Nafarroatik alde egindako enpresek laguntzak itzuli beharko dituzte

Jarduera nabarmen murriztu dutenei ere eragingo die Nafarroako Parlamentuak onartutako legeak. EH Bilduk aurkeztu du lege proposamena, eta Iruñeko gobernuko hiru kideek babestu egin dute

Siemens Gamesako langileek abuztuan Iruñean eginiko protesta bat. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jokin sagarzazu
2020ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Enpresen deslokalizazioari ateak itxi nahi dizkio Nafarroak. Siemens Gamesak Agoitzen duen fabrikako lana Portugalgo eta Marokoko beste planta batzuetara eramateko erabakiak eta CAFek Castejonen duen Trenasako lantegikoa ere kanpora eramateko asmoak alarmak piztu ditu.COVID-19aren krisi ekonomikoak, gainera, halako erabaki gehiago hauspotu ditzake, eta horrek eraman du Nafarroako Parlamentua hori oztopatu ahal izateko lege bat onartzera: hemendik aurrera, instituzio publikoetatik jasotako diru laguntzak itzultzeko eskatu ahalko die gobernuak.

EH Bilduk sustatu du legea, eta atzo onartu zuen parlamentuak, PSNren, Geroa Bairen eta Podemosen aldeko botoekin eta zuzenketak sartuta. Navarra Sumak aurka bozkatu zuen, eta Ezkerra abstenitu egin zen. Araudi berriaren arabera, enpresa baten deslokalizazio deklarazioak berekin ekarriko du azken zortzi urteetan jasotako diru laguntzak itzuli behar izatea, % 20ko gainordainarekin. Ez dira kontuan hartuko ikerketa eta garapenerako (I+G) jarduerak sustatzeko diru laguntzak.

Gamesa eta CAF

Argi dago Agoizko eta Castejongo kasuak izan dituztela buruan legea egiterako orduan, baina deslokalizazioa aspaldiko errealitate bat da Nafarroan. Gamesak, esaterako, hamar urtean lurraldean zituen sei fabrikak itxi ditu. Enpresa horiek urteotan jaso dituzten diru laguntzen kopuruen inguruan ez dira ados jartzen gobernua eta sindikatuak. Manu Aierdi Ekonomia Garapenerako kontseilariak urri hasieran egindako agerraldi batean bi milioi euroko laguntza bat aipatu zuen, eta hori itzultzeko galdegin diola esan zuen. CAFen kasuan, hari emandako beste bi milioiko laguntza bat aipatu zuen Aierdik, baina I+G alorrekoa izaki, azpimarratu zuen zaila izango zela hori itzularaztea. Kasu hauetan, ezingo da araudi berria ezarri.

Dena den, deslokalizazioak ez dira erabat gauzatu oraindik. Azaro hasieran, Siemensek jakinarazi zuen gobernuarekin hizketan ari dela Agoizko planta berriz ireki eta hara lan batzuk eramateko —guztira 150 kaleratu dituzte eta 88 langile birkokatu—, eta CAFek, berriz, Trenasaren ixtea urtarrilera arte atzeratu du, kontratu berrien zain.

Lege berriaren arabera, enpresa bat deslokalizatu egin dela ulertuko da bi baldintza hauek batera gertatuz gero: enpresa batek Nafarroan duen jarduera bertan behera uzten edo nabarmen murrizten badu eta, aldi berean, hori gertatu aurreko nahiz ondorengo hiru urteetan jarduera hori herrialdetik kanpoko enpresa beraren edo beste batean egiten bada. Aldiz, deslokalizaziorik ez dagoela ulertuko da enpresa horrek lantegi bat itxi baina herrialdean jarduera berriak abian jartzen baditu, eta lantegi batean galdu diren adina lanpostu edo gehiago Nafarroako beste leku batean sortzen baditu.

Legearen arabera, jarduera nabarmen murrizteak esan nahi du langileen kopurua erdira baino gutxiagora jaistea, eta horrek, betiere, gutxienez 25 langileri eragitea. Aurreko bi urteetan izandako langileen batez bestekoa hartuko da kontuan horretarako.

LAB haserre azaldu da parlamentuak onartutako legearekin. Ontzat jo zuen EH Bilduren proposamena, eta gogorarazi du LABek zenbait ekarpen egin zizkiola, baina gobernuko hiru alderdiek «edukiz hustu» dutela salatu du sindikatuak, besteak beste, ez dituelako azpikontratutako langileak kontuan hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.