'Brexit'-erako zirriborroa adostu dute Erresuma Batuak eta EBk

Theresa May lehen ministroak ezohiko ministroen kontseilura deitu du gaurko. Filtrazio baten arabera, Irlanda uharteak ez du mugarik edukiko; horrek irteera gogorraren aldekoak haserretu ditu

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa bere kabineteko ministroekin banan-banan bildu zen, atzo. Argazkian, joan den maiatzean. NIGEL RODDIS / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Aspalditik aurreikusitakoaren arabera hilabeteko atzerapenarekin, baina azkeneko 72 orduetan negoziazioak azkartu dituzte bi aldeek, eta Londresek eta Bruselak adostu dute brexit-erako zirriborroa. 2019ko martxoaren 29an Erresuma Batua EB Europako Batasunetik nola aterako den da zehaztu dutena. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroaren kabineteko kide batek BBCri adierazi dionez, «teknikoa» da akordioa. Bruselako iturri batek The Guardian-i filtratutakoaren arabera, «testu egonkor bat» bidali dute Downing Streeteko 10. zenbakira, eta hori, 400 bat orrialdeko dokumentua, aztertuko dute gaur arratsaldean, ezohiko ministroen kontseilu batean. Dena den, ministroekin banan-banan batzartu zen May atzo gauean. Hitzartutakoa babestu ala ez erabaki beharko dute.

Baina ministroen babesa edukita ere, Mayk Erresuma Batuko Komunen Ganberaren onespena behar du akordioa ezartzeko, eta hori, gaur-gaurkoz, ia ezinezkoa da. Hasteko, Alderdi Kontserbadorean bertan dauzka etsaiak, iritzita Mayk Bruselari proposatutakoa leunegia dela. Tory-en 30-40 bat parlamentari brexit gogorraren, erabateko hausturaren, aldekoak dira, David Davis brexit-erako ministro ohiak joan den irailean adierazi zuenez —uztailean dimititu zuen, ez zuelako Mayren asmoekin bat egiten—.

Eta, bestalde, Ipar Irlandako DUP Alderdi Demokrata Unionista hartu behar da kontuan. Alderdiak ganberan dituen hamar diputatuen botoari esker du Mayk gehiengoa, baina zirriborroa unionisten posizioaren kontrakoa da. Izan ere, RTE Irlandako Errepublikako telebista publikoak atzo filtratu zuenez, Bacstop delakoa jaso dute zirriborroan; hau da, Irlandako mugak ondasunen eta pertsonen zirkulazioaren kontrolik gabe jarraituko duela brexit-aren ondoren. Hori da, hain zuzen, DUPek zeharkatu nahi ez duen marra gorria, de facto esan nahi baitu Ipar Irlanda Erresuma Batutik bereiziko luketela. Sammy Wilson DUPen bozeramaileak garrantzia kendu nahi izan zion atzo kaleratutako informazioari. «Akordioa behin-behinekoa da. Erresuma Batuak eduki beharko luke akordio horietatik ateratzeko gaitasuna».

Horrekin guztiarekin lotuta, eta Ipar Irlandako bake prozesua erdigunean jarriz, aintzat hartu behar da, gainera, Irlandako Errepublikako Gobernuarentzat eta Sinn Fein Ipar Irlandako alderdi errepublikanoarentzat garrantzi handia duela muga guztiz zabalik egoteak.

Ez dute akordioaren zehaztasunen informazio ofizialik eman, baina, betiere hedabideek argitaratutako filtrazioak kontuan hartuta, Erresuma Batuak aduana batasunaren barruan jarraituko du, Londresek eta Bruselak merkataritza akordio bat lortu bitartean.

Halere, balizko agertoki horietara heldu aurretik, beste pauso batzuk eman behar dira aurretik. Mayren kabineteak dokumentua onartzen badu, litekeena da Europako Batasuneko liderrek ezohiko bilera batera deitzea hilaren 25erako eta orduan zirriborroa berrestea.

Hitzordu askoz ere garrantzitsuagoa izango da, ordea, Komunen Ganberakoa. Zenbait hedabidek kaleratu dutenez, eztabaida eta bozketa abendu amaieran edo urtarril hasieran dira egitekoak. Brexit-erako zirriborroa ez da gehiegi aldatu azkeneko hilabeteotan, eta Alderdi Laboristak, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak eta Liberal-Demokratek esana dute kontra bozkatuko dutela. Brexit gogorraren aldeko 30-40 diputatu tory-ek gauza bera egiten badute, ikusteko dago Mayk zer egingo duen. Joan den urri hasieran urteroko konferentzia egin zuen Alderdi Kontserbadoreak, eta, lehen ministroak orduan nabarmendu zuenez, Erresuma Batua EBtik akordiorik gabe ateratzeko prest dago, «beharrezkoa balitz». Badira, gainera, brexit-ari buruz 2016ko ekainean egin zuten erreferenduma errepikatu dadila eskatzen dutenak.

Bestalde, Europako Parlamentuak ere bozkatu behar du akordioa, baina, sekulako ustekabekorik gertatu ezean, talde handiek alde bozkatuko dute.

Kale edo balerik gabe

Alderdi Laboristak, SNP Eskoziako Alderdi Nazionalak, Liberal-Demokratek eta Plaid Cymru Galesko alderdiak gutun bateratua kaleratu zuten, eta eskatu diote Mayri ez diezaiola parlamentuari «ahorik estali» akordioa bozkatzea tokatzen den egunean. Iruditzen zaie «arriskutsua» litzatekeela adostutakoa «kale edo bale» moduan bozkatzea. Horregatik, gobernuak aurkeztuko duen proposamenari zuzenketak egin ahal izateko aukera emateko exijitu dute.

Boris Johnson Atzerri ministro izandakoarentzat, brexit gogorraren defendatzailearentzat, akordioa «onartezina» da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.