Aldarrikatzeko eta gozatzeko

Euskal selekzioak Txileren aurka jokatuko du, abenduaren 20an, Mendizorrotzan. Juanjo Arregi izango da selekzioaren hautatzaile berria, eta ondoan izango ditu Ainhoa Tirapu eta Sandra Ramajo

Euskal selekzioko jokalariak, 2017an, Txekiako Errepublikari sartutako gola ospatzen. Ipuruan jokatu zen neurketa hura. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Euskal selekzioak izango du partida Gabonetan. Txileren aurka jokatuko du, Mendizorrotzan. Eguberrien atarian jokatuko dute neurketa, abenduaren 20an, 19:00etan. Aulkian aldaketa izango da. Izan ere, orain arteko hautatzaile Iñigo Juaristiren ordez, Juanjo Arregi arituko da taldea zuzentzen. Juaristik Alaveseko entrenatzaile kargua hartu zuen duela aste batzuk, eta horregatik egin dute aldaketa. «Ilusio handia dugu partida honekin, eta euskal gizarteak ere hala izatea espero dugu. Gozatzeko partida izango da, baita aldarrikatzekoa ere. Ofizialtasuna lortzeko, arlo askotan egin behar dugu lan, eta horietako bat da halako partidak jokatzea», adierazi zuen atzo partidaren aurkezpenean Javier Landetak, Euskadiko Futbol Federazioko presidenteak. Hau ere erantsi zuen: «Beti esan izan dugu hiru baldintza bete behar direla euskal selekzioaren partida bat antolatzeko: zelai on batean jokatzea, selekzio on baten aurka aritzea eta jokalari multzo onena bildu ahal izatea. Hirurak betetzen dira kasu honetan».

Selekzioak iazko apirilean jokatu zuen azken neurketa. Basque Country International Football Cup hiruko txapelketan izan zen. Zubietan jokatu zen txapelketa, eta, euskal selekzioarekin batera, Argentinak eta Venezuelak hartu zuten parte. Euskal selekzioarentzat izan zen txapela. Venezuelaren aurka 0-0 berdindu ostean, Argentinari 1-0 irabazi zion, eta garaipen hori erabakigarria izan zen. Yulema Corres Athleticeko jokalariak sartu zuen gola. Pandemiaren murrizketak tarteko, zalerik gabe jokatu zen txapelketa.

Harmailan zaleak zirela jokatutako azken neurketa orain bost urte izan zen, 2017ko azaroaren 25ean. Txekiako Errepublika izan zuen kontrario, eta selekzioak 2-1 irabazi zuen. Golegileak Erika Vazquez eta Nahikari Garcia izan ziren. Emakumezkoen euskal selekzioak jokatuko duen 12. partida izango da. Lehena 2006an izan zen, Irungo Gal estadioan, eta 2-4 galdu zuen Argentinaren kontra.

Oraingo honetan, Txileren aurka neurtuko ditu indarrak. Gora ari den selekzio bat da. 38. lekuan dago FIFAren zerrendan. Orain arte jokatutako Amerika kopa guztietan egon da, eta bi aldiz izan da txapeldunorde: 1991n eta 2018an. Aurten jokatutakoan, bosgarren postuan amaitu zuen. 2018an bigarren geratu izanak aukera eman zion 2019ko Munduko Kopan parte hartzeko. Estreinakoa izan zuen txapelketan. Ez zuen zorterik izan, multzoen fasean oso aurkari gogorrak izan baitzituen: AEBak, Suedia eta Thailandia. Dena den, lan ona egin zuen. Suediaren kontra 2-0 galdu zuten, eta AEBen kontra 3-0. Thailandiaren aurka, berriz, 2-0 gailendu zen. Baina ez zen nahikoa izan. Multzoko hirugarren geratu zen, eta kanporatua izan zen. Iazko Tokioko Olinpiar Jokoetan ere parte hartu zuen. Orduko hartan ere, multzoen fasean kanporatu zuten. Jokatutako hiru partidak galdu zituen: Ingalaterraren kontra 2-0, Kanadaren kontra 2-1, eta Japoniaren kontra 1-0.

Christiane Endler atezaina da haien jokalari ezagunena. PSGn aritu ostean, Lyonen ari da orain. Bigarren sasoia du han, eta Txapeldunen Liga eta Frantziako Liga irabazi ditu jada.

Euskal selekzioaren hautatzaileari dagokionez, Arregik Urnietan eta Añorgan eman zituen urte gehien. Euskal selekzioko hautatzaile ere izan zen 2015 eta 2017 artean. Lan onak saria izan zuen. Izan ere, 2017an Realak fitxatu zuen, baina, emaitza txarrak tarteko, zazpi partida baino ez zuen iraun txuri-urdinen aulkian.

Haren alboan, selekzioan jokatu eta Realean eta Athleticen ibilbide luzea osatu duten bi jokalari egongo dira: Sandra Ramajo eta Ainhoa Tirapu, hurrenez hurren. «Bi jokalari erreferente dira. Partidak oihartzun handiagoa izateko balio izatea ere espero dugu».

Arregik datozen egunetan emango du deialdia. Baina ziurra da Irene Paredes (Bartzelona) Maite Oroz, Nahikari Garcia (Real Madril) eta Damaris Egurrola (Lyon) ez direla bertan izango. Izan ere, aste horretan Txapeldunen Ligako partidak dituzte euren taldeekin. «Dena den, jokalari oso onak ditugu. Sasoi onenean daudenak ekartzen saiatuko gara; talde lehiakorra osatzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.