Lanaldiaren nahitaezko erregistroa indarrean sartuko da bihar

Hego Euskal Herriko enpresek beharginen lanaldien hasiera eta bukaera orduak jaso beharko dituzte, Lan Ikuskaritzak eskura izateko. Sindikatuek diote legeari izkin egiteko bideak utzi dituztela

Behargin bat lanean, Aernnovak Gasteizen duen mekanizazio zentro berrian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
2019ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Lanaldiaren nahitaezko erregistroak ez du galaraziko erabat lan merkatuan ohikoa bihurtu den aparteko orduen gehiegikeria; argi esan dute sindikatuek, eta, ñabardura batzuekin, Lan Ikuskaritzak berak; baina eraginkorra izango ote den alde batera utzita, enpresek zorrotz bete beharko dute erregistroaren lege berriak dioena, igande honetan bertan hasita: behargin guztien lanaldien hasiera eta bukaera orduak jasotzea.

Espainiako Gobernuak martxoaren hondarrean onartu zuen dekretua, eta Kongresuko Diputazio Iraunkorraren tramitea gainditu ondoren, heldu da hura aplikatzeko eguna. Lanaldien erregistroaren datuak eskuragarri egongo dira lau urteko epe batez Lan Ikuskaritzarentzat eta langileentzat eurentzat (eta haien ordezkarientzat, sindikatuentzat), lan kontratuek jasotakoarekin bat datozen ala ez aztertzeko.

Erregistro horiek egoera errealak islatuko dituzte, ala ez, ordea. Zergatik? Espainiako Gobernuaren legeak ez duelako derrigortu erregistro sistema zurrun bat; negoziazio kolektiboaren esparruan enpresak eta sindikatuek adosten dutenari eman dio lehentasuna. Adostu daiteke, esaterako, lanaldien erregistroa fitxatzeko sistema fisiko baten bidez egingo dela, edota beste sistema baten bidez, adibidez, langileek orri batean sinaturik maiztasun jakin batekin. Gakoa da akordiorik ez badago, enpresarien esku utzi duela erabakitzeko gaitasuna PSOEren dekretuak. Eta enpresak, noski, gehien komeni zaiona ezarriko du, izan ala ez komenigarria beharginen interesentzat, haien aparteko orduak direla eta.

Alegia, erregistro horren derrigortasunari izkin egiteko aukera handiak egon daitezkeela. Ostalaritzako zerbitzari batek onartu badu lau orduko kontratuarekin sei inguruan aritzea, nekez pentsa daiteke halako egoera onartzera eraman duen beldurra gaindituko duela, orri batean bere sinadura jartzea eskatzen diotenean. Orri horretan, jakina, azalduko da kontratuarekin bat datorren lanaldia, egia izan ala ez. Hori dela eta, tramite huts bihur daiteke erregistroa.

Zigorra ala orduak pagatu

Lege berriak zigor ekonomikoak jasotzen ditu lanaldiaren erregistroa egiten ez duten enpresentzat, lege hauste larritzat jotzen delako. Baina isunaren kopuruak malguak dira, 626 eurotik 6.250 eurora artekoak, eta sindikatuek aurreikusi dute hainbat enpresak nahiago izango dutela isunak ordaindu, merkeagoa aterako zaielako.

«Ordu estrak ez ordaintzea erabat zabaldurik dago, eta langile gehienek beldur diote hori salatzeari», dio ELAko negoziazio kolektiboko arduradun Pello Igeregik. «Langile asko daude beren lanordu mordo bat doan ematen dituztenak, eta egoera hori ez da aldatuko lege berri honengatik».Igeregiren arabera, eremu batzuetan oso orokorra da «lanaldi partzialeko kontratuak egin, eta gero ordu gehiago egin beharra». Krisiaz geroztik, izugarri handitu dira lanaldi partzialeko enpleguak, «eta ez da kasualitatea».

LAB ere gogorra da bihar indarrean sartuko den legearekin. «Ez dute arautu nola egin; ez dute esan digitalki egin behar dela, adibidez, eta nahi duenak iruzurrean jarraitzeko formulak izango ditu», dio LABeko Ekintza Sindikaleko idazkari Xabier Ugartemendiak. Sindikatuko kideak uste du «langileek ordutegiak paper batean sinatzearekin» nahiko izango dutela enpresek legea betetzeko, eta ohartarazi du «ostalaritzan, adibidez», arrisku handia dagoela horrela egiteko.

Denborak esango du sistema hori gehiegikeriei muga jartzeko balio duen ala ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.