Jaurlaritzak azken saioa egin du elkarrizketa soziala salbatzeko

CCOO eta UGT Elkarrizketa Sozialerako Mahaira erakarri nahian, organo horretan Confebaskekin sinatutako enplegu akordioaren «mamia eta garapena» erabakitzea eskaini du Gasteizko gobernuak

Jaurlaritzaren, Confebasken eta CCOO eta UGT sindikatuen ordezkariak, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian, aurreko urtean. JUANAN RUIZ / FOKU.
xabier martin
2018ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Bai, baina ez. Eusko Jaurlaritzak beste mugimendu bat egin du CCOO eta UGT berriro Elkarrizketa Sozialera erakartzeko, baina onartu gabe haiek baldintza gisa eskatu zutena mahaira itzultzea: Confebaskekin egindako enpleguaren aldeko ituna haustea. Gasteizko gobernuak ez du hautsi sindikatuak bazterrean utzita patronalarekin adostu zuen itun hori, baina «berriro bideratu» nahi duela azaldu zuen, Maria San Jose Lan sailburuaren bitartez. Hitz horiekin akordioa izoztuta geratu zela interpretatu ahal zitekeen, baina halakorik ez dagoela argitu zuen iluntzean Lehendakaritza Sailak. «Akordioa ez da geratu, eta indarrean jartzea ez da atzeratu», esan zioten Lehendakaritzako iturriek Efe agentziari.

Ordu batzuk lehenago, San Jose sailburuak ziurtatu zuen sindikatuak akordio horretara erakartzea dela gobernuaren asmoa. Nola? Sindikatuek haren «mamia, garapena eta edukiak» osatu ahal izatea.

Elkarrizketa Sozialari egitura instituzional bat emateko dekretua prestatzen ari da Eusko Jaurlaritza, eta azken egunetan, ELAk eta LABek bezala, CCOOk ere ezetz esan dio proiektuari. Sindikatu abertzaleen jarrera argia da proiektuarekin, aspaldian baitaude Elkarrizketa Sozialerako mahaitik kanpo, uste dutelako hura «patronalaren politikei zilegitasuna emateko tresna» baino ez dela. CCOOren arrazoiak bestelakoak dira. Jaurlaritzak Confebaskekin bakarrik egindako enpleguaren aldeko itunak eragin zuen Elkarrizketa Sozialerako Mahaia bertan behera geratzea. Eta hura berriro osatzeko, CCOOk argi esan du ituna haustea baino ez zaiola geratzen gobernuari.

Kontua da Lan Sailak presa duela mahaia osatzeko atzera, hain justu mahai horri egitura instituzional bat emateko dekretua labean dagoelako, eta, gutxiengo sindikalaren oniritzia besterik ez bada ere, hausporen bat behar duelako hura bermeren batekin plazaratzeko. «Mahaia lehenbailehen osatu behar dugu», esan zuen San Josek; «dekretuak aurrera atera behar du, eta mahaiak osatu behar du». Luze gabe ikusiko da dagoeneko patronalarekin adostu den akordio batean sindikatuek euren ekarpena egiteko aukera amu nahikoa izango den ala ez; CCOOk eta UGTk daukate hitza.

Postariaren zain

Aurreko ostiralean bukatu zen Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren dekretuari alegazioak egiteko epea, baina postaz iritsi daitezkeen ekarpenen zain egon behar dute. Edonola ere, San Jose sailburuak «asmo argia dauka» dekretua aurrera atera dadin, eta hura «adostasun handienarekin» egin nahi du. Zaila ematen du, ordea, kontuan hartuta ELAk, LABek eta CCOOk proiektuari kritika latzak egin dizkiotela. Postaz ekarpenik iritsiko balitz, haiek aztertu egingo lituzke Lan Sailak, eta proiektuaren idatzia aldatu beharko balitz, «aldatuko litzateke».

Elkarrizketa Sozialerako Mahaiaren dekretuaren «antidemokratikoa» dela esan zuen aurreko astean ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek. Zeri buruz hitz egin behar den mugatzen du proposamenak, ELAren arabera; «zerga politikei buruz eta aurrekontu legeei buruz ez litzateke mahai horretan eztabaidatuko: Ukatu egiten digute oinarrizko eztabaida». Ordezkaritza handiena duen sindikatuak erantsi zuen testua «oso lausoa» dela. «Ez du zehazten sindikatu bakoitzak izan behar duen ordezkari kopurua; ez dago borondaterik sindikatuen ordezkaritza bermatzeko. Berdin dio %10eko edo %40ko ordezkaritza izatea». Hau da, uste du «borrokalariak diren sindikatuen aurka» hartutako neurria dela sindikatu denek ordezkaritza bera izatea.

Kritika horiei buruz galdeturik, San Josek gogoratu zuen «legeak gehiengo batzuk jasotzen dituela»; «edonola ere, ordezkaritza bera bada arrazoi bat akordioak egiteko», esan zuen. LABen ustez, aldiz, «beto eskubidea» ematen dio patronalari dekretu zirriborroak, eta aurreko astean iragarri zuen alegazioa jarriko diotela. Garbiñe Aranburu idazkari nagusiaren irudiko, «antzua» da Lakua bideratzen ari den proiektua, «eta ELAk etaLABek badute «nahikoa autonomia akordio bat lortzeko».

CCOOren ukoa ere jaso du dekretuaren zirriborroak. «Harrigarria da [Jaurlaritzak] halako dekretu bat ateratzea enpresa erakundeekin aldebiko akordioe- tarako hautua egin duenean. Ez du, gure ustez, inolako birtualitaterik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.