Arrauna. Kontxako Bandera

Aulki jokoan bezalaxe

Emakumezkoen hamasei ontzi eta gizonezkoen 24 ariko dira gaur Kontxako Banderako sailkatze estropadan. Hamalau toki daude jokoan. Ezusterik ez da espero, nahiz eta toki batzuk dantzan izan

XMecos, atzo arratsaldean, Donostiako arranplan, sailkatze estropada prestatzeko entrenamendua hasi aurretik. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2018ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Iritsi da urduritasuna dantzan jartzen duen urteko estropada: Kontxako Banderako sailkatzearena. Gaur, 17:30ean hasita, emakumeen hamasei taldek ekingo diote lanari, eta, ondoren, 18:00etan, gizonezkoen beharra hasiko da, 24 trainerurekin. Bietan, erlojuaren aurka ariko dira, eta bietan, bina multzotan banatu dituzte denak; gaur eguerdiko zozketan zehaztuko da zein multzo aterako den lehendabizi, eta multzo bakoitzean zein izango den irteerako hurrenkera. Ohi den bezala, zazpina leku daude betetzeko zain, Donostiarrari eman dizkiolako aurten ere maila bakoitzeko bi lekuak antolatzaileak, Donostiako Udalak.

Aulki jokoaren traza izaten du gaurko estropadak: aulkiak baino parte hartzaile gehiago. Bueltaka ibili beharrean, joan eta etorri egin behar Kontxako badiatik abiatuta. Emakumeek Santa Klara uhartearen azkenera izango dute ziaboga, eta gizonezkoek itsasoan asko barneratu beharko dute gaurko baliza bakarraren bila joateko. Gizonezkoen kasuan, ibilbideak ere ematen die berezitasuna gaurko eta datozen bi igandetako estropadei, bi luzetara jokatuko dituztelako; beste estropadetan laura aritzen dira.

Aulki jokoa abian jartzerako, ia kontu ziurra izango da zein taldek lortuko duten eserlekua urteko estropada preziatuenean lehiatzeko. Gizonezkoetan, barruan behar lukete ondorengo talde hauek: Urdaibai, Hondarribia, Zierbena eta Orio. Santurtzi eta Cabo ere hautagai sendo baino zerbait gehiago dira sailkatzeko, eta, ia urtero gertatzen den bezala, zazpigarren lekua dago dantzan. Santurtziarrek sailkatzea lortuko balute, lehen aldia litzateke 1995etik. Caboren kasuan, iazko arantza aterako luke, bi segundo eskasegatik geratu baitzen kanpoan. Duela lau urte aritu zen azkenekoz.

Zazpigarren lekua zeinek beteko, hor dago zalantza. Aulki bakarra da, eta eseri nahi duten asko dabiltza bueltaka. Hautagai handiena Ondarroa da, udako emaitzak kontuan hartzen badira, eta berea egiten badu, barruan beharko luke. Lortuko balu, 22 urteko lehortea bustiko luke, 1996an aritu zelako azkenekoz. Izango ditu, baina, kontrario handiak, eta bi nabarmendu behar dira: San Pedro eta Kaiku. Pasaitarrak iaz ere zortzigarren izan ziren, eta segundo bategatik geratu kanpoan. 2015ean sailkatu ziren azkenekoz. Kaikurekin ere erne, gai delako estropada oso ona egin eta barruan sartzeko. Arraunlari esperientziadunak dauzka, estropada hau lehia betean jokatzea zer den dakitenak, eta, entrenatzailea Jose Luis Korta izanik, ez dira oso aparte utzi behar aurreikuspenetan.

San Juan eta Tiran sailkatzea ezustea litzateke, eta ikusi egin beharko da noraino heltzen diren Eusko Label ligako taldetatik kanpo ibili direnak aurten. KAE 1eko lehen biak, Astillero eta Isuntza, estropada ona egiteko gai dira, baina nola ez dagoen erreferentzia asko besteekin alderatzeko, ezin da jakin balizko lan on hori eginda non amaituko duten. Badaezpada ere, kontuan hartu ondorengo datu hau: iaz, Isuntza, KAE 1 ligako hirugarren lekutik, 9,96 segundora geratu zen sailkatzetik, hamargarren. Galiziako ligako lehen biek, Meirak eta Aresek, gaur erakutsiko dute nolako maila duten, eta, ona izan badaiteke ere, ez du ematen sailkatzeko hautagaien artean egongo direnik. Baina, iaz, Meira, 11,40 segundora geratu zen kanpoan.

Emakumeen kasuan, barruan behar lukete San Juanek, Oriok, Arraunek eta Hondarribiak, aurtengo Euskotren ligako laukoteak, eta beste hiru lekuetarako hautagai ugari daude: Hibaika, Deustu, Tolosaldea, Kaiku eta Riveira, Galiziako ligako txapelduna. Ikusi egin behar, hala ere, nolako maila duten galiziarrek.

Eguraldia eta itsasoa

Eguraldi eta itsaso iragarpenean, metro pasatxoko olatuak daude iragarrita, hamabi segundoren aldiarekin, eta iluntzea gerturatu ahala hazi egingo omen dira, metro eta erdira gerturatu arte. Haizea hamarrekoa dago iragarrita, eta iparretik sartuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.