Frantziako Tourra

Taldearen Tourra biribildu du

Cristophe Laportek irabazi du Frantziako Tourreko hemeretzigarren etapa. Esprinterrak laguntzailerik gabe gelditu dira, eta frantziarrak ezustekoa eman du. Erlojupekoa izango da gaur

Taldearen Tourra biribildu du.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Dena ateratzen ari zaio ondo Jumbo-Vismari. Jonas Vingegaard liderrak Hautacamen erakustaldia eman eta gero, Cristophe Laporte izan zen garaile atzo. Ezustekoa eman zuen frantziarrak, eta argi utzi zuen Herbeheretako taldea dela tropeleko indartsuena. Azken horrekin,bost etapa irabazi ditu taldeak, beste inork baino gehiago. Vingegaardek eta Van Aertek bi etapa irabazi dituzte; Laportek, berriz, lehenengoa irabazi zuen atzo. Arazorik ezean, Vingegaardek biribilduko du taldearen lana bihar, Parisen. 3.26ren aldearekin aurre egingo dio gaurko erlojupekoari.

Ikusi beharreko gehienak ikusita aurre egin zioten txirrindulariek hemeretzigarren etapari.Egunak ez zuen aparteko zailtasunik, eta saihetsetik jo zezakeen haizea zen ziklisten beldurrik handiena. Bestalde, Enric Masek, Movistar taldeko liderrak,COVID-19an positibo eman zuen goizean egindako proban, eta lasterketa utzi zuen, noiz-eta hura amaitzeko hiru egun gelditzen zirenean. Movistarrek ez du denboraldi ona egin orain arte, eta UCI World Tour mailatik ez jaisteko lehian ari da.

Zenbait txirrindulari saiatu ziren eguneko ihesaldian sartzen, eta, azkenerako, lauk aurre hartu zioten tropel nagusiari. Hala ere, esprinterren taldekideek ez zieten bidea egiten utzi, eta minutu ingururen aldea besterik ez zuten izan. Besteak beste, lau txirrindulari ziren etapa irabazteko faboritoak: Jasper Philipsen (Alpecin), Fabio Jakobsen (Quick-Step), Dylan Groenewegen (Bike Exchange) eta Caleb Ewan (Lotto Soudal). Garaipena haien artean jokatzeko hautua egin zuten taldekideek, eta ziztu bizian egin zuten eguna.

Helmugarako 48 kilometro falta zirenean, Quinn Simmons (Trek) gelditu zen aurrean. Tropelak erritmo bizian jarraitu zuen, eta talde nagusia bi zatitan banatu zen. Hala ere, atzekoek ez zuten arazo handirik izan aurrekoekin batzeko, eta, denak elkarrekin zirela, berehala harrapatu zuten Simmons. Beste saiakera batzuk ere egin zituzten zenbait txirrindularik talde nagusitik ihes egiteko, eta, 30 kilometro gelditzen zirenean, hirukote bat aurreratu zen.

Tropelak gogotik sufritu zuen lehen taldetxoa harrapatzeko, eta, azken kilometroan, haien gainean zeudenean, Laportek erasoa jo zuen. Esprinta bideratzeko laguntzailerik gabe gelditu ziren tropeleko txirrindularirik bizkorrenak, eta ez zen inor joan haren gurpilean. Frantziarrak irabazi zuen etapa, eta taldearen lasterketa biribildu zuen.

Ezer gutxi jokoan

Parisera iritsi aurretik, 40 kilometroko bakarkako erlojupekoari aurre egin beharko diote gaur txirrindulariek. Ez dago mendate handirik, eta oso zaila izango da Vingegaardek maillot horia galtzea, 3.26ren aldea baitago Tadej Pogacarren(UAE) eta liderraren artean. Biak moldatzen dira ondo bakarkako saioetan. Lehenengo etapan, 13 kilometroko erlojupekoan, Pogacar zortzi segundo bizkorrago aritu zen. Bestalde, hirugarren posturako lehian, Geraint Thomasek (Ineos) 3.05en aldea ateratzen dio David Gauduri (FDJ), eta 2018ko Tourreko garaileak bere esku dauka podiuma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.