Guardia indigena bat hil dute tiroz Amazonian, urte erdian bigarrena

Oraindik ez dituzte argitu hilketaren inguruko xehetasunak. Survival International gobernuz kanpoko erakundeak salatu du egurra ustiatzen duten enpresen mehatxuak jaso dituztela

Polizia bat, egurra daraman kamioi bat zaintzen, Rondonia eskualdean, Brasilen. JOEDSON ALVES / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Bost hilabetean bigarrenez, Brasilgo Amazoniako guardia bat tiroz hilik agertu zen, atzo. Bost dira hildakoak, Amazoniako eremu hartan bizi diren indigenak antolatu eta legez kanpo egurra ustiatzen dutenak atzematen hasi zirenetik. Survival International GKE gobernuz kanpoko erakundeak adierazi du ez dagoela argi nork hil duen gaztea, baina nabarmendu du azken urteetan ugaritu egin direla egurra ustiatzen duten enpresek eta haientzat lan egiten dutenek egindako mehatxuak.

Arariboia eskualdean bizi dira guajajara indigenak, eta han hil dute Zezico Guajajara ere. «Oihana eta bertako bizidunak zaintzen ari gara, baina beste batzuk hil egiten gaituzte, botereak hala agintzen dielako», salatu du Olimpio Guajajara guardien buruak, eta indigenen aurkako arrazakeria sustatzea egotzi dio Jair Bolsonaro Brasilgo presidentearen exekutiboari. «Neroni izan naiteke hurrengoa. Jakin badakigu hemen zigorgabetasuna dela nagusi, baina justizia nahi dugu, eta, horretarako, nazioartearen babesa behar dugu».

Iazko azaroan hil zuten Paulo Paulino Guajajara; tiroz hura ere. Lekukoen arabera, sarekada batean harrapatu zituzten, eta lepoan tiro egin zioten Paulinori. Erasoaldian beste guardia indigena bat ere zauritu zuten. Aurrez, beste hiru guardia hil zituzten, eta haien senideek ere mehatxuak jaso dituzte.

Sarah Shenker GKEko arduraduna atsekabetuta agertu da Guajajararen hilketarekin. «Ez da lehen aldia halako eraso bat jasaten dutena. Zezico langilea zen, eta bizitza defendatzen zuen. Baina egurra ustiatzen duten gaizkile taldeek ez diote bizitza errespetatu». Hark ere Bolsonaro egin du egoeraren erantzule, izan ere, Amazoniako lurrak ustiatzearen aldekoa da estatuburua. «Egurra ustiatzen duten enpresak, nekazariak eta abeltzainak, guztiak sentitzen dira babestuta Jair Bolsonarok hauteskundeak irabazi zituenetik. Hark, berriz, adoretu egin ditu», salatu du Survivaleko kideak. Shenkerren esanetan, egurra ustiatzenaritzen diren enpresak dira «okerrenak», eta guardiak jazarri egiten zaizkie: «Guztiak desagerrarazi nahi dituzte, nahi adina egur atera ahal izateko».

Gerra irekia

Bolsonaroren eta indigenen arteko harremana txarra izan da hasieratik. Eskuineko estatuburuak haien eta Amazoniako lurrak baliatzeko onartutako politikengatik ez ezik, baita oinarrizko herrien aurka esandakoengatik ere. «Tamalgarria da Brasilgo zalditeria AEBetakoa bezain eraginkorra ez izatea, hala balitz, ez legokeelako indiorik», esan zuen estatuburuak hautatua izan eta gutxira.

Baina esanetatik ekintzetara ere igaro da eskuineko buruzagia, eta, kargua hartu eta gutxira, indigenen gaietarako departamentuari eskumenak kentzen hasi zen. Departamentu hura arduratu izan da urte luzez indigenenak diren lurrak erregistratzeaz arduratzeaz. Baina Bolsonaro agintera heldu eta gutxira, Nekazaritza Ministerioaren esku utzi zuen eginbehar hori, Amazoniako lurrak ustiatzeko bidea zabalduz. Horrez gain, departamentua bera desegiteko ahalegina ere egin du, haren ardurak berak sortutako Familia, Emakumea eta Giza Eskubideen Ministerioaren esku utziz.

Gutxi iraun zuten, ordea, Bolsonaroren neurriek, Kongresuak atzera bota baitzituen iazko ekainean. Hala ere, ez du atzera egin bere ahaleginean, eta esan du «zentzugabea» dela «kulturarik eta dirurik gabeko herri bat» lurren %13aren jabe izatea. «Ez dago mea motaren bat ez duen indigenen lurrik. Urrea, eztainua eta magnesioa dago lur haietan, batez ere Amazonian. Ez naiz lurrak indigenenak direla defendatzen dutenen gezurretan eroriko», esan zuen estatuburuak agintera heldu eta gutxira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.