Arcelorrek prest nahi ditu erregulazioak, energiaren krisiak estutzen duenerako

Etzi hasiko dituzte negoziazioak, eta euskal langileak Espainiakoekin batera eseriko dira. Multinazionalak 1.400 langile inguru ditu Euskal Herrian

Arcelorrek Sestaon duen ACB altzairutegia, tximinietatik kea dariola. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Arcelor Mittal etorkizuneko erregulazioak egiteko baldintzak negoziatzen hasiko da etzi sindikatuekin. Azken asteetan etenaldiak egin behar izan ditu energiaren kostuengatik, eta bere burua prestatu nahi du. Espainiako Gobernuak hainbat neurri hartu ditu argindarraren prezioa mugatu eta haren kontsumitzaile handiak diren enpresei laguntzeko, baina altzairutegiaren mugimenduak errealismo mezu bat zabaldu du. Euskal Herriko plantek Espainiakoekin batera negoziatuko dute, eta sindikatuen ordezkaritza ere horrela banatuko da. Dena den, enpresak ez du akordiorik behar aldi baterako erregulazioak baldintza orokorretan aplikatzeko. Mercedesek Gasteizen zuen plantan, esaterako, ez zen akordiorik egon, eta langileek ez dute osagarririk.

Arcelor Mittalek 1.400 langile ditu Euskal Herrian. Sestaoko (Bizkaia) ACBn 240 dira; Etxebarriko plantan, 340 (Bizkaia); Bergara eta Olaberrikoan, 500 inguru (Gipuzkoa), eta Nafarroako hiruretan (Lesaka, Legasa eta Berriobeiti), 310. Enpresa horietako ordezkariak, baina, Espainiakoekin batera eseriko dira, eta guztira 8.000 langile dira, gehienak Asturiasen. Horiek hala, langile batzordearen banaketa hurrengoa da: UGTk bost ordezkari izango ditu; CCOOk eta ELAk, hiruna, eta LABek eta USOk, bana.

Euskal Herriko planten jarduna oso ezberdina da. Sestaon, esaterako, altzairu bobina handiak ekoizten dituzte; Gipuzkoan produktu luzeekin egiten dute lan, barrak eta antzekoak, eta Etxebarrin kontserbetarako latak egiten dituzte. Hala ere, enpresak erregulazio bateratu bat adostu nahi du. Argindar gehien kontsumitzen dutenetako bat Sestaoko altzairutegia da, eta neguan bi hilabete egin zituen geldirik haren prezioarengatik. Martxoan itzuli zen lanera, eta hartaz geroztik beste bederatzi egun egin ditu geldirik. Olaberrian eta Bergaran ere etenaldi «selektiboak» egin dituzte neguan. Ordu bakoitzeko argindarraren prezioen arabera antolatu zituzten txandak.

Arcelor Mittalek «eskura» izan nahi du malgutasun erreminta hori. «2021eko abenduan amaitu zen erregulazioa bezalakoa nahi dugu, sindikatuekin izandako akordio ezarengatik berritu ez zena», azaldu du enpresak. Egun, gainera, enpresaren arabera, mehatxuak gehiago dira, argindarraren garestitzeari lehengaien krisia gehitu zaielako, eta Ukrainako gerrak mundu osoko merkatuan eragindako ezegonkortasuna. Horren zehar kalteen eredu, iragan astean Etxebarriko planta geldirik egon zen egun batzuetan: garraiolarien grebaren eraginez, ezin izan zuen jaso latak egiteko erabiltzen duten letoia.

CCOO, erabakigarri

Enpresak azaldu bezala, aurreko erregulazioa iazko abenduan amaitu zen —2009tik zegoen indarrean, eta langileen soldaten %90 bermatzen zuen—, CCOOk bere jarrera aldatu zuelako. Orduan sindikatuak esan zuen ez zetorrela bat enpresak hura luzatzeko mahai gainean jarritako argudioekin, eta gogorarazi zuen multinazionalak 5.490 milioi euro banatu zituela iaz dibidendutan. ELA eta LAB ere luzatzearen aurka agertu ziren.

ELAk dagoeneko aurreratu du ez duela begi onez ikusten oraingo asmoa. Unai Martinez industria idazkari nagusiak Cronicavasca atariari esan dionez, Arcelorrek «behin-behineko arrazoi bat erabiltzen du egiturazko arazo bat ez konpontzeko». Martinezentzat ere ez du zentzurik neurri orokor bat ezartzeak planta bakoitzaren ezaugarriak ezberdinak izanda.

Are gehiago, ELAko kideak ez du baztertu erregulazio berriaren auziak Espainiako Auzitegi Gorenean amaitzea. Enpresa beste aldi baterako erregulazio bat aplikatzen saiatu zen pandemia garaian, 2020an, eta Auzitegi Nazionalak onartu egin zuen sindikatuek jarritako helegitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.