Errusiak erran du ez dela erasoaldirik eginen Siriako Idlib probintzia hartzeko

Putinek eta Erdoganek hitzartu dute «gune desmilitarizatu bat» sortzea. Moskuk eta Ankarak elkarrekin joko dute «muturreko taldeen aurka»

Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea eta Vladimir Putin Errusiakoa, atzo, Itsaso Beltzeko kostako Sotxi hirian. ALEXANDER ZEMLIANICHENKO / EFE.
mikel rodriguez
2018ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Siriako gerrako mugimendu eta akordio nagusiak Siriatik kanpo eztabaidatu eta diseinatu izan dira urteotan. Herrialdearen patua erabakitzerakoan garrantzi handiagoa izan du Moskun, Ankaran, Washingtonen, Astanan eta Genevan eztabaidatu denak, Damaskon egin denak baino gehiago. Hala izan da bertze behin, gerraren bukaera erabaki dezakeen auzi batean. Siriako aldeak babesten dituzten herrialdeek uda osoa igaro dute eztabaidatzen ipar-mendebaldeko Idlib probintziari buruz. Matxino islamistek ia osoki kontrolpean duten azken probintzia da joan den uztaila bukaeratik, eta Siriako Gobernuak iragarria zuen denbora kontua zela erasoaldi bat egitea Idlib berreskuratzeko. Haren aliatu Errusia ere helburu horretara jarria zen, baina atzo adierazi zuen ez dela halako erasoaldirik izanen.

Vladimir Putin Errusiako presidenteak eta Recep Tayyip Erdogan Turkiakoak hori hitzartu zuten atzo Sotxin (Errusia). Hilabete hasierako hartu-emanen ondoren, joan den asteburuan jakinarazi zuten elkartzekoak zirela Siriako gerraz eztabaidatzeko. Akordio konkretu bat izan da bilera horren emaitza. «Erabaki dugu urriaren 15a baino lehen oposizio armatuaren eta gobernuaren tropen arteko lerroan gune desmilitarizatu bat sortzea, hamabortz eta hogei kilometro artekoa», adierazi zuen Putinek bileraren ondoren, prentsaurreko batean.

Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak zehaztu zuen akordio horren ondorioz Siriako armadak ez duela erasoaldirik hasiko probintzia osoa kontrolpean hartzeko. «Turkiako presidenteak proposatuta, urriaren 10erako gune horretatik oposizioko taldeen arma astunak, tankeak, eta artilleria sistemak erretiratuko dira». Eremu desmilitarizatua Errusiako eta Turkiako polizia militarrek zainduko dute elkarrekin, eta, Putinen arabera, Ankarak konpromisoa hartu du «muturreko borrokalariak» erretiratzeko, «Al-Nusra Frontekoak barne».

Al-Qaedak Sirian sortu zuen adarra zen Al-Nusra Frontea. Taldeak duela bi urte Al-Qaedarekin harremana hautsi zuela jakinarazi zuen, eta izena aldatu zuen. Idliben Hayat Tahrir al-Xam izeneko aliantzaren parte da, eta Siriako Gobernuak eta Errusiak helburu nagusitzat dute. «Talde terrorista» izendapena ematerakoan Errusia eta AEBak ados paratzen dituen gutxienetako bat da, EI Estatu Islamikoarekin batera. «Errusiarekin batera ahalegin guztiak eginen ditugu muturreko talde guztiak suntsitzeko lurralde horretan», adierazi zuen atzo Erdoganek.

Gerra hasi zenean Idlib izan zen gobernuak galdu zuen lehenbiziko probintzia, eta, gaur, egun muturreko hainbat talde islamista sunitak kontrolatzen dute ia dena. Armadak bertze probintzien kontrola berreskuratu ahala, hazi egin da Idlibeko populazioa, gobernuaren agintepera itzuli nahi ez zuten herritarrak han errefuxiatu baitira, edo harat desplazatu baitituzte. 2,5 milioi pertsona daude han, lehen halako bi —herrialdeko biztanleriaren %14—. AEBak eta horien aliatuak erasoaldi bat egitearen aurka agertu dira, arrazoi humanitarioak argudiatuta. Turkiak ere heldu dio argudio horri, baina Erdogan atzo argiago mintzatu zen. «Han daukagun presentzia militarra azkartu dugu. Ezin dugu onartu han ahuleziaren bat sortzea, azkartzen jarraituko dugu», adierazi zion Hurriyet egunkariari Putinekin elkartu aitzinetik.

Damaskori jakinarazi gabe

Izan ere, Turkiak soldaduak dauzka Idliben, eta modu irekian lagundu ditu talde matxino batzuk. Gainera, Idliben iparraldean dago Afrin, Siriako kurduen barruti autonomoa zena, eta urte hasieratik Turkiak inbadituta daukana. Kurduen miliziek Idlibeko erasoaldian Siriako armadarekin batera parte hartuko ote zuten espekulatu da azken hilabete honetan, baina SDF Siriako Indar Demokratikoak —kurduen miliziak parte dituen koalizioak— behin baino gehiagotan ukatu du hori.

Siriako Gobernuak, berriz, behin eta berriz adierazi du Idlib berreskuratzeko asmoa. Putinek eta Xoiguk atzo errandakoaren arabera, Damaskok ez du zerikusirik izan Moskuren eta Ankararen arteko akordioan. «Orokorrean Siriako agintariek babesten duten jarrera bat da», erran zuen Putinek. «Agudo elkartuko gara Siriako agintariekin».

Uztailaren bukaeran Damaskok hego-mendebaldearen kontrola bermatu ondoren, Idlibera bideratu zuen arreta. Haren bi aliatuek —Errusiak eta Iranek— eta matxino islamisten babesle nagusiak —Turkiak— goi mailako zenbait bilera egin dituzte akordioren bat erdiesteko. Hilaren 7an su-eten bat proposatu zuen Ankarak, baina Moskuk eta Teheranek ezetz erantzun zioten, eta aire erasoaldi gogorrak hasi zituzten Idliben.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.