Frantziako Tourra

Distira egin du Hautacamen

Jonas Vingegaard liderrak irabazi du Frantziako Tourreko hemezortzigarren etapa. Hegan egin du azkeneko mendatean, eta atzean utzi du Tadej Pogacar. Orain, 3.26rena da bien arteko aldea

Distira egin du Hautacamen.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Erakustaldia eman zuen atzo Jonas Vingegaardek (Jumbo-Visma) Frantziako Tourra biribiltzeko. Granonen maillot horia lehenengoz jantzi zuen modu berean atera zion distira, Hautacamen. Tadej Pogacarrekin (UAE) duen aldea handitzeaz gain, nagusitasuna erakutsi du danimarkarrak azken astean, eta ez da aldendu esloveniarraren gurpiletik.

Txirrindularitza omendu dute Vingegaardek eta Pogacarrek. Aspaldiko txirrindularitza erasokorra erakusteaz gain, elkarren arteko harremana bikaina izan da une oro. Egunero besarkatu dute elkar helmuga gurutzatu eta gero, eta, atzo ere, eredu izan ziren. Aldapan behera erasoa jotzen ari zela irristatu, eta erori egin zen Pogacar. Vingegaarden erantzuna bikaina izan zen. Aurrera abiatu ordez, atzera begiratu, eta itxaron egin zion esloveniarrari. Eskua eman zioten elkarri, eta onenen arteko lehiak nolakoa behar duen erakutsi zuten.

Lasterketa eroa eta bizia izan zen hasiera-hasieratik. Hainbat txirrindulari saiatu ziren eguneko ihesaldian sartzen, baina tropela zorrotz aritu zen, aldea handitzen utzi gabe. Aubisquera (16,4 kilometro eta %7,1eko pendiza) iritsi aurretik, 30 bat txirrindulari zituen taldetxoak multzo nagusiari aurre hartzea lortu zuen. Tropelak bide eman zion azkenerako mugimendu horri, eta hiru minutu baino gehiagoren aldearekin iritsi ziren Aubisque gainera.

Jaitsiera sigi-sagatsua egin zuten ondoren ziklistek, Spandelleseko (10,3 km, %8,3) aurreneko aldapetara iritsi aurretik. Mendate hori aurrenekoz igo zuten atzo Frantziako Tourrean, eta txirrindulariek erakustaldia eman zuten hango zoru lakarrean. Aurrealdean, hiru txirrindulari bakarrik gelditu ziren: Wout van Aert (Jumbo-Visma), Daniel Felipe Martinez (Ineos) eta Thibaut Pinot (FDJ). Tropelean, berriz, azpi-azpitik Brandon Mcnultyk (UAE) ezarri zuen erritmoa, Pogacarren mesedetan.

Pogacarrek berehala jo zuen erasoa, helmugarako 39 kilometro gelditzen zirenean, eta, orain arte bezala, Vingegaard haren gurpilean joan zen. Sepp Kuss liderraren taldekidea bikotearen ondora iritsi zen, eta Pogacarrek hanka altxatu zuen. Hala ere, beste hamaika aldiz saiatu zen mendate berean esloveniarra, baina ez zuen liderra gurpiletik atera ere egin. Sendotasuna erakutsi zuen une oro maillot horiak, eta eserlekutik altxatu gabe erantzun zien Pogacarren eraso bortitzei. Aurreko hirukotea, berriz, Spandelleseko tontorrera iritsi zen, eta bi oilarrak minutu eta erdira heldu ziren.

Pogacar aldapan behera ere saiatu zen, eta jarrera bikaina erakutsi zuen esloveniarrak. Vingegaard ia erori egin zen arren, eutsi egin zion, eta Pogacar bera izan zen aurrerago erori zena. Kuss eta Tiesj Benoot —liderraren taldekideak— eta Geraint Thomas (Ineos) batu zitzaizkien mendatea hasi aurretik, eta elkarrekin egin zuten Hautacamerako bidea.

Aurrean, Pinot izan zen Hautacam handian (13,6 km, %7,8) gora lehen mugimendua egin zuen txirrindularia, baina beste biek ondo erantzun zioten. Van Aertek jo zuen gero, aldapa hain pikoa ez zenean, eta Pinot atzean gelditu zen. Flandriarra eta kolonbiarra bakarrik geratu ziren aurrean zortzi kilometro gelditzen zirenean, baina oilarrak gain-gainean zeuzkaten ordurako, hegan egiteko zain. Kussek ezarri zuen erritmoa, eta haren gurpilean aritu ziren sailkapeneko lehenengo biak.

Helmugarako bost kilometro falta zirenean, hirukoteak lasterketa burua harrapatu zuen, eta bi oilarrak eta Van Aert gelditu ziren aurrean. Flandriarrak erritmo zitala ezarri zuen, eta Pogacar bera ere leherrarazi zuen. Maillot horia bakarrik gelditu zen orduan, eta bere aurtengo Tourra biribildu zuen, nagusitu egin baitzen mendiko azkeneko etapan. Bakarrik iritsi zen helmugara, eta bigarren etapa garaipena lortu zuen. Pogacarrek minutu bat pasatxo galdu zuen helmugan, eta, bihar azken erlojupekoa jokatu aurretik, Vingegaard liderrak ia erabakita utzi zuen Tourra. 3.26rena da bien arteko aldea orain.

Euskal herritar bat gutxiago

Imanol Erbiti (Movistar) ez da izango Parisko helmugan.COVID-19an positibo eman, eta etxera joan zen nafarra. Hamalaugarrenez ari zen Tourrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.