Ipar Irlandako hauteskundeak

Sinn Fein nagusi, lehenbiziko aukerako botoen artean

Alderdi errepublikanoak botoen %29 irabazi ditu aukera zuzenean; DUP alderdi unionistak, %21. Gaur arratsaldean emango dituzte behin betiko emaitzak

Sinn Feineko boluntarioen auto bat, alderdiko bandera agerian dutela, herenegun, Ipar Irlandako hauteskundetan. MARK MARLOW / EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Ipar Irlandako Asanblearako hauteskundeetako behin betiko emaitzak gaur arratsalderako espero badituzte ere, garbi dago Sinn Feinek irabaziko dituela bozak, eta, Ipar Irlanda duela mende bat sortu zenetik aurrenekoz, irlaren batasuna nahi duen lehen ministro bat egon daitekeela: Michelle O'Neill, alderdi errepublikanoko presidenteordea. Hain zuzen ere, lehenbiziko aukerako botoen artean, Sinn Feinek jaso du boto gehien, alde handiz, gainera: %29 lortu ditu, 2017ko bozetan baino 1,1 puntu gehiago; DUPek, berriz, jaitsiera nabarmena izan du, eta %21,3 eskuratu ditu, aurrekoan baino 6,7 puntu gutxiago; aldiz, Aliantza Alderdiak gorakada esanguratsua izan du: lehenbiziko aukerako botoen %13,5 jaso ditu, orain dela bost urte baino 4,5 puntu gehiago.

Edizio hau ixteko orduan, Asanbleako 90 eserlekuetatik 35 zeuden banatuta, eta inkesten arabera bozak irabaztekoa den Sinn Fein alderdi errepublikanoak eskuratu du parlamentari gehien: hamasei; zazpi legebiltzarkide lortu ditu Aliantza Alderdiak; sei DUP Alderdi Demokratiko Unionistak; lau UUP Ulsterko Alderdi Unionistak; eta bana Independenteak eta SDLP Alderdi Sozial Demokrata Laboristak. Parte hartzea %63,61ekoa izan da; 2017ko bozetan baino zertxobait apalagoa: %64,8koa izan zen urte hartan.

Sinn Feinek bozak irabazten baditu ere, ikusteko dago DUPO'Neill errepublikanoa buru duen gobernuan sartuko litzatekeen. Izan ere, alderdi unionistako buruzagi Jeffrey Donaldsonek mehatxu egin du, esanez Asanblean gobernabidea blokeatuko duela baldin eta Sinn Feinek ordezkaritzarik handiena lortzen badu, eta Erresuma Batuko Gobernuak eta Europako Batzordeak ez badute Ipar Irlandarako Protokoloa aldatzen. Hala, jarrera horri eusten badio, herrialdea blokeo politikora itzul daiteke. Horiek horrela, giltzarri izan daiteke bozetan emaitza bikoiztea lor dezakeen Aliantza Alderdia; aste honetako inkesta batek parez pare jarri ditu Aliantza Alderdia eta DUP, %18,2an. Hain zuzen, bere burua ez unionistatzat ez errepublikanotzat daukan alderdiko buru Naomi Longen hitzetan, «lan serio eta duina» egitera joango dira Asanbleara: «Ez gaude jolasetarako», ohartarazi zuen.

Ateak irekiak ditu

Behin-behineko emaitzak jasota, O'Neill, Sinn Fein alderditik lehen ministro izateko hautagaia «eskertuta» mintzatu zitzaien atzo jarraitzaileei, eta nabarmendu zuen prest dagoela gainerako alderdiekin batera gobernua partekatzeko, «herritarren mesederako baita». Hain zuzen ere, Sinn Feinek auzi sozioekonomikoetan jarri du arreta berezia, Irlandaren batasunean edota Ipar Irlandarako Protokoloan baino.

Donaldson DUPeko liderrak, ostera, zuhurrago hitz egin zuen, eta aitortu hauteskunde kanpaina «zaila» izan zela. Beraz, «elkarlanerako» deia egin zien gainontzeko alderdi unionistei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.