Ukrainako beste zentral nuklear bati eraso egitea egotzi dio Kievek Errusiari

Ukrainaren arabera, Mikolaiv eskualdeko zentraleko erreaktoreak ez dira kaltetu. Iziumeko kasuaren harira, Moskuk gezurtzat jo ditu Kievek egindako salaketak

Ukrainako beste zentral nuklear bati eraso egitea egotzi dio Kievek Errusiari.
Mikel O. Iribar.
2022ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Errusiako armadak misilez eraso zion atzo gauerdian Mikolaiv oblastean dagoen zentral nuklearrari, Juzhnoukrainsk hiritik gertu, Ukraina hegoaldean. Hala salatu zuen Energoatomek, energia nuklearreko Ukrainako enpresak, Reuters berri agentziak jasotakoaren arabera. Hori bai, enpresak zehaztu zuen zentraleko erreaktoreak ez zirela kaltetu, eta «lanean normal» jarraitzen dutela. Iturrien esanetan, halaber, «leherketa handi bat» jazo zen azpiegitura handi horretatik hirurehun bat metrora, eta handik gertu dagoen Oleksandrivskako zentral hidroelektrikoaren unitate hidraulikoetako bat itzali egin zen, eta goi tentsioko hiru sare elektrikok funtzionatzeari utzi zioten.

Energoatomek ohartarazi zuenez, Errusiako tropek Juzhnoukrainsko zentralari egindako eraso «terroristak» mundu osoari egin zion «mehatxu», eta «berehala» gelditzeko eskatu zuen, «beste hondamendi bat ez gertatzeko». Antzera mintzatu zen Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea: «Okupatzaileek berriro eraso egin nahi zuten, baina zentral nuklear bat zer den ahaztu zitzaien. [Errusia] Gelditu egin behar dugu, beranduegi izan baino lehen». Ukraininform agentziak jaso zituen agintariaren adierazpenok.

Errusiako armadak otsail amaieran Ukrainaren inbasioa hasi zuenetik jotzen duen hirugarren zentral nuklearra da Juzhnoukrainskoa, Txernobylgoaren eta Zaporizhiakoaren ondotik. Azken hori, zehazki, Europako handiena dena eta Mikolaiv eskualdeko zentraletik 250 kilometro ekialdera dagoena, hil honen hasieratik itxita dago, Errusiaren bonbardaketen eta hondamendi nuklear baten beldurraren ondorioz. Kievek eta Moskuk elkarri egotzi diote Zaporizhiako zentralaren aurka oldartzea. Errusiako armadaren kontrolpean dago, nahiz eta bertako langileak ukrainarrak izan. Bonbardaketen ondorioz, eraikinak kaltetuak daude, eta argindar sareak, etenda.

Dena dela, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziako buru Rafael Grossik asteburuan adierazi zuenez, zentraleko lau argindar sare nagusietako bat konpondu egin zuten, eta, hala, azpiegitura Ukrainako saretik argindarra jasotzen hasi zen berriz.

Iziumeko (Kharkiv oblasta) «sarraskiaren» harira, Kremlineko bozeramaileak, Dmitri Peskovek, «gezurtzat» jo zituen atzo Ukrainak Errusiari egindako salaketak: «Butxako agertoki bera da Iziumekoa. Gezur hutsa da, eta egia babestuko dugu, noski». Ukraina ipar-ekialdeko herri bat da Izium, armadak Errusiako tropen eskuetatik «berreskuratu» berri duena. Kievek joan den astean jakinarazi zuen laurehundik gora gorpu topatu zituela hobi komun batean, «gehienak tortura zantzuekin». Zelenskik «gerra krimentzat» jo zuen, eta zuzenean Moskuri leporatu zion.

Bien bitartean, Ukrainako tropen «kontraerasoa» aurrera doa; hain zuzen, armadak Oskil ibaiaren ezkerraldeko eremua «berreskuratzea» lortu zuen atzo, Luhansk probintziako buru Serhiy Haidaik ziurtatu zuenez. Donetsk ibaiaren hegoaldean itsasoratzen da Oskil. AEBetako presidente Joe Bidenek, berriz, ukrainarrak goraipatu zituen Errusiaren inbasioaren aurkako «borroka ausartagatik», eta hau ere erantsi zuen CBS telebista katean: «Errusia garaitzen ari dira».

Hamahiru zibil hil dituzte

Zelenskik esana du militarrek kokaleku gehiago «askatuko» dituztela. Horietako bat Krimea da, Moskuk 2014an anexionatu zuen penintsula. Bada, Kremlineko bozeramaileak ohartarazpen zuzena egin zion atzo Ukrainako agintariari: «Errusiako lurraldearen aurkako ekintza orok berehalako erantzuna jasoko du».

Bestalde, Donetskeko Herri Errepublikako agintariek atzo salatu zutenez, Ukrainako armadak hamahiru zibil hil zituen Donetsk hiriburuan bertan. Kievek, berriz, ez zuen xehetasunik eman gertakari horren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.