Gerra Ukrainan

Errusiak su etena iragarri du Mariupoldik zibilak ebakuatzeko

Ukrainak ohartarazi du alde bakarrez irekitako korridore batek ez duela segurtasuna bermatzen. NBEko idazkari nagusia Putinekin batzartzekoa da gaur, Moskun, eta Zelenskirekin, etzi, Kieven

Azovstal altzairutegia Mariupolgo hego-ekialdean dago, itsasertzean, Donetsk eskualdean. EFE.
Mikel O. Iribar.
2022ko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Errusiak alde bakarreko menia iragarri du setiatua duen Mariupol hiriko (Donetsk eskualdean) Azovstal altzairutegian gotortuta dauden mila bat zibil ebakuatzeko —Ukrainako Gobernuak emandako datua da—. Errusiako Defentsa Nazionaleko koronel buru Mikhail Mizintsevek komunikatu baten bidez jakinarazi zuen atzo, eta, haren esanetan, Errusiako tropak eta Donetskeko Herri Errepublikako unitateak «zentzuzko distantzia batera erretiratuko» dira, eta bide emango dute zibilak ebakuatzeko, «soldaduek aukeratutako norabide batean». Atzo ziren hastekoak.

Lehen aldia izango da Errusiak korridore humanitario bat irekiko duela Mariupolgo altzairutegian, trukean azpiegitura horren barruan dauden Ukrainako 2.000 bat soldaduak errenditzeko eskatu gabe. Ebakuazio plana gauzatzeko menia hiriko bozgorailuetatik iragarriko dute ordu erdiro, altzairutegiaren barruan dauden herritarrek entzun dezaten.

Errusiak oharra kaleratu eta gutxira, ordea, Ukrainako Gobernuak ziurtatu zuen ez zuela akordiorik adostu Moskurekin zibilak ateratzeko, eta, lehen ministrorde Irina Verextxukek ohartarazi zuenez, Errusiak alde bakarrez iragarritako korridore batek «ez du segurtasunik ematen». Hala, Verextxukek NBE Nazio Batuen Erakundeari eskatu zion segurtasuna berma dezala Mariupolgo altzairutegitik zibilak ateratzeko.

Bada, NBEren idazkari nagusi Antonio Guterres Errusiako presidente Vladimir Putinekin elkartzekoa da gaur, aurrez aurre, Moskun, eta Ukrainako presidente Volodimir Zelenskirekin ostegunean, Kieven. Guterresek Pazko ortodoxorako proposatutako su eten orokorrak arrakastarik izan ez zuenez, gaurko eta etziko bilerak baliatu nahi ditu menia adosteko.

Bien bitartean, Kremlinek AEB Ameriketako Estatu Batuei eskatu die Ukrainari arma gehiago ez emateko, Anatoli Antonov Errusiak Washingtonen duen enbaxadoreak atzo jakinarazi zuenez. Haren hitzetan, AEBek Kievi armak bidaltzea laguntza «onartezina» da Errusiarentzat, eta konponbide diplomatikoa aurkitzeko aukera oztopatzen du.

Zelenskik, berriz, eskertu egin die AEBei laguntza ematen duten estatuen artean «liderrak» izateagatik. Halaber, nabarmendu du Ukraina «bat eginda eta sendo» dagoela, eta Kieven eta Washingtonen arteko harremana «inoiz baino estuagoa» dela. Hain zuzen ere, adierazpen horiek egin aurretikbatzartu ziren Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria eta Ukrainako presidentea, Kieven, eta Blinkenek ziurtatu zuen datorren astean diplomazialari estatubatuarrak Ukrainako hiriburura itzuliko direla. Horrez gain, esan zuen Ukraina gerra «irabazten» ari dela, eta Errusia, «galtzen». Putinentzat, ostera, Mendebaldea da «galtzailea», ez dutelako lortu errusiarrak zatitzerik.

Zortzi pertsona hil dituzte

Errusia Ukraina hego-ekialdea gogor bonbardatzen ari da azken egunotan, Donbass eskualdea «askatzeko» xedez. Ostera, eskualde horretatik kanpo ere oldarraldi gogorrak egin ditu; Ukrainako agintariek atzo salatu zuten Errusiako tropek Vinnitsia eta Koziatin hirietako (biak erdialdean) bost tren geltokiri eraso egin zietela, eta bost pertsona hil eta hemezortzi zauritu zituztela. Kharkiven egindako erasoen ondorioz ere beste hiru pertsona hil ziren. Errusian, berriz, sute bat izan zen atzo erregai biltegi batean, Ukrainako mugatik 150 kilometrora. Kremlin gertakaria ikertzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.