28 manifestari hiltzea egotzi die NBEk Kolonbiako segurtasun indarrei

Giza Eskubideen Bulegoaren arabera, «gehiegizko indarkeria» baliatu zuen Bogotak. «Propaganda politikoa» egitea leporatu dio Bogotak NBEri

Manifestariak segurtasun indarrei aurre egiten, Loma de la Cruzen, uztailaren 20an. PABLO RODRIGUEZ / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Manifestazioak izan ziren nagusi Kolonbian aurtengo udaberria eta uda hasieran. Ivan Duque presidenteak bultzatutako zerga erreformak piztu zuen herritarren haserrea, eta gobernuaren aurkako aldarriek kaleak bete zituzten hainbat egunez —azkenean, estatuburuak atzera egin, eta bertan behera utzi zuen proposamena—. Protestak, baina, ez ziren erabat baketsuak izan. Datu ofizialen arabera, 63 manifestari hil zituzten —horiek dira NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Bulegoari jakinarazitako heriotzak—; horietatik, gaur-gaurkoz, 46 baieztatu ahal izan ditu nazioarteko erakundeak: 28 Poliziak berak tiroz hildakoak.

2021eko Lanuzte Nazionala. Kolonbian, modu baketsuan biltzeko eskubidetik ikasitakoak izeneko txostena aurkeztu zuen atzo Giza Eskubideen Bulegoko ordezkari Juliette de Riverok. Bertan biltzen diren datuen arabera, egiaztatutako 46 hildakoetatik 44 zibilak ziren, eta bi poliziak; horrez gain, hildakoetatik %76 tiroketen biktima izan ziren. «Erantzule guztiak ikertu behar dira, baita estatuaren aginduetara aritu direnak ere, modu argi, azkar independente eta sakonean», esan zuen Riverok. Horrez gain, Kolonbiako Gobernuari eskatu dio berma dezala biktimek kalte ordainak jasotzen dituztela.

Rivero kezkatuta agertu zen manifestazioetan zibilez jantzita eta armak eskuan zituztela manifestarien aurka jo zutenen inguruan ere. «Kolonbian aldatu egin behar da protestak kudeatzeko modua. Estatuak bermatu behar ditu giza eskubideak», nabarmendu zuen NBEko ordezkariak. Txostenak zehazten duenez, Bogotak ez zuen neurririk hartu manifestariak babesteko, eta «gehiegizko indarkeria» baliatu zuen protestan ari zirenen aurka, batzuetan, baita sexu indarkeria ere. Adibide gisa jasotzen du apirilaren 28ko greba deialdia. Egun hartan Poliziak indarrez desegin zituen manifestazioak, modu baketsuan biltzeko eskubidea urratuz. Alde horretatik, gogora ekartzen du Kolonbiak onartuak dituela indarkeriaren gehiegizko erabilera saihesteko nazioarteko protokoloak.

Nazioarteko araudiaren arabera, protestak indarrez desegin daitezke soilik horiek baketsuak izateari uzten diotenean. Baina legeak zehazten du ez dela indarkeria banako batzuk beste batzuei bultza egitea, edota errepideak moztea; eta soilik indarkeriatzat joko litzatekeela gehiengo batek herritarren aurka joko balu, edota kalte material handiak eragingo balituzte. Bide batez, nabarmentzen du ezin zaizkiela manifestari guztiei edo antolatzaileei egotzi gutxi batzuek eragindako istiluak, eta Estatuak bermatu egin behar dituela «indarkeriaz» akusatutako horien giza eskubideak ere. Hala, Kolonbiaren kasuan ondorio argia atera du Riverok: «Gutxi batzuek edo gutxiengo batek eragindako istiluek ez dute zuritzen modu baketsuan manifestatzen ari zirenen aurkako indarkeria».

Segurtasun indarrek baliatutako indarkeriaren adibide jakinak ere biltzen ditu txostenak. 20 urteko Harold Antonio Rodriguez da haietako bat. Maiatzaren 3an hil zuten gaztea, Siloen, ogia erostera zihoala. Ez zen manifestazioetan parte hartzen ari, baina tiroz hil zuen Poliziak. Berdin gertatu zitzaion 26 urteko Christian David Castillori ere. Bogotan zen Castillo ekainaren 22an, eta ESMAD Istiluen Kontrako Eskuadroi Ibiltariak jaurtitako negar gas jaurtigai batek buruan jo, eta hil egin zen. Bi kasuetan Fiskaltzak ikerketa bat abiatu zuen.

Suzko armen erabilera

Dokumentuak ohartarazten du suzko armen erabilerari buruz ere, eta nabarmentzen segurtasun indarrek ez lituzketela horiek soinean eraman behar manifestazio baketsuak zaintzeko. «Norbait hiltzeko arriskua dagoen kasuetan edo pertsona jakinak zaintzeko soilik erabili behar ditu Poliziak suzko armak, inoiz ez manifestazio baketsu bat sakabanatzeko», azaldu du Riverok. Arma arriskutsuen artean sailkatzen dituzte, baita ere, negar gasa jaurtitzeko erabiltzen direnak eta gertutik erabilita heriotza eragin dezaketenak.

Hildakoak ez ezik, zaurituak ere eragin zituzten manifestazioek: 1.140 zibil eta 1.712 polizia zauritu zituzten. Baina txostenak zehazten du litekeena dela kopurua askoz handiagoa izatea, zaurituetako askok ez zutelako erietxera jo, Poliziak identifikatuko zituen beldur. Hala, manifestariek eurek antolatutako «larrialdi guneetan» artatu zituzten horietako asko. Nabarmentzekoa da zaurituetako zenbatek galdu zuten begi bat, edo biak. Gobernuz kanpoko Temblores erakundearen arabera, 103 salaketa jaso zituzten uztailaren 20ra arte; horietatik %79, Poliziaren oldarraldien ondorioz.

Kolonbiako presidenteorde Maria Lucia Ramirezek, baina, «propaganda politikoa» egitea eta «instituzioen aurkako kanpaina bultzatzea» leporatu zion NBEko ordezkariari, eta berretsi zuen Duquek indarkeriarekiko «zero tolerantzia» duela. «NBEren gisako nazioarteko erakunde batek inpartzialtasunez jokatu beharko luke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.