Libiako trantsizio gobernuari buruzko konfiantza mozioari ekin diote parlamentuan

«Aukera historiko hau» pasatzen ez uzteko eskatu du Dbeibah lehen ministro kargurako izendatuak. NBEren txosten batek dio botoak erosi zituela Tunisian

Abdul Hamid Mohammed Dbeibah jarduneko lehen ministroa, otsailean, 2011ko protestak gogoratzeko ekitaldi batean. STR.
Julen Aperribai.
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Konfiantza mozio baten menpe utzi zuten atzo Libiako gatazka militarrari eta krisi ekonomikoari aterabidea emateko sortutako trantsizio gobernua. Prozesu horren gidaritza eramango duen Presidentetza Kontseilua izendatu zuten duela hilabete, NBE Nazio Batuen Erakundearen babespean, eta legebiltzarraren onespenaren zain geratu da orduan babesik handiena jaso zuen zerrenda, Mohammed Yunes Menfi buru duena. Parlamentuak 21 eguneko epea izango du orain gobernuari baiezkoa eman ala ez erabakitzeko.

Trantsizio gobernuak hauteskundeak antolatzea izango du egiteko nagusia, eta jarria dute horretarako eguna: abenduaren 24an egin nahi dituzte. Horretarako, beharrezkoa da parlamentuaren onespena lortzea. Ganberaren gehiengoaren baiezkoa jasotzeak erraztu egingo lioke bozetarako bidea Presidentetza Kontseiluari. Aldiz, emaitza ezezkoa balitz, atzera egingo luke prozesuak, eta beste zerrenda bat aukeratu beharko lukete herrialdearen trantsizioa gidatzeko.

Bozak herrialdearen batasuna lortzeko tresna izatea nahi dute. Izan ere, herrialdea bitan zatituta dago 2014tik: mendebaldea GNA Batasun Nazionaleko Gobernuak kontrolatzen du Tripolin du egoitza, eta NBEk babesten du, eta ekialdea LNA Libiako Armada Nazionalaren menpe dago Khalifa Haftar militarra du buru. 2011n Muammar Gaddafi Libiako agintari ohiaren aurkako protestak izan ziren, Mendebaldeak hauspotuta, eta urte horretan hil zuen NATOk Gaddafi. Hilketa horren ondorio da egungo egoera. Indarkeria zurrunbilo batean erori zen herrialdea, eta talde armatuek agintea lortzeko borrokak aregotu zituzten. 2014an hauteskundeak egin zituzten, baina islamistek ez zuten onartu handik ateratako legebiltzarra. Parlamentua Tripolin ezarri zuten, Tobruk Haftarren kontrolpean zegoelako.

Zatiketa hori indarrean dago egun ere, eta bi aldeak gotortuta daude nor bere eremuan, nahiz eta sarritan egin izan dituzten herrialdea berenganatzeko saioak. Izan ere, jokaleku geopolitiko garrantzitsua da Libia, eta nazioarteko babesaren eremura ere eraman daiteke herrialdearen zatiketa. Errusiaren babes militarra du Haftarrek, eta baita Egiptoren eta Arabiar Emirerri Batuen laguntza ere. Turkia eta Mendebaldeko potentzia gehienak GNArekin lerratuta daude, ordea. Haftarrengandik oso urrun egotea ere ez zaie interesatzen askori, interes ekonomikoak direla eta. Izan ere, ekialdean petrolio putzu handien jabe da Haftar.

Bi aldeetako liderrek su etenerako akordio bat sinatu zuten joan den urrian, Suitzako Geneva hirian. NBEk akuilatu zituen elkarrizketa horiek. Erakunde horren babespean sortu zen trantsizio gobernua aukeratzeko osatutako Libiako Elkarrizketa Politikorako Foroa. Trantsizio gobernuaren aukeraketan ere islatu da bi aldeen arteko gatazka, ordea. NBEren babesa du Yunes Menfi buru duen zerrendak, eta hark irabazi zituen hauteskundeak, bigarren itzulian. Askoren iritziz, faborito zenari gailendu zitzaion: Aqila Saleh-k gidatutako kontseiluari. Tobrukeko parlamentuko burua da Saleh, eta, beraz, etsaituta dago GNArekin. Presidentetza Kontseiluko hiru kideak eta Libiako lehen ministroa izendatu zituzten aukeraketa hartan: Yunes Menfi da kontseiluko presidentea, eta Mossa al-Koni eta Abdullah Hussein al-Lafi, presidenteordeak; lehen ministro kargurako, berriz, Abdul Hamid Mohamed Dbeibah aukeratu zuten.

Ustelkeriaren mamua

Trantsizio gobernuaren inguruko bozketa lokaztuta iritsi da parlamentura. Izan ere, NBEren aditu talde baten txosten bat filtratu zen joan den astean, eta bertan ustelkeria egozten zitzaion Dbeibah lehen ministro kargurako izendatutakoari. Zehazki, txostenean zioten Tunisian egindako zenbait bileratan botoak erosi zituela. Hori dela eta, 42 diputatuk parlamentuko bozketa astebetez atzeratzeko eskatzen duen adierazpen bat izenpetu zuten herenegun, hurrengo astelehenean egingo baita publiko txostena. «Ustezko eroskeriei buruz zer dioen ikusi behar genuke, garrantzitsua baita kargu horiek publikoki ukatzea prozesu politikoaren gardentasuna mantentzeko eta bertako eta nazioarteko estortsio aukera oro saihesteko».

Ez da halakorik gertatu, ordea, eta bozketaren emaitza gaur jakitea espero da. Konfiantza mozioa «gehiago ez atzeratzeko» eskatu zuen atzo Dbeibah-k berak, ohar batean, argudiatuta bestelako erabaki batek hauteskunde prozesua oztopatuko lukeela, eta dei egin zuen «luze gabeko interesetan eta anbizio pertsonaletan» ezgeratzeko. «Gobernuak bere funtzioak har ditzan baimendu behar da, bere premiazko eginbeharra egiten hasteko», gaineratu zuen.

Bakea ezartzea eta herrialdeko erakundeak bateratzea da Presidentetza Kontseiluak bere buruari jarritako helburu behinena. Herrialdearen krisi sozialari eta ekonomikoari ere erantzun beharko dio, aldi berean. Gas eta petrolio ekoizle handia da Libia, baina aberastasun hori ez da ikusten herritarrei emandako baliabideetan. Zerbitzu publikoak hobetzea eta ustelkeria amaitzea eskari handiak dira herrialdean, ekialdean nahiz mendebaldean. Horren erakusle, protestak izan ziren iazko udan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.