin-behinekotasun tasa

Espainiako presidente Pedro Sánchez eta Yolanda Díaz Lan ministroa, Kongresuan, atzo. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE.
xabier martin
2021eko azaroaren 5a
00:00
Entzun
Azken hilabeteetan, ez diote kaleratzeen edukiari erreparatu Espainiako Gobernuaren askotariko ahotsek ia egunero igortzen dituzten mezuetan. Isiltasun hori arrasto gisa har zitekeen aurreikusteko bere hartan jarraituko dutela 2012ko lan erreformak erraztu eta merkatutako kaleratzeek, eta Yolanda Diaz Lan ministroak berretsi egin du, orain, CEOEk lubakiaren bere aldean eutsiko diola Rajoyren gobernuaren opari horri: kaleratzeen kalte ordain argalduak ez dituzte atzera gizenduko, eta ez da aldaketarik espero langile bat edo batzuk kaleratzea baimentzen duen araudian.

Negoziatzen jarraitzen dute Espainiako eragile sozialek eta gobernuak, hil honetan bertan adosturik beharko lukeen lan erreforma gauzatzeko, baina dagoeneko forma jakin batzuk hartzen ari da testua. «Kaleratzeak ez ditugu ukituko gobernuaren akordio batez». Diaz ministroak eman du zertzelada hori azken orduetan, eta, horrekin batera, Unidas Podemoseko ministroak azaldu du «teknikoki» ezin dela indargabetu PPren gehiengo absolutuak onartutako lan erreforma; baina «behin-behinekotasunaren eta prekaritatearen aurka» esku hartu behar du gobernuak, Diazen arabera, eta aldaketak egin daitezke egungo araudian. Adibidetzat jarri du, hain zuzen, gobernuak 2020an egin zuen aldaketa, gaixo baimenarekin dauden langileak kaleratzea debekatzekoa.

Sindikatuen erantzuna azkar iritsi zaio Lan ministroari. CCOOko idazkari nagusi Unai Sordok esan du «kaleratzeak mugatu» egin behar direla, eta «barne malgutasunerako neurriak» ezarri behar direla enpresek kontratuak hautsi ez ditzaten arazoak iristen direnean: «Ez gaude ados gobernua esaten ari denarekin. Oztopo gehiago jarri behar dira enpresek kaleratzea baliabide gisa erabil ez dezaten. Kaleratzea librea eta merkea bada, enpresek kaleratzeak egiteko joera naturala dute».

Behin-behinekotasuna

Diaz ministroak badaki langileentzat erreforma «oso gogorra» egin zuela PPk, eta uste du «babes mekanismoak» indarrean jarri behar direla orain, eta negoziazio kolektiboa «orekatu» behar dela ere bai. Oreka horrek ultraaktibitatea berriro mugagabea eginez hasi beharko luke, urtebetekoa baztertuz, eta itunak betetzeari uzteko enpresen pribilegioa baliogabetuta; ministroa ez da sartu, ordea, eduki horietan, ezta sektoreko eta enpresako itunen lehentasunean ere.

Ezaguna da CEOE patronala estu hartzen ari dela lan hitzarmenen prebalentzia ukitu ez dadin, multizerbitzu enpresa handietan beren itunak aplikatzen jarraitu nahi dutelako eta ez sektorekoak, soldata merkeagoei eusteko. Diaz ministroak esplikatu du langile asko prekario bizi direla eta Caritasera jotzen dutela: «Jasangaitza da, lotsagabea». Prekaritateari aurre egiteko, gobernuak kontratazioaren behin-behinekotasun handia arindu nahi du, enpresa baten aldi baterako kontratuak gehienez lantaldearen %15era mugatuz. Muga hori, ordea, sektoretik sektorera aldatuko dela segurutzat jotzen da, patronalak herenegungo mahaian egindako proposamenaren ostean.

Edonola ere, kontratuen menua murriztu nahi du Madrilek, Diaz ministroak berretsi duenez. Hezkuntza alorrarekin lotutakoak mugatuko ditu, hasteko. Espainian, behin-behinekotasun tasa handia dago, %25ekoa, eta Hego Euskal Herrian ere oso handia da: sektore publikoan %40etik gorakoa da kontratu finkoez besteko afiliazioa, Europako handiena. Lan merkatuan arrakala handia eragiten ari da aldagai hori. Langile finkoek pilatzen dituzte baldintzarik onenak, eta, haien aldean, behin-behineko kontratuarekin jarduten dutenek gehiago nabaritzen dute prekaritatea. Dualtasun hori bukarazi nahi du gobernuak, baina ikusteko dago berdintzea goitik edo behetik egingo duen; alegia, kontratuen menu berrian, aldi baterako kontratuak finko bihurtzean, oraingo finkoen baldintza berak izango dituzten ala kontratu finkoek eskubideak galduko dituzten.

Ezusteak eta paperak

Yolanda Diaz ez da mahaitik altxatuko «akordio bat lortu arte», baina ituna oso garesti dago. CEOErentzat, langabeziaren azken datu onek indarrean dagoen lan araudiaren malgutasunean dute oinarria, eta ez dago prest negoziazio kolektiboan PPk eman zion abantaila handia besterik gabe galtzeko. «Dena hobetu daiteke», esan du Antonio Garamendi presidenteak, baina erantsita «Europak aipatzen ez dituen edukiak» ari dela hizpide hartzen gobernua. «Ezustea» hartu du CEOEko buruak «duela hilabeteko zirriborro bera» ikusi duelako berriro azken elkarrizketa sozialerako mahaiaren gainean. «Ez dakit gobernua koordinatu den ala ez, baina lehengo paper berarekin jarraitzen dugu».

Izan ere, Madrilgo gobernuak garbi dauka aldi baterako kontratuak egiteko baldintzak gogortuko dizkiela enpresei, eta kontratu finko etenak sustatu. Diaz ministroak jakinarazi du, halaber, gogortu egingo dituztela behin-behinekotasunaren abusuaren aurkako zigorrak.

Bistan da: ez da erraza izango CEOE lan erreforma aldatzeko akordio batera erakartzea, baina lan ministroak ez du amore ematen: «Erreformaren azken fasean gaude, eta akordioa egin dezakegula ikusten ari naiz». Europako funtsak enpresetara iristea oso lagungarria izan daiteke, azkenerako, itun bat lor dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.