Borrokak piztu dira Azerbaijan eta Armenia artean, Karabakh Garaian

Gutxienez 69 pertsona hil dira erasoaldietan, tartean zibilak. Bi herrialdeek eta eskualde autonomoak gerra legea ezarri dute, eta militarrak mobilizatu dituzte

Borrokak piztu dira Azerbaijan eta Armenia artean, Karabakh Garaian.
arantxa elizegi egilegor
2020ko irailaren 29a
00:00
Entzun

Igande goizaldean piztu ziren borrokak. Armeniako iturrien arabera, Azerbaijanek eraso egin zion Karabakh Garaiko kokaleku zibil bati, eta, hari erantzunez, Azerbaijango armadaren bi helikoptero eta hiru drone bota zituzten. Aldiz, Azerbaijango Defentsa Ministerioak dio «kontraeraso bat» hasi zutela «herritarrak Armeniaren erasoalditik babesteko», joan den uztailean Azerbaijango mugan izandako borrokei erreferentzia eginez. Gobernuak onartu du bere helikoptero bat bota dutela, baina nabarmendu du tripulazioa onik irten dela. «Hildakoak eta zaurituak egon dira militarren eta zibilen artean», adierazi du Defentsa ministroak. Orotara 69 dira hildakoak, Karabakh Garaiko agintarien arabera.

2016tik gertatu den erasoaldirik larriena izan da asteburukoa. Facebook sare sozialean argitaratutako ohar batean, Armeniako lehen ministro Nikol Paxinianek iragarri du gerra legea ezarri duela eskualdean, eta eskatu die herritarrei prest egon daitezela «aberri sakratua» defendatzeko: «Azerbaijango erregimen autoritarioak erasoaldiari ekin dio, gerra deklaratu dio Armeniako herriari». Gerra legea ezarri dute Karabakh Garaian ere, eta armak hartzera deitu dituzte herritarrak.

Bestalde, Azerbaijango presidente Ilham Aliyevek ohartarazi du telebista agerraldi batean «Azerbaijanen aurka indarkeria erabiltzen duen orori» erantzungo diotela. «Azerbaijango indarrek eta herritarrek galera handiak izan dituzte Armeniaren erasoaldiaren ondorioz». Hark ere gerra legea ezarri du herrialdean, eta mobilizatzera deitu ditu militarrak.

Karabakh Garaia, ofizialki Azerbaijanen menpekoa den arren, gehiengo armeniarra du, eta de facto independentea da, nahiz eta nazioarteko herrialde bakar batek ere onartu ez. Armeniaren laguntza du, ordea, nahiz eta Erevanek eskualdeari nazio izaera aitortu ez. Bi herrialdeen arteko gatazka 1918an piztu zen, Errusiarekiko independentzia lortu zutenean. 1920ko hamarraldiaren hasieran, Sobietar Batasunak bere agintea ezarri zuen Karabakh Garaian, eta eskualdea Azerbaijanen menpe geratu zen, nahiz eta erabakiak Moskutik hartzen ziren eta lurraldeak autonomia zuen. 1988an, baina, gobernu autonomoak erreferendum bat egin zuen eskualdea Armeniako Errepublikaren menpeko bilaka zedin, eta baiezkoak irabazi zuen. Azerbaijango Gobernuak eta Moskuk ez zuten onartu emaitza.

1991n, Sobietar Batasuna desegin zenean, armeniar separatistek hartu zuten eskualdearen kontrola, Armeniako Gobernuaren laguntzarekin. Lurralde autonomoaz gain, Azerbaijango zazpi barruti ere okupatu zituzten. Azerbaijanek aurre egin zien, eta 30.000 hildako eta milaka iheslari eragin zituzten borrokek. 1994an, su-etena hitzartu zuten bi aldeek, nazioartearen bitartekaritzarekin, eta Azerbaijanek tropak erretiratu zituen eskualdetik. Su-etenak, ordea, ez zuen egonkortasun erabatekorik ezarri, eta oraindik ere borrokak pizten dira hainbatean behin, asteburuan gertatu moduan.

Elkarrizketarako deia

NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, Antonio Guterresek, borrokak amaitzeko eskatu die bi aldeei, eta elkarrizketa mahaira itzultzeko. Bi herrialdeetako buruzagiekin hitz egitekoa zen atzo Guterres, su-eten bat lortzeko asmoz. Frantziako Gobernuak ere borrokak eteteko eskatu die bi aldeei, eta horiek hastearen erantzukizuna Azerbaijani egotzi dio; izan ere, armeniar komunitate handia du Frantziak.

Turkia, aldiz, Azerbaijanen aldera lerratu da, eta Karabakh Garaia «okupatzeari uzteko» eskatu dio Armeniako Gobernuari. «Armeniak hasi zuen okupazioa, eta hark amaitu behar du. Haren esku dago eskualdeko bakea», ohartarazi du Recep Tayyip Erdogan presidenteak. Defentsa ministro Hulusi Akarrek akusazio zehatzagoak egin ditu, eta «atzerritik heldutako terroristen berehalako kanporatzea» eskatu du.

Hain zuzen ere, Armeniak Errusian duen enbaxadoreak salatu zuen atzo Turkiako Siriatik bidalitakoak direla Ankarak salatutako mertzenario horietako asko. Haren arabera, Turkiak Siria iparraldean zituen 4.000 mertzenario inguru bidali ditu Karabakh Garaiko mugara. Azerbaijanek, ordea, ukatu du halakorik, eta «zentzugabekeriatzat» jo du salaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.